Donostiako 66. Zinemaldia. Perlak. KRITIKA

Gorputzen minez

Girl filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Girl'



Zuzendaria: Lukas Dhont. Aktoreak: Victor Polster, Arieh Worthalter, Katelijne Damen, Valentijn Dhaenens. Herrialdea: Belgika - Herbehereak. Iraupena: 105 minutu.

L arak 15 urte ditu, eta dantzaria izan nahi du. Ospe handiko ballet eskola batean sartzea lortuko du, baina gainontzeko neskek baino lan gehiago egin beharko du; izan ere, Lara gizonezko gorputz batekin jaio zen, eta, balletaren moduko diziplina gogor batean, badira hainbat mugimendu nerabea muturreraino eramango dutenak, haren osasuna kolokan jartzera iritsi arte. Larak aita eta anaia gaztea edukiko ditu ondoan trantsizio garai honetan, nahiz eta bere beldur eta zalantza guztiak harentzat gordeko dituen.

Lukas Dhont zuzendari gaztearen lehen film luzea dugu; sari ugari irabazi zituen joan den Cannesko zinemaldian. Victor Polster gaztea jarri da Lararen rolean, eta guztiz txundituta utzi nau. Bikain erretratatu ditu gaztearen bi alderdiak: batetik, haren mina eta ezinegona azalean senti ditzakezu eta, aldi berean, agertzen duen indarrak eta determinazioak nolabaiteko harrotasuna sorrarazten du.

Belgikarrak heldutasunez eta dotoreziaz zuzendu du Girl, istorioarekiko errespetu osoz. Eszena bakoitza maitasunez landua dagoela dirudi, eta, aldi berean, zuzendaria gertatzen ari zenaren lekuko hutsa izan zela ematen du. Film delikatua da, goxoa, dantza mugimendu baten antzera, baita gordina ere, tratatzen dituen gaiek eskatzen duten bezala. Eta benetan eskertzen dena zera da: filmak ez duela didaktikoa izateko inongo pretentsiorik; neska gazte baten istorioa kontatzen digu, bere identitatea topatzen dabilen bitartean bizi dituen beldur eta saminekin. Film hunkigarri eta gogorra. Zirraragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.