Arrauna

Oriok atzetik aurrera eginez ere badaki irabazten

Euskotren ligako hirugarren bandera eskuratu du Donostian, bosgarren jardunaldian, Arraun Lagunak-i 1,96 segundoren tartea aterata

Oriok sendotu egin du lidertza Euskotren ligan, atzo Donostian garaipena lortu eta gero. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Oriok Euskotren ligan beste bandera bat irabaztea ez da berrikuntza, atzo Donostian lortu zuena hirugarrena baita aurten, eta sailkapeneko lehen postuan sendo segitzen du. Izan zuen, baina, berritasunetik atzoko estropadak, atzetik aurrerako estropada eginez nagusitu baitzen liderra.

Txarra zegoen arraunerako eremu tradizionala eta historikoa. Olatu bihurriak zebiltzan ekialdetik sartzen, eta haizea ere harro samar zebilen; baldintza horiei etekin handia atera zien Orioren aurkari nagusiak, Arraun Lagunakek, irteeran. Lehen kaletik zihoan, Donostiarra bigarrenetik, Orio hirugarrenetik eta Hondarribia laugarrenetik, eta, Aquarium aldeko babesa baliatuz, ziztu bizian atera ziren Donostiako bi taldeak. Atzerago geratu ziren beste bi taldeak, eta deigarriena, Orio irten orduko hiru segundo atzetik ikusteaz gain, Hondarribia bederatzi segundo galduta ikustea izan zen.

Izan zuen egoera ezohiko horrek azalpena: irteera eman eta segituan, Hondarribia geratu egin zen, irteera balekoa ez zelakoan. Abiadura galdu, eta, berriz lanean erritmoan hasi zirenerako, ospa egin zieten besteek. Orio ere nahasi zuen Hondarribiaren egoerak, Agirre patroiak geratzeko esan baitzien arraunlariei, irteera txarra zelakoan. Baina horiek ez ziren geratu, eta berean segitu zuen Oriok.

Bitartean, Arraunek hartua zeukan estropadaren burua, eta etxean handiren bat egiteko ametsa gauzatzea baleko aukera zela pentsatuko zuten. Baina Orio atzetik aurrera zetorren, eta segundo batera jarri zen estropada burutik ziabogatik metro gutxira. Balizara bitartean jo zuen goia, eta burua hartuta eman zuen buelta ligako liderrak. Bi segundora zegoen Arraun, eta bederatzira Donostiarra.

Bigarren luzean, poparean, Arraunek lortu zuen Orioren parean jartzea, bi taldeak istriborrera joanak zirela, olatuxka baliatzeko. Baina Arrauni joan egin zitzaion trainerua une batean, eta baliteke oker hori erabakigarria izatea gero, azken metroetara segundo baten barruan sartu baitziren bi traineruak. Zati horretan, Oriok olaturen bat baliatu zuen, eta hirugarren bandera eskuratu, Arrauni 1,96 segundo ateraz. Donostiarra 15,42ra sartu zen, eta Hondarribia, 26,60ra.

Gaur, Castron (Espainia) ariko dira lau taldeak [11:40, ETB 1), eta liga bat beherago, ETEn, Portugaleten daukate bosgarren jardunaldia. 12:00etan ekingo diote lanari. Hibaika, Zumaia, Tolosaldea eta Kaiku ariko dira azkeneko txandan. Errenteriako taldea dago ligako buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.