begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Krispetarik gabe, zinemarik ez

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez da nolanahikoa, markaz kanpokoa baizik, gaur aurkitzen garen bidegurutzea. Atzo arratsean bere akaberara iritsi zen Bilboko FANT zinemaldia. Bertan suertatu diren pasadizoak bitxiak izan dira, zinez. Mundua hankaz gora jarri zuen Bong Joon-horen Gisaengchung (Parasites) filma zuri-beltzeko bertsio bitxian ikusi genuen. Bertan, Narciso Ibañez Serradorren semea eta Narciso Ibañez Mentaren biloba den Alejandro Ibañezen Urubú dastatu genuen, aitaren ¿Quién puede matar a un niño?-ri bihotz-bihotzez eginiko omenaldia, John Boormanen The Emerald Forest-en nahita edo nahigabe galtzen den lan kasik duina eta porrokatua.

FANT-en irabazle suertatu zen La última navidad del Universo, gaurtik 42 egunera etorriko denaren, zaigunaren aurrerapen gore-gore-gore-a egiten digun film laburra, Mad Maxen erara kontatua...

Akaberara iritsi zen atzo FANT, eta gaur, ostirala eta hamahiru honetan, bere ibilbideari ekingo dio 62 urte bete berri dituen ZINEBIk, dokumentala maite-maite biltzen duen festarik gabeko zinema festak.

Ez, ez da hala moduzkoa gauden bidegurutzea. Iragan ostiralean bukatu zen Donostiako Beldurrezkoa, zeluloidezko akelarrea.

Hildakoak zein deabruak biltzen diren (eta dituen) bidegurutze gurean denok dantzan gaudela ematen du.

Baina ez gaitezen bidegurutze guztiek sorrarazten duten ispilatze gozoan erori. Ez gaitezen trampantojo, begi-iruzur, amarruan ezkuta. Lepo izan dira aretoak, bai. Inoiz baino mukuruago... baina inoiz baino besaulki gehiago ziren okupatu gabe, edukieraren inguruko arauak bete ahal izateko.

Egia da, badirudi zinemak irmo dirauela. Eta hala da, ez izan dudarik. Tabernak itxi ziren joan den larunbatean, eta jendeak, nora joan ez zekiela, aretoak hartu zituen aterpe, gordeleku, ia bizileku. Kanpoan bero egiten bazuen ere, terrazarik pe, noraezean zebiltzan horiek nahiago izan zuten zinema saloietako iluntasunaren besarkada. Eta ilunpe horretan estreina erraldoirik ez zenez, film txikiek hartu zituzten erasoan pantaila handiak. Hala nola galduezinezkoa den Maryam Touzaniren Adam-ek.

Bitxia. Berezia. Harritzeko modukoa gaur arte zinemaz, zinemaren ekonomiaz, zinemaren negozioaz genekien guztia (edo genekiela uste genuen hori) irauli duen birusak kutsaturiko bizipena gurea. Esan, esan genezake, katurik ez denean, saguak dantzan. James Bond ez bada, gora ta beti gora Adam.

Bai. Gustura gabiltza zinemaldien joan-etorri honetan. Gonbidaturik ez da, prentsaurrekorik ez da, aurkezpenik ez da. Beraz, irudia errege-erregina-jaun-andre-jabe bere bakardadean.

Baina ez gaitezen engaina ispilatzean. Bai, kultuzko zinemak pantailan dirau. Iparraldean Hegoaldean bezala. Ez, ordea, besteak, zinemazaleek, zinema sasijakintsuek, zineman sasiko doktoretza eskuratu duten horiek hainbestetan arbuiatu duten horrek, jatorrizko bertsioa ezagutzen ez duen horrek, merkataritza guneetan ikusten den horrek. Hartu eta jan moduko fast zinema horrek amore eman du. Areto komertzial andana bat itxi dute dagoeneko. Eta ez pelikularik ez dagoelako. Ez ikuslerik ez delako arrimatzen. Ez, gobernuak jatekorik eta edatekorik bertan saltzea, bertan kontsumitzea debekatu duelako baizik. Eta nahiz eta intelektualek sinetsiko ez duten, bada jendea, jende mordoxka, aretoetara denbora-pasan, festa moduan doana. Ez ditu bakar-bakarrik irudiak irentsiko; krispetak ere bai. Baita gozokiak ere. Eta pizza pusketak. Hanburgesak, hamaika motako txutxeak eta Coca edo Pepsia litroka, iragan garaietako zerbeza katxi-katxi haiek ematen duten kartoizko edalontzietan.

Bada jendea saltoki-guneetan barna paseoan ibili eta gero bertako zinema aretoetan sartzen dena. Karteldegian zer denari kasik erreparatu gabe. Bi ordu dituzte libre, astelehena bueltan da, nonbait ezkutatu behar, bizigai gozo edo gazituak eskuan (bi eskuetan, jeneralean) dituztela.

Polita, goi mailako aretoen egoera bitxia. Pozgarria zinemaldi askoren bidegurutzea. Baina negargarria besteen zoria. Ez jatekorik, ez edatekorik saltzeko baimenik pe, hainbat saloi komertzialek ateak itxi egin dituzte, eta pantailak itzali.

Ez genuen inoiz serio hartu, baina aspaldian esaten zuten askok zinemaren bermea eta sostengua krispetak, gozokiak eta Atlantan asmaturiko edabea zirela. Guk, intelektualok, mespretxuz, hantuste, burgoi, hipster, egiten genion barre brokerren gogoeta horri. Orain iritsi da malkoetarako ordua.

Ahaztua genuen zinema barraketan hasi zela. Ozen(egi) aldarrikatu ohi dugu Artea zela. Ahaztuz industria, merkataritza, festarako unea ere badela. Ahaztuz denok ez dugula Parasites zuri-beltzean ikusteko sarrerarik hartzen.

Gaur Zinebi hasiko da Arriagan. Gaur Usurbilgo, Irungo, Arteako, Bilboko Max Centerreko, Gasteizko El Boulevardeko aretoak itxita daude. Ez da ez alegrantziarako unea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.