Zenbait herrialdetan botoa emateko eskubidea betebeharrarekin loturik dago, eta estatuak bozkatzera derrigortzen ditu herritarrak. Europan gutxi dira derrigorrezko botoa ezarria duten herrialdeak; handiena Belgika da, baina Luxenburgon ere nahitaez bozkatu behar da, eta egiten ez duen hautesleak isun gogorrak jasotzeko arriskua du. Italian ere derrigorrezkoa da botoa ematea, baina ematen ez duenak ez du isunik jasotzen. Greziako hauteskunde legeak, berriz, bozkatzeko derrigortasuna jasotzen du; 70 urtetik gorakoak eta bozkalekutik 200 kilometrotatik gora bizi direnak salbuesten dituzte. Besteentzat, isunak zehaztuak daude botorik eman ezean, nahiz eta praktikan ez diren jartzen.
Europatik kanpo, berriz, Latinoamerikako herrialdeetan nahiko ohikoa da bozkatzea derrigorrezkoa izatea: esaterako, Argentinan, Brasilen eta Txilen. Esan beharrik ere ez dago: nahitaez bozkatzeko legea ez dute denek betetzen, eta isunak ez dira jartzen kasu guztietan. Abstentzio handiegiak sistemaren zilegitasuna ezbaian jarria duen herrialde batzuetan hartu dute nahitaez bozkatzeko betebeharra, baina aditu askok diote neurri horrek berak are arrisku handiagoan jartzen duela zilegitasun hori.
Euskal Herrian ez dago aparteko parte hartzerik, baina abstentzioa «onargarria» den ustea hedatua dago, eta derrigorrezko botoaren eztabaida ez du inork abiarazi. Zalantzan dago aplika ote litekeen ere.
Botoa ematea nahitaezkotzat duten herrialdeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu