Euskotren Liga

Oriok bigarren garaipena lortu du Euskotren ligan

Aurrea hartu dio Arraun Lagunak taldeari Coruñako Banderako lehen jardunaldian, eta ligako buruan da. Hondarribiak egin du hirugarren

Nadeth Agirre Orioko patroia, garaipena ospatzen, atzo. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Oriok hautsi egin du Arraun Lagunakekin zuen berdinketa Euskotren ligan. Bi taldeak zeuden sailkapen buruan berdinduta, bandera bana irabazita; orain,Oriok ditu bi garaipen eta puntu baten aldea, atzo Coruñako (Galizia) lehen jardunaldian aurrea hartu eta gero Donostiako traineruari. Bandera gaur erabakiko da (11:40, ETB1), eta alde handirik ez dago bien artean: 5,68 segundo.

Aurreko igandean Lekeition ez bezala, Oriok lan osoa egin zuen txukun. Joaterakoan ondo, eta etortzerakoan ere antzera moldatu ziren Nadeth Agirre patroi duten arraunlariak. Eman dezakeen maila onena eman gabe, ziurrenik, baina lana osatzea lortu zuen atzo taldeak, eta aurreko igandean hartutako kolpea sendatzeko botika hoberik ez da.

Arraun Lagunak taldeak beste behin ere argi utzi zuen hor dagoela, eta liga honetako beste traineru indartsua dela, oriotarrekin batera. Lekeition irabazi eta gero, bazen ikusmina berriz ere orduko neurri bera emango ote zuen ikusteko, eta horiek ere lana erabat biribildu ez bazuten ere, hautagai direla berretsi zuten hirugarrengoz. Izan ere, Orio aurretik izan duen bi aldietan, zazpi eta bost segundoren koska baino ez da egon.

Espero zen bezala, Oriok azkar erakutsi zien branka beste hiru aurkariei, eta beste egoera hau ere ez zen ezustea izan: Arrauni kosta egiten zaio bizi ateratzea. Atzetik aurrera joaten da, eta hori bera bada bereizgarri ona, lana ondo bukatzea, baina gehitxo galtzen du irteeretan. Hirugarren minuturako Orioren atzetik hiru segundora egotea oriotarrei gauzak gehiegi erraztea da. Ondorengo minutu guztietan bi segundo gehiago bakarrik galdu zituzten Oriorekin, eta horrek erakusten du trainerua badabilela abiadura hartzen duenean.

Orioren kasuan, aurkariak atzean utzita ere, berean jarraitu zuen, eta ziabogan hiru segundora zeukan Arraun, zortzira zuenHondarribia, eta hamaikara Donostiarra. Bigarren luzean, ez zuen burua galdu, eta sei segundora ere zabaldu zuen Arraunekiko tartea. Garbi dago hobetu egin zuela Lekeition poparean egindako lana.

Hondarribiaren lan ona

Beste bi taldeei dagokienez, atzo liga honetan aurreneko aldiz Hondarribiak aurrea hartu zion Donostiarrari. Hasieratik erakutsi zuen Nerea Perez patroi duen taldeak irrikaz zirela aurreneko bi egunetako jarduna hobetzeko, eta aurreneko metroetan, Oriori eutsi zion bakarra izan zen.

Donostiarraren aurretik estropada guztian ibili zen, eta hamar segundo atera zizkion. Puntu batera jarri zaio ligan, eta azken lekua atzean uzteko lehiak ere hartu du bizitasuna. Azkenak jokatuko du jaitsierako kanporaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.