Eli Pescador.
Arrauna. LUGAƑENE BASERRITIK

Oroitzapenen kutxa

2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Lehenengo aldiak beti izaten dira bereziak. Oroitzapenen kutxan gordetzen ditugu, eta gaurkoa ere halakoa izatea espero dut. Auzoko taldean urteetan kategoria txikietan lehiatu ondoren, trainerura salto egiteko garaia iristen da. Ilusioz eta ametsez betetako bidea, baina ez da aldaketa erraza. Beteranoetakoa izatetik gazteena izatera pasatzen zara. Aldagelako girora ohitu beharra dago, hartan lekua bilatu, eta taldeko engranajeko pieza bilakatu. Entrenamenduak aldatu egiten dira, exijentzia handituz doa, eta ondokoa estutzeko prest duzu. Uretako dinamika ere ezagutu beharra dago, taldeko konplizitatea sumatu, eta horren parte bihurtu.

Sasoia luze joaten da. Momentu on asko bizi ditugu, baina hain gozoak ez direnak ere bai. Badaude gure esku ez dauden egoerak, eta une horietan etsitzeko gogoa senti dezakegu; baina, burua gora jarri eta aurrera jarraitzeak egiten ari garen bidean handiagoak izatea ekartzen du: lanean jarraitzeak, entrenamendu gogorretan taldea animatzeko indarrak ateratzeak, irribarrea ahoan entrenamendu guztietara etortzeak. Horrek guztiak bere fruitua ematen duenean, lehiatzeko ordua iritsi daiteke.

Iritsi da ordua, oroitzapen polit eta goxoa izatea espero dut. Baina altxor izugarri handi bat duzu gaurkoan oroitzapenen txokoan gordetzekoa: taldekideen begietako emozio malkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.