Karlomagno eta Napoleonen arrastoen atzetik oinez

Menditxipira igo dira ibiltariak. Txangoan ere ibili dira. Eta, Urkulura iritsi direnean, esan dute ingurua ez litzatekeela txarra izango beste aldiren batean kontzertu bat egiteko. Naturgune egokia baita.

Karlomagno eta Napoleonen arrastoen atzetik oinez.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko sartaldetik sortaldera mendiz eta musikaren ukituaz zeharkatzen duen egitasmo honen azken zatia iritsi da. Taldekide batzuek bukatu duteberen ibilaldia, eta berriak sartu dira. Odol berria azken etapei ekiteko, Nafarroan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zehar.

IbaƱetako gainean hasi da asteleheneko txangoa, eta berehala harrapatu dute mendizaleek Lepoeder. Handik Menditxipira (1.381 metro) jo dute, Astobizkar albo batera utzita. Napoleon gaina ere deitzen zaio mendi horri, bere tropekin inguru horietan ibili zelako. Karlomagno ere ibili omen zen. Ez da harritzekoa, Pirinioak zeharkatzeko pasaleku naturala baita. Garai bateko lubaki batzuk ere badira bertan.

Txangoa (1.471 metro) izan dute hurrengo gailurra, eta, bertan dagoen hegazkin itxurako postontziari begira, atzean Urkuluko tontorra (1.423 metro) dagoela ikusten dute. Zerbait jan ondoren, Arnoztegi lepora jaitsi, eta ekin diote Urkulurako igoerari. Gailurreko dorre biribila urrutitik ikusten da; famatua da, haren argazki asko zabaldu direlako. Erromatar garaikoa dela diote, eta K.a. I. mendean eraiki omen zuten garaipen garrantzitsuren bat gogoratzeko. Hemezortzi metroko diametroa dauka harresiak, hiru metrorainoko altuera, eta hiru metroko lodiera. Sendoa. Gertu, errausketa errituak egiteko aldare bat zegoen. Mairu baratzeak ere badira inguruan. Independentzia gerran eta karlistadetan zaintza dorre gisa erabili zuten, soldaduak bertatik Orbaitzetako ola eta inguru guztiak ikusten zituztelako. Indar handiko lekua da Urkulu. Hurrengo Urmugaren batean bertan kontzertu bat egiteko ez dela txarra pentsatu dute.

Berriz indarrak hartu, eta poliki-poliki Azpegi mendatera jaitsi dira erromesak. Hortik alde batera, Esterenzubira edo Donibane Garazira jaitsi daiteke, eta bestetik, Orbaitzetara (Nafarroa). Orbaitzetan, garai batean, burdinola eta arma fabrikak izan ziren. Armak eta bonbak egiten zituzten. Koroak bertako burdina eta egurra ustiatu zituen. Frantsesek suntsitu zuten fabrika, Konbentzio gerran, eta 1802an berriz. Baina karlistadetan berreraiki zuten arma ola, eta 1873 arte funtzionatu zuen.

Etapa laburra izan dute hasiberriek, ondoren etorriko direnerako prestakuntza gisa. Azpegiko aterpean emango dute arratsaldea eta gaua, indarrak hartu eta berriro martxari heltzeko. Asko falta al da Hiru Erregeen Mahaira iristeko? Ikusten al da hemendik?

biharko etapa

17. etapa: Bagargia-Larraine (uztailak 30): 12 km; 1.093 m igo, 840 m jaitsi; 6 ordu; Zuberoa, Organbidexka, Pelusegaina, Odeizugaina, Tharta Punta, Zazpigaina, Orhi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.