Albistea entzun

Zientzia. ARGI ALDIAN

Introiak ere bai

Jose Ramon Bilbao - EHUko Genetika irakaslea

2019ko otsailak 1

Azken hamarkadetan Biologia Molekularraren dogma zentrala izan zenaren arabera, DNAren transkripzioak RNA ekoizten du, eta RNAren itzulpenak proteina, funtzio biologikoen benetako eragilea. Geroago jakin dugunez, RNAra transkribatu arren, proteinara itzultzen ez diren eremu ugari dago genoman, erregulatzaileak diren RNA funtzionalak ekoizten dituztenak, alegia. Batzuk zein besteak geneak dira, eta horietako asko exonetan eta introietan antolatuta daude. Exoiak RNA molekula heldua osatuko duten zatiak dira, eta introiak aldiz heltze prozesuan baztertuko direnak. Heltze prozesu horretan mozketak gertatzen dira, exoien arteko zati introikoak kentzeko, eta itsasketak ere, exoiak elkarri lotzeko. Moztitsasketa prozesuaren ondorioz, RNA molekula heldua sortzen da, proteinara itzultzeko edo berezko funtzioa betetzeko, introietako zatiak deuseztatzen diren bitartean. Introien presentziaren zergatia ezezaguna izan da orain arte, baina urte hasieran Nature aldizkarian argitaratutako bi lanek genoman zehar zipriztindutako sekuentzia ez-kodetzaile horiek betekizun bat izan dezaketela iradoki dute. Dirudienez, introiek zelulen hazkunderako beharrezkoa den proteinen sintesia moteltzen dute elikagaien urritasun garaietan, energia aurreztu eta zelulak bizirauten laguntzeko.

Lanetako batean, MITeko ikertzaile talde batek elikagaien urritasunak proteinen sintesian duen eragina aztertu zuten Saccharomyces cerevisiae ogi legamian. Baldintza eskasetan, moztutako introiak deuseztatu beharrean pilatu egiten zirela ikusi zuten, gabeziari aurre egiteko beharrezkoak balira bezala. Gainera, pilaketa hori itzulpenaren faktoriak diren erribosomekin lotuta zegoela ikusi zuten, haien ekoizpenerako gakoa den TORC1 proteina inhibituz gero ez baitzen gertatzen. Bigarren lanean, Quebeceko Mikrobiologia talde batek legamiaren 295 introiak aztertu zituen, banan-banan. Hamar urtez luzatu den ikerketa sistematikoan, ehunka legamia andui sortu zituzten, bakoitzak introi horietako bat falta zuela. Hasiera batean ez zieten inolako aldaketarik antzeman eraldatutako legamiei, normal hazten baitziren laborategiko baldintzetan. Baina ingurune urrietan hazitakoan, gehienak hil egiten ziren, legamia eraldatu gabeak bizirik irauten zuen bitartean. Introi bat falta zuten anduietan gainera, erribosomak andui normalean baino aktiboago zeuden. Ikerketa horren arabera, introiak erribosomen ekoizpena erreprimitzeaz arduratuko lirateke gabezia garaietan, energia ugari behar duen proteinen itzulpena moteltzeko. Legamian ikusitakoa beste espezietan ere gertatzen ote den frogatzeko dago, eta oso urrun daude oraindik osasunean izan litzakeen ondorioez jabetzea edota bioteknologiako aplikazioak garatzea. Dena den, genomaren beste ezusteko baten aurrean gaude, inguruneari erantzuteko beste bide berri baten aurrean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Jai giroan omendu zuten Mikel Martin. Musika eta kolorea izan ziren eguerdiko kalejiran. ©ERIK GARTZIA EGAÑA / OARSOALDEKO HITZA

Omenaldia konplizeari

Amaia Jimenez Larrea

Mikelaldia egin dute Errenterian, Mikel Martin aktibista eta militantea gogoratzeko eta omentzeko egun osoko ekitaldi sorta, festa giroan. Duela sei hilabete hil zen.
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Ardiek agintzen didate zein erritmotan ibili behar dudan»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Urtean bitan, sei egunez, Ballentek oinez eramaten ditu bere 1.600 ardiak zaraitzuarren abelbidean barrena. Abeltzaintza estentsiboaren kudeaketa eskasaz kexu da: «Hau bukatzea da modu bakarra ohar daitezen aldatu egin behar dela».
 ©TV3 / BERRIA

«Etorkizuna zoragarri ikusten dut, eraldatzen ari baikara»

Urtzi Urkizu

Berriki berrogei urte bete dira TV3ek lehen emankizuna egin zuenetik. Grasek iragarri duenez, urriaren 25ean jarriko dute martxan 'streaming' bidezko plataforma berria: 3Cat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...