Noiz sortua: 2020-01-26 00:30:00

U-30 greba orokorra. Jon Fano. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

«Pentsiodunak euren buruaz harro sentitzen dira orain»

Militantzia luze baten beste atal batean da Fano azken urteetan, eta zirraraz bizi du pentsiodunen ahalduntzea. Greba orokorra euren eskakizunak beste maila batera eramateko bide modura ikusi du, eta ez du uste deialdiak mugimendua zatitu duenik.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2020ko urtarrilak 26

Agenda bete-betea du Jon Fanok (Erandio, Bizkaia, 1945): bilerak, hitzaldiak, txostenak idaztea... Ez da hain erraza harekin aurrez aurre egoteko gelditzea. «Bizitza osoan militatu dut: lantokian, politikan... Eta ez dakit inoiz hain lanpetua egon naizen», esan du, umoreko, baina ez du ezkutatu gustura egiten duela. Egun, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko dinamizatzaileetako bat da

Pentsiodunek greba egin al dezakezue?

Jakina egin dezakegula. Lanekoa ez, baina gizarte greba bai, kontsumo greba, zaintza greba...

Greba beste pauso bat da pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenetan. Zergatik?

Urte eta erdiko mobilizazioa igarota, asteleheneroko bilkurekin muga bat ikusten genuen. Ez genuen nahikoa indar Espainiako eta Hego Euskal Herriko gobernuak behartzeko gure eskaera nagusiak onartzera. Orduan, pentsatu genuen indarrak metatu behar genituela beste sektore batzuekin. Ikusi genuen gizarteko esparru askorekin bat gentozela: langileak, emakumeak, gazteak, ikasleak, merkatari txikiak... Kolektibo sozial guztiekin egon ginen, mugarik gabe: sindikatuak, feministak... Bospasei hilabeteko lana izan zen. Aztertu genuen ea zer-nolako ekimena bideratu behar genuen kolpe handia eman eta Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek gure eskaerak bete zitzaten. Eta, azkenean, iazko azaroan adostu genuen, Euskal Herriko gehiengo sindikalekin eta beste kolektiboekin, garrantzitsua zela urtarrilean mobilizazio orokor bat garatzea. Hau ez da lan greba bakarrik; greba soziala eta tranbertsala da.

Besteak beste, bizitza duina aldarrikatuko da greban. Pentsiodunen artean ere beharrezkoa al da aldarria?

Pentsiodun pila bat sufritzen ari dira. Hego Euskal Herrian 200.000 pertsonak 800 eurotik beherako pentsioa dute, eta askok, are baxuagoa. Nola da posible duintasunez bizitzea kopuru horiekin? Nola ordaindu alokairua? Hego Euskal Herrian batez beste 1.145 euroko pentsioa dagoela diote, eta ez dela hain gutxi. Baina, jakina, gainetik dabiltzanak ondo daude, hor ingurukoak ez hain txarto, baina gutxiago kobratzen dutenak txarto bizi dira.

Errealitate hori azaleratzeko lotsa sumatu al duzue?

Bai. Jendeak sentitzen du txiroa dela onartzea gizarte honetan zerbait txarra dela, eta badago ezkutatzen saiatzen denik. Baina ez bakarrik pentsiodunen artean. Hor arazo batzuk ditugu. Hego Euskal Herrian badago aukera bat Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez gehigarri txiki bat lortzeko, baina eskatu egin behar da. Botiken berrordainketarekin berdin gertatzen da. Erakundeek zuzenean aplikatu beharko lituzkete neurri horiek. Egin dezakete, badakite jendeak zenbat diru irabazten duen, baina ez dute nahi. Adineko askok ez dakite eskubide horiek nola egikaritu.

Zu militantzia ibilbide luzea egina zara. Zer du pentsiodunen mugimenduak hain arrakastatsua izateko?

