KRITIKA. Antzerkia

Adingabe lagunduak

Antzezlanean parte hartzen duten aktoreak. BERRIA.
Agus Perez.
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun

'SóloCríos-CríosSolos'

Egilea: Paco Gamez. Zuzendaria: Miguel Muñoz. Koreografia: Bego Krego. Mugimendua: Marina Ruiz. Interpretaziorako laguntzailea: Txubio Fernandez de Jauregi. Bideoa: Kalakalab. Antzezleak: Gasteizko Bidebarrieta zentroko etorkin adingabeak. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: maiatzak 4.

Arriaga antzokira sartu garenean publikoaren konposizioak eman digu atentzioa: gazte asko zeuden besaulkietan eserita eta —are deigarriagoa zena— haietariko asko magrebtar edo afrikar itxurakoak ziren. Berri pozgarria, benetan, zeren eta gazteak ez daude antzerkira joaten ohituta eta gure irudimen kolektiboan gehiago lotzen ditugu gazte arrazializatuak kaleko kontrol polizialekin.

Egia da ikusleetariko asko beren harrera edo ikasketa zentroetako hezitzaileen ekimenez etorri direla, baina horrek ez du kentzen gaurkoa bezalakoa bizipen aberasgarria suertatu izana haientzat eta gu guztiontzat. Izan ere, agertoki gainean beraiek bezalako bederatzi gazte egon dira hamar behar ziren baina bat ezin izan da bertaratu naturaltasun osoz taularatzen beren bizimodu hauskorraren gorabeherak, ondo egituratutako emanaldi eszeniko batean.

Antzerki dokumentaleko proiektu hau Zanguango Teatroren eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko antzoki publikoen koprodukzioan sortu da, Paco Gamezen ideia batetik abiatuta eta Miguel Muñozen (Zanguango Teatro) zuzendaritzapean, Antzerkigintza berriak deialdiaren barruan. Ordea, adingabeok antzezle ez direla kontuan hartuta, profesional batzuen laguntza izan dute zenbait arlotan —koreografiak, interpretazioa, ahotsa...—, eta horrek duintasuna eta kalitatea eman dizkio lanari.

Taula gainean mahai luze bat eta haren inguruko aulkiak izan dira elementu eszeniko bakarrak, zikloramako argi-aldaketa polit batzuekin batera, baina denetan politena dramaturgia izan da, Muñozek trebetasun handiz konbinatu dituelako esku artean zituen baliabideak. Horrela izanik, protagonisten sarrerak ere izan dira esanguratsuak: batek publikoa ikusi eta atzera egin du bultzaka sarrarazi duten arte, beste bat baloiarekin jolasean etorri da, hirugarren batek bere akrobaziarako dohainak erakutsi dizkigu, eta neska bakarrak dantza labur batekin aurkeztu du bere burua.

Esan bezala, emanaldiaren oinarria izan dira beren bizipenak —batzuk zuzenean esanak eta beste batzuk aurretiaz grabatuak—, eta haien artean izandako ekintza fisikoak, rap-kantak eta irudi grabatuak mezuaren osagarri polita izan dira emanaldiaren zintzotasunerako. Azken finean, esku-programan azaldu bezala, egitasmoak «ez du migratzaile gazteez hitz egin nahi, baizik eta haiei hitza eman eta entzun, nor diren eta zer esan nahi diguten jakin ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.