Unai Laso. Baikoko pilotaria

«Oraindik ez dut sinisten gertatu zena, kolpe gogorra izan zen»

Unai Laso zortzi hilabetez egon da profesionaletan lehiatu gabe. Hala ere, itzulera ezin hobea egin du: Nafarroako Lau eta Erdiko finalera iritsi zen. Aurrelariak Baikorekin izan dituen gorabeherak azaldu ditu.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Unai Lasok (Bizkarreta-Gerendain, Nafarroa, 1997) garai gogorrak pasatu ditu. 2020ko abuztuan Baikok ez zion kontratua berritu, eta langabezian geratu zen. Geroztik, afizionatuetan jokatu du, eta entrenamenduekin jarraitu du: «Aitzakiak bilatu beharrean, aurrera jarraitu nuen». 2021eko maiatzaren 18an iritsi zitzaion berri ona aurrelariari: kontratua sinatu zuen Baikorekin 2023ra arte. Zortzi hilabetez profesionaletan lehiatu gabe aritu eta gero, Nafarroako Lau eta Erdiko finalera iritsi zen: «Ez naiz gelditu, eta hori frontoian nabaritu da».

Itzulera izugarria egin duzu. Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finalera iritsi zinen, eta kostata irabazi zizun Jokin Altunak.

Txapelketa ona egin nuen. Peñaren aurkako partida kostatu zitzaidan gehien. Zortzi hilabete profesionaletan jokatu gabe egon ostean, itzuleran tentsio handia nabaritu nuen, urduri atera nintzen kantxara. Urrutikoetxearen aurka, berriz, erosoago eta lasaiago jokatu nuen, lehenengo partidan ez bezala. Askoz hobeto jokatu nuen, eta hori sumatu zen pilotalekuan. Finalerdietan, Agirreren aurkako partida borobila izan zen. Finalean, berriz, disfrutatzea zen asmoa. Lehia oso gogorra izan zen, 6-5 irabazten hasi zen Jokin [Altuna], eta 6-6 berdindu nueneko tantoan ito egin nintzen. Gero, Jokinek oso erraz egin zizkidan tantoak: 13-8 irauli zuen markagailua. Momentu horretan egindako esfortzuari buelta eman nion, eta bi tanto gainetik jarri nintzen, 17-19. Azkenean, berak irabazi zuen. Finala galdu nuen arren, erakutsitako mailarekin oso pozik nago. Txapelketa txukuna egin dut, eta profesionaletatik kanpo egon naizen denbora honetan entrenatzen jarraitu dut. Ez naiz gelditu, eta hori frontoian nabaritu da.

Hain justu, afizionatuetan aritu zara orain arte.

Bai, partida asko jokatu ditut; ez naiz geldirik egon. Gainera, urtarrilean prestatzaile fisikoa aldatu nuen. Egoitz Karriolekin aritu naiz lanean, eta nabaria da fisikoki pauso bat aurrera eman dudala. Fisikoki ondo bazaude, pilotalekuan dena hobeto ateratzen da.

Finalean erakutsi zenuen onenen mailan zaudela. Jabetu zara egindakoaz?

Bai. Azken finean, badakit zer den profesionaletan lehiatzea. Asko entrenatu naiz, eta afizionatuetan partida asko jokatu ditut. Gogo handia nuen profesionaletara bueltatzeko eta ondo aritzeko. Horrela izan da, eta oso gustura nago.

Egin atzera. 2020ko sasoian Baikoko aurrelari hoberenetarikoa izan zinen. Baina abuztuan ez zizuten kontratua berritu. Nola hartu zenuen egun batetik bestera enpresak erabakitakoa?

Kolpe gogorra izan zen. Lehenengo mailan finkatuta nengoen,txapelketa onak egiten... Oraindik ez dut sinisten hori gertatu zela. Oso arraroa izan zen, eta ez dakit enpresak [Baikok] zer egin zuen. Baina onartzea besterik ez nuen. Hortik aitzakiak bilatu beharrean, aurrera jarraitu nuen. Kolpea hartu, eta segituan entrenatzen hasi nintzen, afizionatuetan jokatzen, txapelketetan izena ematen... Lagunen eta familiaren laguntzarekin egin dut aurrera. Haiekin ez duzu arazoetan pentsatzen, eta horiek alde batera uzten dituzu, egunerokoan arreta jarriz. Bestalde, mentalki gogorra izan da, eta hortik ere ikasi dut: garai txarretan burua ondo izatea ezinbestekoa da. Horrek indartsuago egin nau, eta, orain, lehen baino hobeto egiten diet aurre partidei.

