Kataluniako erreferenduma

Tarragonara bidean

ANCko eta Omniumeko boluntarioen artean ilusioa da nagusi. Carme Beltran ziur dago prozesua «geldiezina» dela, eta Humbert Sabatek dio «inoiz joan ez den frankismoari» aurre egingo diotela.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Tarragona
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
ANC Batzar Nazional Katalanean eta Omnium Culturalen boluntario dabiltza autobus honetan Bartzelonatik Tarragonara doazen gehienak, ia denak ERCko militanteak dira, eta adinean batez beste 60 urtetik gorakoak. Umoretsu daude, eta Gora errepublika! hitzetik hortzera darabilte, Independentzia eta askatasuna ere bai. Euskal herritar bat ere badago haien artean: Alberto Barandika Barriola, duela 54 urte Kataluniara etorria.

17:30ean ateratzekoa da autobusa, baina 17:00etarako gerturatu da jendea. Euskal Herritik kazetari bat haien artera etorri dela jakin bezain laster gerturatu dira,Tarragonara zergatik doazen esatera. Oso argi dute denek: «Hau geldiezina da, eta hemen egon nahi dugu, abentura honetan parte hartzen». Carme Beltranek (54 urte) esan du hori. PSCkoa zen, baina orain ez du alderdi batean militatzen, nahiz eta bere lagunak ERCkoak diren. Socialismo Catalunya Libertat mugimendukoa da bera. Lehen federalismoan sinisten zuen, eta Jose Luis Zapaterok, Espainiako presidente zela, ilusioa piztu zion. «Baina desilusioa berehala etorri zen, ikusi genuenean esaten zuenak gutxi zuela benetakoa. Asko joan egin ginen. Podemosera asko, ERCra, Ciutadansera... Nik nire ideiak ez ditut aldatu, eurek aldatu dituzte. Orain independentziaren alde nago, azken batean, katalanismoa eta sozialismoa defendatzen dutelako, eta Espainiako Gobernuarekin ezinezkoa da aurrera egitea».

Albert Aragones bere senarra da (69), eta ERCkoa izatea «geneetan» du. Bere aitona politikaria izan zen, eta Reusko kartzelan urte asko egin zituen. Aitonak defendatzen zituenak bere egiten ditu oraindik: «Justizia sozialean sinisten dugu, eta aberastasunaren banaketan. Espainiak ez digu lapurtu besterik egin».

«Guk egingo dugu»

Maria Rosa Riva (72) bartzelonarra da, baina Valentziako elkarteekin lanean dihardu. «Herrialde katalanetan sinisten dut, eta han gauzak ez daude oso ongi, baina garrantzitsua da haiekin egotea, denbora kontua izango da. Orain hemen, eta han geroago, baina aukera bat zabalduko zaigu elkartzeko».

Humbert Sabate (76) «kokoteraino» dago Madrilekin. «Baina ez da oraingoa. Badirudi independentismoa duela urte gutxitako kontua dela, baina ez, ni independentista naiz betidanik, kalean gutxi batzuk ibiltzen ginenekoa. Orain oso pozik nago, azkenean gertatuko delako, eta inoiz joan ez den frankismoari aurre egingo diogulako». Baina zer gertatuko da? «Dena dago egiteko, liburu ireki bat da», dio ilusioz. «Gertatzen ari dena ez da inon gertatu, eta guk egingo dugu».

Arenys de Munten 2009ko irailaren 13an egin zen lehen kontsultaren dokumental bat jarri dute, laburra, baina «historikoa», Eduard Casanovas autobuseko antolatzaileak zahaztu duenez, non %97ek baiezkoa eman zuten. Jendearen indarra dioen kartel handi batek zabaltzen du dokumentua. In, inde, independentzia bideoko oihuak erreproduzitu dituzte autobusean, Tarragonara gerturatu ahala.

Bidaiaren amaieran ez dakite zer gertatuko den. «Agian argia kentzen dute, ekitaldia bertan behera geratzeko», dio Maria Rosa Rivak, eta Carles Puigdemontek Kataluniako presidenteak esandakoa ekarri du gogora: «Baina hala bada, belada erromantikoa izango da gaurkoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.