Trantzetik ateratzea dute xede

Ligako lehen itzulia amaituta, Reala eta Jolaseta jaitsiera postuetan daude. Ane Segurola eta Caterina Biondi jokalariek«finaltzat» hartu dituzte hemendik aurrerako partida guztiak.

Ezker, Ane Segurola, Realeko jokalaria. Eskuin, Caterina Biondi, Jolasetako jokalaria. BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Nahi eta ezinean dabilen talde batentzat denboraldia ez da batere samurra. Jokoan duen guztia eman, baina ezin nahi beste puntu lortu. Halakoxe trantzean daude belar hockeyko bi euskal talde: Reala eta Jolaseta. Espainiako gorengo mailako lehen itzulia amaitu berritan, jaitsiera postuetan dira biak. Sasoi «gogorra» izaten ari dela ez dute ezkutatu Caterina Biondi Jolasetako jokalariak (Gualeguaychu, Argentina, 1996) eta Ane Segurola Realekoak (Getaria, Gipuzkoa, 1998).

Getxoko (Bizkaia) taldeak aurreko sasoian lortu zuen Ohorezko Mailara igotzea, bi denboraldiz behetik begira egon ostean. Bazekiten horrek exijentzia maila handiagoa eskatuko ziela. «Denboraldia hasi aurretik bagenekien urte zaila izango genuela, eta zelaian bakarrik ez genuela gaizki pasatuko, baita mentalki ere». Azken postuan dira. Bederatzi partidetan puntu bakarra urratu dute.

Realak Jolasetak baino zazpi gehiago ditu, baina ez dago bat eskatzeko eta bi emateko. Azken-hirugarrena doaz txuri-urdinak, bost berdinketa eta garaipen batekin. Hain justu, bizkaitarren aurka jokatutako derbia irabazi zuten 1-2. «Zama handia kendu genuen gainetik», atera zaio barrutik Segurolari. Haren arabera, «ondo» ari dira jokatzen: «Baina emaitzek ez dute hori erakusten».

Bi taldeek badute zer hobetua. Zertan huts egin duten galdetuta, hona hemen Segurolaren erantzuna: «Gola sartzea asko kostatzen ari zaigu». Penalti kornerretako jokaldietan jarri du arreta berezia. «Partidak garaiz errematatzea falta izan zaigu; oldarkorrago jokatu behar dugu». Atzeko lerroan ere badute gabezia. «Defentsa beti izan da Realaren indargunea; baina, beste urteekin alderatuta, taldeak esperientzia txikiagoa dauka, eta maila jaitsi dugu apur bat». Biondik ere eskarmentuak dakarren bertute horren falta igarri du taldean. «Behar baino azkarrago ematen ditugu partidak galdutzat. Esperientziak egoera zailak iraultzeko gaitasuna ematen du». Horretarako, lanean serio dihardute bi taldeak urte berriaren bueltako etenaldi luzean.

Sasoiaren amaieran, hiru talde zuzenean jaitsiko dira. Hala, jakin badakite bigarren itzulian sailkapeneko behealdean dauden taldeen arteko partidek «berebiziko» garrantzia izango dutela.«Neurketa bakoitza finaltzat hartuko dugu», nabarmendu dute.

Bada, bi euskal taldeek otsailaren 13an izango dute balio handiko lehen dema, Santanderren (Espainia). Realak Sardinerori egingo dio bisita. Segurolaren aburuz, azken partidetan talde gisa «indartu» eta «hazi» den arerioa izango dute. Jolaseta, berriz, sailkapenean bi puntutara duen Tenisen aurka lehiatuko da. «Kosta ahala kosta, hiru puntuak lortu behar ditugu», esan du Biondik.

Bakoitzak bere bidea

Hiru urteren buruan, Reala sabaia jotzetik salbazioa lortzeko borrokan aritzera igaro da. Egoerak, ordea, ez ditu ezustean harrapatu. «Jakitun ginen taldean aldaketa zetorrela, eta errealitatea zein den onartu behar dugu». Gainera, getariarrarentzat denboraldia «nahiko aldrebesa» izaten ari da, Bartzelonan Finantza Zuzendaritzako masterra egiten ari baita. «Nik garbi neukan taldeari, nola edo hala, lagundu nahi niola. Entrenatzaileari esan nion Bartzelona inguruko partidak jokatzeko moduan egongo nintzela. Baina, orain, egoera hala behartuta, neurketa guztiak jokatuko ditut. Atzera eta aurrera ibili beharko naiz». Lehiaketa ez-profesionaltzat hartzearen patua.

Biondik Argentinako talde historikoan eman zituen atxurrarekin lehen pilotakadak: River Platen. Berehala nabarmendu zen.Ez da damutzen Jolasetara etorri izanaz: «Asko gustatzen zait Euskal Herria». Segurolaren antzera, Ingurumen Ingeniaritzako Gradua egiten ari da. Biek buruan ondo barneratuta dute: «Ezin gara bizi hockeytik bizi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.