KRITIKA. Musika

Jainkoa eta lege zaharra

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Judas Priesteta Lords Of Black

Lekua: CuBEC aretoa (Barakaldo). Eguna: Ekainak 28.

Heavy metala erlijio bat dela dionik bada, jainko eta guzti. Dena dela, heavyak errealagoak dira besteen aldean. Rob Halford da horietako bat, Ingalaterrako Judas Priest talde beteranoaren gidaria. Metal God esaten diete, eta hamarkaden joan-etorrian hala nola eutsi dio deiturari. Zaharra izanagatik ere, espero baino askoz hobeto aritu zen ostegunean, Barakaldoko CuBEC aretoan. Birmingham hirikoek ikuskizun ahaztezina eskaini zuten.

Martxo hasieran argitaratu zuten Firepower disko aparta; ibilbideko hemeretzigarrena. Dena ondo baino hobeto zaindu dute taldea biziberritzeko: konposizioa, ekoizpena, marketina eta zuzenekoa. Hain zuzen ere, kontzertu bira ezin hobeto prestatu dute. Ikuskizun harrigarriaren testigu izan ziren Barakaldora bildu ziren zale beteranoak eta gazteak.

Lords Of Black madrildarrek berotu zuten gaua. Ronnie Romero abeslari profesionala eta Tony Hernando gitarra jotzaile fina dira taldearen pizgarriak. Lau urtean hiru disko atera dituzte, eta horien arteko bilduma osatu zuten zuzenerako. Heavy metal zaindua eta indartsua erakutsi zuten.

Metalaren jainkoak ondoren igo ziren taula gainera. Ordu eta hiru laurdeneko errepertorio aproposa prestatua zuten zale guztientzat. Firepower singlearekin hasi, eta garai, disko zein joera desberdinak tartekatu zituzten. Grinder, Sinner, The Ripper, Turbo Lover, Freewheel Burning... eta horrela hemezortziko kantu zerrenda osatu arte. Une asko izan ziren bereziak. Hell Bent for Leather kantuan, ohikoa denez, Halford motorrarekin agertu zen taula gainera. Erreboluzioen gorakada Painkiller klasiko bortitzarekin mantendu zuten.

Gogoangarriena, ordea, emanaldiaren azken zatia izan zen. Glenn Tipton gitarra jotzaile originala taula gainera igo zen unea askok ez dute ahaztuko. Parkinson gaitza dela eta, zuzenekoak eskaintzeari utzi dio, baina, zorionez, ez erabat. Metal Gods, Breaking the Law, Living After Midnight eta Victim of Changes klasikoekin biribildu zuten kontzertua.

Bukatzeko, kronika honekaipamen berezi bat merezi du. Aretoak eta promotoreak ez zioten jaramonik egin egunkari honen kreditazio eskaerari.Beraz, sarrera erosi nuen gertatu zena lerro hauetan kontatzeko. Ordaindutakoak baino gehiago merezi izan zuen ikusitakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.