Zaila da jakiten. Guk hamar urte daramatzagu pentsiodunen aldarrian lan egiten, eta, duela bi, Bizkaiko Pentsionistak Martxan plataforma antolatu genuen. Gero, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetakoak bildu ginen Gaurgeroa osatzeko. Zer gertatu zen 2018an? Pentsiodunen amorrua lehertu egin zela. Fatima Bañez Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza ministro ohiaren eskutitz bat jaso zuten pentsioak %0,25eko igoko zirela esanez, eta igoera horrekin bermatuta zegoela erosketa ahalmenaren eguneraketa. Tira, orain %0,9 igo dituzte; gauza bera esan dute, eta gezurra da. Eta jendea lehertu egin zen. Pentsiodunei duintasuna merezi dugula adierazteko gogoa azaleratu zitzaigun. Gu antolatuta geunden, eta ikusi genuen amorru hori eskakizun batzuetara bideratu behar zela. Hasieratik argi zehaztu genituen gure eskaerak: pentsioak KPIaren arabera igotzea, gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea, eta modu berriak zatea Gizarte Segurantzara dirua bideratzeko.

Ordura arte, pentsiodunen kolektiboa nahiko pasiboa zen.

Hori aldatu da. Pentsiodunak euren buruaz harro sentitzen dira orain. Oso harro daude borrokaz, eta erreferente sentitzen dira. Esaten dute: «Indartsuak eta kapazak gara gure aldarriak bideratzeko», eta, hainbeste izanda, alderdi politikoek eta erakundeek euren agendetan sartu behar izan dituzte gure eskaeretako batzuk. Alde horretatik, emakumeen lana goratuko nuke.

Zergatik emakumeak?

Pentsiodunen mugimenduaren barruan alde handia zegoen gizonezkoen eta emakumeen artean. Tradizioagatik... Gizonak gehiago egon dira kalean, eta aukera izan dute ekimenetan parte hartzeko. Zoritxarrez, baina, eta batez ere adinekoen artean, emakumeek beti euren gain hartu dituzte zaintza lanak: seme-alabak, ilobak... Naturaltasunez hartzen zen. Adineko zenbat jende zegoen bakarrik etxean bizitza duintasunez garatu ezinda? Eta mugimendua ikustean, emakume horiek kalera irteteko beharra sentitu zuten. Horrek azaltzen du emakumeek duten indarra. Kontuan hartu behar da ere pentsioetan genero arrakala are handiagoa dela.

Denetarik dagoela diozu, baina badago pentsiodunen mugimendua korronte politiko jakin batzuekin lotzen dutenak.

Horrekin zirikatu nahi gaituzte mugimendua zatitzeko asmoz. Guk jende guztiari esaten diogu hemen batzen gaituzten oinarrizko aldarri batzuk daudela, eta batasuna ezinbestekoa dela horiek defendatzeko. Oso garbi dugu pluraltasuna onartu behar dugula gure barruan.

Badaude grebaren aurka dauden pentsiodun batzuk.

Bai. Madrilera begira daude beti, eta ez dute interesik Euskal Herrian gure eskaera espezifikoki garatzeko. Argudio ezberdinak erabiltzen dituzte. Esaterako, deialdia aldebakarrekoa dela diote, eta gezurra da, kolektibo guztiekin bildu garelako. Esaten dute identitarioa dela. Zer esan nahi dute? Abertzaleei bakarrik interesatzen zaiela? Mugimenduan gaudenak ikusita, hori ez da egia. Guretzat, lehentasuna pentsiodun guztien interesa babestea da, abertzaleak diren ala ez begiratu gabe. Jarrera horiek, mina egin arren, oso minoritarioak dira.

Partida hau Euskal Herrian ere jokatzen dela garbi diozue.

Niri ez zait gustatzen Espainiako Gizarte Segurantza, baina egia da Madrildik datozela pentsiodunen inguruko erabaki asko. Aldi berean, baina, Hego Euskal Herriko gobernuek eskuduntzak dituzte ordainketa osagarriak erabaki eta zerbitzu publiko duinak garatzeko. Inolako trabarik gabe. Horregatik uste dugu fronte guztietan egin behar dela presioa.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna