Koronabirusa

«Koordinazio arazoen» itzalak zabaltzen segitzen du Osakidetzan

Debabarreneko ESIko bi kidek dimititu egin dute; jakin da Santiagon ere langile batzuk txertatu dituztela irizpideak bete gabe. Osakidetzaren txertaketa protokolo berria argitara atera da hedabideen bitartez

Basurtuko erietxea da txertaketa irregularrekin lotutako zentroetako bat (artxiboko irudia). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Beste bi dimisio izan dira Osakidetzan txertaketa irregularrekin lotuta. Debabarreneko ESI erakunde sanitario integratuko zuzendaritzako bi kidek dimisioa eman dutela jakin zen atzo: zabaldu zen informazioaren arabera, txertoak jartzeko ezarritako irizpideak hautsi eta txertoa hartu zutelako dimititu dute bi arduradun horiek ere. Halaber, Argia-k jakinarazi du pazienteekin harreman zuzenean ez dauden hainbat langilek ere txertoa hartu dutela Gasteizko Santiago erietxean, eta kutsatuekin lanean ari diren askok, aldiz, ezetz. Lehengo astean txertaketen gaineko lehen albisteakozendu zirenetik, arazoa handitu besterik ez da egin, eta argi dago Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik asteazkenean Eusko Legebiltzarrean gaiaz mintzatzeko egin zuen agerraldian onartu zuen «deskoordinazioaren» ondorioak ez direla mugatzen, lehen albisteetan esan zen eran, Bilboko bi erietxetara, hots, Basurtukora eta Santa Marinakora; zabalagoa da itzala, ilunagoa, nahasiagoa.

Alde batetik, Basurtuko erietxean sekretupean egin ziren txertaketak bereizi behar dira; ez dago batere zalantzarik horien desegokitasunaren inguruan. Jakina da urtarrilaren hasieran, oraindik txertaketa erietxeetan hasi ere egin ez zenean, xede nagusia zahar etxeak zirenean, erietxe horretako hainbat arduradunek COVID-19aren aurkako txertoa hartu zutela: guztiz arauz kanpo. Kargugabetuta dago hango kudeatzaile Eduardo Maiz. Beste alde batetik bereizi behar da, ordea, beste hainbat ospitaletan txertaketan atzeman den irizpide argien falta agerikoa, planifikazio urria eta administrazioaren kontrolik eza. Halaxe ulertu behar da, esaterako, Santa Marina erietxean gertatutakoa: zentro horretan urtarrilaren 19an «txertaketa masibo» bat egin zela onartu du Osasun sailburuak berak, eta «akats bat» izan zela hori, zeren eta azaldu baitzuen txertaketa «protokoloari jarraituta» egin behar dela, eta, beraz, ez «kolpe bakarrean».

Baina antzeko estrategiei jarraitu diete beste hainbat ospitalek ere. BERRIAk berak lekukotasunak jaso ditu, adibidez, kontatu dutenak Basurtuko erietxean, egin zen txertaketa sekretuaz gain ere, lehentasunak egoki ipini gabe jarridirela txertoak, eta atzo Gasteizko Santiago erietxetik eta Debabarrenako ESItik heldu ziren berriek erakutsi dute «deskoordinazioaren» tamaina uste baino handiagoa dela. Eta ez dira ulertzen zenbait gauza. Atzo bertan, Vocento taldeak sailburuak eta erietxe horretako kudeatzaile Jose Luis Sabasek txertaketa horren harira elkarri igorritako mezuak zabaldu zituen, eta txertaketa isilpean egiteko inolako asmorik ez da ondorioztatzen horietatik: hedabide bat eta dena eraman zuten zertan ari ziren erakuts zezan.

Dimisioaren zioak

Ulertzen zaila da, halaber, Debabarrenako kasua. ESI horretako zuzendaritzako hainbat kideri txertoa jarri zietela onartu zuen Sagarduik asteazkenean, baina horren egokitasuna nabarmendu zuen: izan ere, profesional horiek pazienteekin harremana dutela esan zuen. Horixe berretsi du BERRIAk. Erakunde horretako LAB sindikatuko ordezkari Anafran Astigarragak esan du dimisioa eman duten profesional horiek pazienteak artatzen dihardutela: «Bat, esaterako, ginekologoa da; pazienteak ikusten ditu». Adierazi du, halaber, erakunde sanitario txikia dela, eta han ere ia langile guztiei jarri dietela txertoa. «Lehentasun bat jarri zen: aurrena larrialdietan ari direnei jarri zitzaien», zehaztu du. Kontrol falta eta irizpide argien falta agerikoa da, beraz, egunotako berrien zurrunbiloan.Hortxe irentsita, atzokodimisioen zioa zein den ez dago argi. Haiek ez dute azaldu: arrazoi«pertsonalak» argudiatu dituzte.

Nahasmen horretan, atzo bertan hedabideen bidez jakin zen Osakidetzak eraberritu egin duela COVID-19ko txertaketa arautze aldera onduta zuen protokoloa:SER kateak eman zuen moldaketaren berri. Hor zehaztuta dago zer langile txertatu behar diren aurrena: pazienteekin duten harreman mota eta adina hartzen dituzte aintzat, besteak beste. Zehazten da zentro bakoitzeko langileen %50 baino gehiago ez direla txertatu behar batera, eta aurretiaz abisatuko zaiela tokatzen zaienei. Irizpide horiek irakurrita, eta txertatu beharreko paziente kopuruaren muga aurrez ere jarrita zegoela jakinda, galderak daude airean: esaterako, zergatik heldu ziren erietxeetara berez jar zitezkeen baino txerto dosi gehiago, eta zergatik ez den egin erietxe bakoitzean egiten denaren jarraipen zorrotzagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.