Pastor
DARWIN ETA GU

«Altxor nazionala»

2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun gertatu zen, Eivissan. Ekitaldi ofiziala, hiriko gizonezkoen futbol taldea Bigarren Mailara igo dela ospatzeko. Francina Armengol andrea hizketan hasi da jende aurrean: «Bona tarda a tots i totes. Moltes gràcies per convidar-me a compartir aquets moments d'alegria». Orduantxe entzun da oihua: «¡En español!». Balear Uharteetako Gobernuko lehendakaria isildu egin da. Katalanez egin du une batzuetan, baina berehala hizkuntzaz aldatu eta espainieraz segitu du.

Armengolen jokaera kritikatu dute sare sozialetan. Umiliazioa onartu du, eta, horrela, katalana baztertu eta katalan hiztunak makurrarazi ditu chill out paradisuan. Ez da berria katalanari eginiko erasoa. Euskarak ere hamaika mespretxu jasaten ditu oraindik. Eta jasaten segituko du, dudarik ez egin, urruneko edo hurbileko gure agintariek hitz politak esan arren. Hor dugu Emmanuel Macron. Euskara «altxor nazionala» dela adierazi du aste honetan gure lehen estatuburuak. Frantziako agintari nagusiak bezala pentsatuko du gure bigarren estatuburuak, geografia aldatuta: euskara «altxor nazionala» dela. Espainiaren altxor nazionala, noski.

Aldrebestuta dago mundua. Euskara Frantziaren altxor nazionala dela diote Parisen. Frantsesa hizkuntza nazional ofizial bakarra da, ordea. Hori diferentzia. Euskara Espainiaren altxor nazionala dela diote Madrilen. Euskara frantsesen eta espainiarren altxor nazionala, horixe.

Euskara euskaldunon hizkuntza da, baina juridikoki ez da gurea. Azken aitortza eta onarpen ofiziala, behin betikoa, Parisek eta Madrilek eman behar diote euskarari. Haiei erreguka ibili behar dugu, haien gogoaren menpe. Haien interes politikoak ere tartean egon daitezke irizpide bat izateko edo aldatzeko, Le Monde egunkariak asteazkenean iradoki zuenez. Izan ere, Konstituzio Kontseiluak murgiltze sistema gaitzesteko emandako iritziaren aurka azaldu eta bere jarrera argitzeko esan zion François Bayrou MoDem alderdiko buru eta Paueko alkateak Macroni, astelehenean. Handik bi egunera bere aliatuaren eskaerari erantzun zion presidente frantsesak, modu positiboan erantzun ere.

Euskara altxorra dela diote. Frantsesa ez dute altxortzat jotzen, antzinako hizkuntzen museoan gorde beharrekotzat. Espainiera ere ez dago museo baten barruan, dirdiratsu eta ikusgai, bisitarien gozamen. Frantsesa eta espainiera ez dira altxorrak. Hizkuntza guztiz normalizatuak dira, leku guztietan ezarriak. Ez dute inoren baimenik behar arnasa hartzeko. Guk, berriz, agintari frantses eta espainiarren onespena behar dugu euskarak bizirik iraun dezan.

Jatorri ezezaguna du euskarak. Zenbait lagun erromantikoren arabera, ia-ia munduaren hastapenetan piztu zen gure mintzaira. Horrek aura mistikoa ematen dio. Alta, tranpa ederrean eroriko ginateke euskaldunok, frantsesek eta espainiarrek asmatutako altxorraren ziria irentsiko bagenu. Hori sinetsiz gero, museoan gordeko dugu euskara. Haiek eraikitako museoan. Ez diogu erlikia batek izan lezakeen baino balio handiagorik emango. Eta kikildu egingo gara, konplexuz beteta, eraso egiten diotenean. Francina Armengolek egin duen bezala.

Paris eta Madrilgo jaun-andreok: euskara ez da altxorra. Ez da bitxikerien museoan gorde beharreko hizkuntza. Euskara hizkuntza ez indoeuroparra da, bakartua, frantsesa eta espainiera sortu aurretik lurralde honetan jadanik zegoena. Euskarak euskaldunoi esker segitu du bizirik, frantses eta espainiarren jazarpen, debeku eta oztopoak gorabehera.

Euskaldunok ez dugu altxorrik nahi. Euskaldunok errespetua merezi dugu eta euskarak, normaltasuna eta berdintasuna, diskriminaziorik gabe. Euskara zuentzat altxor preziatua bada, ederto, baina ez etorri guregana Indiana Jones baten gurasokeria kolonialisten keinuak egitera. Utikan zuen kopla horrekin. Modu fin batez esanda: gorde ezazue zuen altxor nazionala nahi duzuen lekuan. Guk bizirik nahi dugu euskara. Espazioan eta denboran libre, katerik gabe libre gure herrian. Besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.