Pastor
DARWIN ETA GU

Denok gara poliziak

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Inoiz ez naiz oso terraza zalea izan, baina uda beteko egunak jatetxe hartako kanpo aldean esertzera bultzatu ninduen. Bikote bat ari da bertan. Ofizialki italiarrak dira; bihotzez, soilik triestetarrak. Atseginak dira. Eta hiztunak. Batez ere, gizona. Maite du sorlekuaren historia eta bitxikeriak azaltzea. Eta Italiak joan den mendearen hasieran Triesten egindako garbiketa etnikoa.

Fabiok ezkaratzean dihardu; emazteak, zerbitzari. Italiako, Erdialdeko Europako eta Balkanetako sukaldaritzak biltzen ditu jatetxeak: etxeko lasagna, cevapcici-a, gulash-a polentarekin, gnocchi-ak pesto gorrian eta lepinja ogia, besteak beste. Postrean sagar-strudel-a eta tiramisua. Hori ere etxekoa. Ederra.

Egun hartan, jatekoa eskatu eta musukoa erantzi nuen. Edaria ekarri eta ikusi ninduenean hauxe esan zidan Elenak, gizabidetsu: «Musukoa janzteko esan dute. Soilik jateko kendu, mesedez». Zorrotzegia iruditu zitzaidan: hondartzatik oso gertu badago ere, jatetxeak kale estu txikia du kokaleku, jende gutxik zeharkatzen duena. Ondoko mahaietan ez zegoen inor. Beraz...

Urrunegi eroan zuen jatetxeko andreak musukoaren kontua? Aukeran, haren jokaera nahiago dut beste muturreko ostalari batzuena baino. Jendeari taberna barruan musukoa soilik jateko edo edateko eranzteko esaten ez diotenena, alegia. Ostalariak herritarrak dira, pertsonak. Beste edozein herritarrek legez jokatzen dute. Nahiz estatistikarik ez dudan, horietako asko —gehienak?— prebentzio arauak betetzen eta betearazten ari diren irudipena dut. Beste batzuk, aldiz, ez —Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerente Hector Sanchezek «esku gogorra» eta «zigorrak» eskatu zituen atzo «ateak ireki eta hiru egunera neurriak hausten ari diren tabernen aurka»—.

COVID-19ak kolpe izugarria eman dio ostalaritzari. Zenbait lekutan hemen baino neurri gogorragoak ezarri dituzte, baina diferentzia nabarmena izan da: han sektore ia guztiak gelditu dituzte, ez soilik tabernak. Eta diru laguntza handiak, oso oparoak, eman dituzte, hemen ez bezala. Orain, Alemania osoko Landkreis edo distriturik gehienetan —439 dira— 100etik beherakoa da intzidentzia tasa 100.000 biztanleko. Atzo lauk baizik ez zuten 200etik gorakoa. Eta bakarrak 300 baino gehiago: Tirschenreuth-ek, Bavarian —eta gu oraindik ditxosozko 500 horiekin borrokan—. Hala ere, itxita segituko dute martxoaren 7ra arte, gutxienez. Europako motorra da Alemania. Ez eman hari ekonomia leziorik EB kapitalistan. Dena den, osasunaren alde egin du. Hori bai, diru mordoa banaturik.

«Ez gara poliziak», argudiatzen dute zenbait lagunek krisi honetan arauak betearazteko esaten dietenean. Ñabardurak ñabardura, esango nuke denok izan garela noizbait poliziak geure gogoko legeak edo mundu-ikuskera ezarri nahi izan ditugunean. Polizia faxistak, polizia kristau-demokratak edo polizia iraultzaileak. Alta, halakoetan ez gara poliziak. Inolaz ere ez. Geure gustukoa ez dena agintzen digutenak, ordea, bai.

Norbait bezero bat molestatzen ari dela ikusi eta gelditzeko eskatzen dion tabernaria ez al da polizia lana egiten ari? Eta garrasika dabilenari baxuago mintzatzea galdegiten dionean, ondoko mahaiko familiaren bakea apurtzen ari delako? Baina basoerdia barran utzi eta tabernan hara-hona musukoa kokotsean zintzilik dabilenari «mesedez, jantzi maskarilla» badiotso, orduan bai: polizia da. Amici, amici...

Triesten dago Europan sexuen arabera banatutako hondartza bakarra. 1890. urtean, Austria-Hungariako Inperioaren garaian, hesi bat eraiki zuten bertan. Alde batean emakumezkoak egoten ziren eta bestean, gizonezkoak. Umeak bietan izan zitezkeen, 12 urte bete arte. Egun, banatuta segitzen du Pedocin hondartzak. Herritar batzuei Frantzisko Jose enperadorearen aroa ekartzen die gogora, Trieste Italiaren barruan ez zegoena. Nekez ikusiko duzu 30 urtez beherako herritarrik han. Beste guztiek araua bete eta irmo eusten diote zatiketari. Ez dute poliziarik behar. Beraiek dira poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.