ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Sufrimendua ikuskizun

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Tenis txapelketa aurrera doa Olinpiar Jokoetan. Txapelketak zeresana eman zuen hasi aurretik, goi mailako tenislari askok uko egin ziotelako parte hartzeari. Orain, berriz, tenislariek beroaren eta hezetasunaren ondorioz jasan dituzten bero kolpeengatik. Azkenean, partiden ordutegiak aldatu behar izan dituzte, tenislarien kexuengatik. Maratoia ere Sapporora pasatu dute aipatutako baldintzengatik, eta ikusi zen triatloilariek nola amaitu zuten: txikituta.

Hasieratik jakina zen zein izango ziren eguraldiaren baldintzak, eta arazoak izango zituztela. Baina, hala ere, eutsi egin zioten, eta horrek zer pentsatua eman behar digu. Horrek, eta azken urteetan nagusitzen ari den joera batek: gehiegizko sufrimendua ikuskizun bihurtzea kirolean, eta gero eta marka eta errendimendu hobeak eskatzea.

Adibidez, txirrindulariei zenbat eta etapa luzeagoak eta gogorragoak jarri, orduan eta hobeto. Eta beste kirol askotan badira halako adibideak. Ikuskizuna kirolarien sufrimendua da. Kontuan hartu gabe horretarako kirolariek muturreraino behartzen dutela gorputza, eta horrek beti duela arriskua. Kirola uzten dutenean dituzten arazo fisikoak dira horren adibide.

Azken egunetan Simone Bilesen kasuak mahai gainean jarri du buru osasunaren gaia, arreta kirolariengan jarriz. Bada, hausnarketa egin beharko litzateke haien osasun fisikoaren inguruan. Izan ere, nahiz eta arlo horretan prestakuntza gero eta hobeagoa izan, gorputzari ezin zaio behar baino zuku gehiago atera. Ezta kirolarienari ere.

Haien etorkizunean ere pentsatu behar da, gainera. Izan ere, kirola uzten dutenean fisikoki ondo egoten segitu behar dute. Sufritzeak ezin du sekula ikuskizun izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.