Baikok prentsa oharrean iragarri zuen ez zenuela enpresakegindako kontratua onartu, eta enpresak ez zuela zure kontraproposamena onartu.

Bai, hala izan zen. Baina negoziazio batean, normalena litzateke haiek [Baiko enpresak] proposamen bat egitea, nik beste bat, eta gero erdibideko puntu komun bat adostea. Eta ez zen horrela izan: haiek proposamen bat egin zidaten, eta nik beste bat. Orduan, nire planteamendua ez zuten onartu, eta ez zidaten eman tarte gehiagorik; hots, ez zidaten beste proposamen bat egin. Bi aukera eman zizkidaten: haien proposamena onartzea, edo, bestela, ezer ez.

Handik gutxira, Baikoko hamabost pilotariek grebara deitu zuten. Zu enpresatik kanpo zinen ordurako. Nola bizi izan zenuen?

Denok [greba egin zuten pilotariek] Whatsappez hitz egin genuen. Lan ikaragarria egin zuten lankideek, eta eskerrak ematea besterik ez dut. Guregatik [Mariezkurrenarengatik, Victorrengatik, Eskirozengatik,eta Lasorengatik] haiek greban egotea eskertzekoa da.Egoera zaila zen: langabezian zaude, eta ikusten duzu lankideek zu bezala pentsatzen dutela; hots, ez dela zilegi zu langabezian egotea.

Lanuzte horrek fruituak eman zituen: Enpresen Ligak Eskiroz, Victor, Mariezkurrena eta zu berriro hartzeko konpromisoa hartu zuen.

Pozgarria izan zen. Egia da espero genuela enpresak berriro kontratatzea pandemiaren kalte ekonomikoak igaro ondoren. Baina hilabeteak pasatzen ziren, eta langabezian jarraitzen genuen. Pilotarien lanuzteagatik izan ez balitz, agian langabezian egongo ginateke oraindik ere. Haiengatik gaude enpresan.

Azkenean, maiatzaren 18an sinatu zenuen kontratua Baikorekin.Pozik?

Bai, oso pozik nago. Bi urte eta erdirako sinatu dut, eta horrek, ekonomikoki, lasaitasuna ematen dizu. Kalean egon naiz, eta langabezia saria bakarrik kobratzen nuen. Orain partida dezente ari naiz jokatzen, eta horren beharra dut.

Abuztuan jaso zenuen eskaintzatik zer aldatu da?

Lehen egin zidatena baino hobeagoa da oraingoa. Baldintza hobeak dira, kontratua askoz duinagoa da, eta akordio bat egin dugu. Erdibideko bat adostu dugu. Ez dugu hitzartu nik proposatutakoa, baina ados jarri gara. Ez dut langabezian jarraitu nahi.

Gertatu zaizun guztiak aldatu egin zaitu?

Aldatu ez, pertsona bera naiz oraindik ere. Azkenean, buruari bueltak ematen dizkiozu zergatik gertatu zaizun zuri. Baina erresilientzia izan dut: kolpea jaso dut, ahal izan dudan moduan aurrera egin dut, eta indartsuago jarraituko dut egunerokoan.

Caixabank Mastersan Baikok ez zaitu sartu, nahiz eta Jakak ezingo duen jokatu lehenengo partida, eta zuk ordezkatuko duzun.

Aurrelari asko daude enpresan, eta beste batzuei ere aukera eman behar diete. Nik ezin dut ezer egin. Egia da espero nuela barruan egotea; izan ere, ondo aritu naiz azken hilabete honetan: Nafarroako Lau eta Erdiko finalera iritsi naiz, eta Rezustari irabazi nion. Enpresarentzako hori positiboa da, baina ez naute aukeratu. Ea jartzen dizkidaten partida gehiago.

Enpresak ez du zugan konfiantzarik?

Bai, badu nigan konfiantza. Ez dakit nork hartzen dituen erabaki horiek, eta ez dakit zer pentsatzen duten haiek. Pertsonalki gustura nago, ondo ari naizelako.

Ze plan daukazu udarako?

Partidak jokatzea da helburua. Gaur-gaurkoz nire izena ez da ageri jaialdietan, ezta asteburu batean ere. Ea baten batean sartzen nauten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.