Jon Ander De la Hoz.
Arrauna. ANTXERRITIK

Kanpotik eta barrutik, ezberdin

2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Larunbateroko ohitura da etxera ailegatu orduko telebista piztea, estropadan jazotakoa zehatz-mehatz aztertzeko. Oraingoan, lagun on baten mezuak eman zidan hausnarrerako bazka. Bideo bat, Ondarroako kaleetatik bidalia. Hango arraunlariak bandera astintzen, tranpaldo gainera igota: «Barruan nagok, baina kanpotik begira». Barruan baina kanpoan; hara ohartarazpena.

Kontu berarekin joan nintzen biharamunean Castrora. Zer da barruan egotea, zer kanpoan? Gauza jakina da tostartetik kanpora geratzen den arraunlariak ez duela estropada gisa berera bizi. Liturgia ezberdina dela, alegia.

Ez hobea, ez okerragoa: diferentea izan ohi da haren tentsioa, eta normala da hori. Gauza jakina den moduan lehorrean sarriago dagoenak beste era batera kudeatzen duela egoera. Etsimenduz askotan, eta gizalegez beti.

Ideia hori berretsi nuen Castroko arraun elkarteko eskaileretan Orioko estropalariak gurutzatzerakoan. «Zorionak» neuk, agur modura. Kanpotik ikusita dotorea baita egin dutena. Ez da erraza izaten proiektu berri bati hasieratik etekina ateratzea. Haiek lortu egin dute. Txapeldunak dira, liga amaitzeko bi estropadaren faltan.

Haatik, eskaileretan ikusitako horrek ematen dio distira berezia munta handiko lorpenari. Kanpotik begiratuta, jabetu nintzen kanpoan —hau da, lehorrean— gehien geratzen direnen poz benetakoaz. Asko balio du horrek.

Baita Ondarroak eginikoak ere. Goikoak irabazten ikusten ohituta gaude, eta bejondeiela, kirolari bikainak baitira. Ohitura horretatik kanpokoak erakusten du, ordea, kirol honen berezitasuna. Kai muturrekoaren negarrak ageriko.

Asteburuak aurrera eginiko hausnarketak lagunaren mezua izan zuen abiapuntu. Estropada berrikusten hasitakoan jasotako mezu hark. Emankizunaren amaieran Iñaki Errasti ikus-entzuteak indartu zidan, halere, pentsamenduaren trontzoa. Bere taldeari buruz esandakoen indarrak. Esanguratsua zen haren aurpegikera. Benetakoa. Kanpotik ikusi arren, barruan banengo bezala bizitu eta ulertu nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.