Arrauna. Liga

Beste mugarri bat 'Sotera'-rentzat

Santurtzik indartsu hasi du denboraldia, eta sailkapeneko aurreneko postuan da, lehen aldiz. «Gozatzen» ari direla esan du Asier Zurinaga patroiak, aurkariei errespetua dietela ahaztu gabe.

Asier Zurinaga, Santurtziko patroia, arraunlariei animoa ematen, igandean, Zierbenan. AITOR ARRIZABALAGA.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Arraunaren historian, hiru urte eskasean TKE ligara igotzea lortu eta gorengo mailako oilar izateko jauzi egin duten arraun talde gutxi egongo dira. Santurtzi da balentria hori egin duen azken taldea. 2018an, lehen mailako estreinaldian, bosgarren amaitu zuen. Iaz, hirugarren egin zuen, hiru bandera irabazita, eta aurten, oraingoz, lehen bandera etxeratu du, Coruñakoa. Iker Zabalak eskarmentuarekin eta gaztetasunarekin josi du taldea, eta Sotera ontziak garaipen zerrenda luzea duen patroi baten gidaritza du txopan: Asier Zurinagarena (Sestao, Bizkaia, 1971). Galizian erdietsitako banderarekin batera, txapela jaso zuen Zurinagak. 2015etik ez zuen garaipenik lortu. Bandera ez baina txapela, behinik behin, etxean dauka.

Momentuz, Santurtzik erakutsi du bera dela talderik erregularrena eta indartsuena. Hala, aurreneko postuan da sailkapenean, lehen aldiz bere historian. Larunbatean, Donostian, Zurinagak liderraren elastikoa jantzi zuen. Pozik mintzatu da sestaoarra: «Santurtzik, modu progresibo batean, goranzko joera izan du. Talde erdia etxekoa da [22tik zortzi ditu harrobikoak], eta orain fruituak jasotzen ari gara. Lau estropadetan ikusi da banderen lehian ibili garela». Zabala entrenatzailearen hitzak ekarri ditu gogora: «Estropada bakoitzean irabaztera atera behar dugu, eta ezin bada irabazi, gutxienez aurreneko postuetan amaitu».

Hain zuzen, igandean gertu izan zuten garaipena Zierbenan. Zurinagak aitortu du aho zapore «gazi-gozoa» zutela estropada amaieran. «Ohorezko txanda aise irabazi genuen. Baina garaipena gure baitan ez dagoenean, gauza gutxi egin dezakegu». Ezin izan baitzuten hobetu Hondarribiak lehen txandan eginiko denbora.

Aurreneko eta ohorezko txanden arteko baldintzak ezberdinak ziren galdetuta, Soterako patroiak garbi erantzun du: «Irudipena daukat momentu jakin batzuetan haizeak gora egin zuela, eta beste batzuetan behera. Baina ez dut uste aldea ateratzeko baldintzak izan zirenik». Ama Guadalupekoa ontziaren lana nabarmendu du. «Izugarrizko estropada egin zuen, eta, ondo ibiltzen denean, oso zaila da hura menderatzea». Gutxienez, sailkapen nagusian Donostiarrari eta Oriori zioten aldea handitzea lortu zuten. Zurinagak ondorio garbia atera du oraingo estropadek eman dutenaz: «Inoiz baino berdintasun handiagoa dago, eta, egun txar bat izanez gero, puntu asko gal ditzakezu». Orioren eta Hondarribiaren adibideak jarri ditu mahai gainean. «Horregatik, zuhur jokatu behar dugu, eta aurkari guztiei izan behar diegu errespetua».

Ama gogoan

2018an utzi zuen arrauna Zurinagak, baina, urtebete lehorrean egon ostean, Soterako txopara itzuli da. «Duela urtebete ama hil zitzaidan, eta arraunera itzultzeko indarra hark eman dit». Bestalde, miresmena dio Zabalari. «Patroi hobeagoa izaten laguntzen dit, baita arraunlariak zaintzen eta mimatzen ere. Sarritan, patroiok ez gara jabetzen arraunlariek egiten duten esfortzuaz».

Denboraldiari ondo ekin dionez, bigarren bandera irabazteko aukera izango du Santurtzik bihar Lekeition, Bizkaiko Txapelketan (19:00etan). Gipuzkoako Txapelketa, berriz, Orion jokatu da, 18:00etan hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.