Pastor
DARWIN ETA GU

Maiteminduta ezkondu?

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Maiteminduta ezkondu zinen?». Galdera ezustean bota du neskak. Inozoa dirudi zalantza azaltzeak, logikarik gabekoa. Maiteminduta egon gabe ezkondu edo bikotekidearekin bizi-proiektua eraikitzen has daiteke? Ezetz zirudien. Baietz dirudi.

Bera «maiteminduta» ezkondu zela esan du berehala —badaezpada ere?—, baina kuadrillako zenbait neska, ez. «Arroza pasatuko zitzaien beldur ziren». Behartuta ezkondu ziren. Behartuta-edo, inork ez baitzien pistola bat jarri buruan. Libre ziren horrela ez ezkontzeko, baina... Barneratutako presio soziala? Familiarena? Luze ez dela antzeko kontuak entzun nituen beste emakumezko dibortziatu baten ahotik. Hura ere «maiteminduta» ezkondu zen, baina haren lagun batzuk, ez. Konformismoa? Fatalismoa? Bata izan, bestea izan, helburu jakin bat zuten neska horiek: haurrak nahi zituzten. Eta familia itxuraz egituratu batean gura zituzten. Gizarte tradizionalak agindutako moduan,alegia.

Kostatu egiten da Euskal Herrian 21. mendean oraindik halakoak badirela sinestea. Bilbo Riad da? Eta Iruñea New Delhi? Ez. Hemen ez dira hangoak ei diren ezkontza motak lotzen. Hemen libreak omen gara denok. Omen. Baina zenbateraino dago kondizionamendu sozialetatik libre beste pertsona batekin maitasunik gabe ezkontzen dena, bakarrik umeak nahi dituelako?

Badira bikoteak, elkartu eta haurrak koskortu ondoren hautsi egiten direnak. Badira nola edo hala batera segitzen dutenak, uztarria lepoan. Biolentzia sinboliko ikusezina, askotan emakumearen aurkakoa. Eta badira, nonbait, estratega hutsak: gizona ama izateko erabiltzen duten emakumeak; andrea bakarrik ez egoteko edo astean, hilean edo urtean bitan ohea bero izango dutela bermatzeko erabiltzen duten gizonak. Inoiz aitortuko diote elkarri hasieratik gidatu dituen engainua? «Familia klasiko batean umeak izateko ezkondu nintzen, zurekin maiteminduta egon ez arren». «Nire bizitza tristean kanpaia jotzea jarduera sexual bakarra izan ez dadin nago zurekin, ez maite zaitudalako». Porca miseria.

Joera ez da oso ulergarria, orain gurasoak izateko beste bide batzuk badirela kontuan badugu. Platonic coparenting deritzona da horietako bat, amodio erlaziorik gabe haurrak elkarrekin izaten dituzten pertsonen arteko erlazioa. Gero, elkarrekin hezten dute umea, derrigorrez elkarrekin bizi gabe. Umea nahi zuten biek eta itun hori adostu dute. Bai, ez da oso erromantikoa—amodio erromantikorik tartean ez dagoelako, hain zuzen ere—. Hotzagoa da. Hotzagoa, baina itxura hutsean oinarritzen den gurasotasun erlazioa baino benetakoagoa. Bai, haurra nagusitzen denean ez da atsegingarria izango gurasoek maitasunik gabe sortu zutela jakitea. Batez ere, oraindik Disney faktoriaren kateetatik askatu ez bada. Hala ere, umeak ez du pentsatuko presio, iruzur edo karanbola baten ondorioz jaio zenik. Izan ere, hain desiratua izan zen, non desio horrek elkar maite ez baina elkar errespetatzen zuten bi pertsona heldu elkartzeko balio izan baitzuen.

Eguberriei begira, txokolate enpresa batek eginiko iragarkia agertzen da egunotan hedabideetan. Triste ikusten duela esan dio aitak alabari. Eta Lucia txikiak hauxe erantzun dio: «Badakit zuk eta amatxok ez duzuela elkarrekin bizitzen segituko, baina nahi dut lehen beste hitz egiten segitzea». Gurasoak bereizi egingo dira, baina denak lehen bezala segitzea nahi luke umeak. Baliteke haurrak inoiz ez jakitea gurasoek maitasun osoz edo planifikazio gaiztoz sortu zuten. Guk ere ez. Azken kasua izanez gero, seguruena sekretuari eutsiko dio amak edo aitak. Edo biek.

Elizabeth Strout-en liburu bateko senar-emazte edadetuek biziki maite dute elkar, baina horrek ez du esan nahi elkarri guztia esaten diotenik. Horixe iradokitzen du My Name is Lucy Barton eleberriaren sortzaileak. Andreari zergatik ez dion dena kontatzen galdetu dio lagun batek gizonari. «Uste dut bizitzan badirela gauza batzuk, besteei esaten ez dizkiegunak». Emazteari ez, behintzat. Senarrari ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.