Albistea entzun

Arrauna

Ametsa baino hobea

Ondarroak etxean irabazi du Eusko Label ligako estropada, lehen txandatik. Marea eta haize aldaketa, eta itsaslaster handiak erabakigarriak izan dira
Ondarroako arraunlariak arraunak gora, eta Iñigo Larrinaga patroia banderarekin, atzo, herrian, garaipena zaleekin ospatzen.
Ondarroako arraunlariak arraunak gora, eta Iñigo Larrinaga patroia banderarekin, atzo, herrian, garaipena zaleekin ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko abuztuak 14

Herriko traineruak etxeko estropada irabaztea ez da kontu zaharra arraunean. Baina azkeneko urte luzeetan, talde indartsuenek soilik lortzen dute hori, salbuespen batzuk gorabehera. Amets bat da ia-ia punta-puntako taldea izan gabe etxean bandera astintzea. Baina gertatzen da tarteka ametsa gainditzea benetako gertakari batek. Atzo, adibidez.

Ondarroan, zeinek astinduko Eusko Label ligako hamahirugarren jardunaldiko trapua eta etxeko taldean ari diren arraunlariek, herriko kantu zaharrak dioen bezala, amets egin itsasgizona, zure ametsa gerta leiteke-ta. Zeinek jasoko bandera urdin eta gorria, eta Iñigo Larrinaga patroiak, herriko semeak.

Aurreneko txandatik lortu zuen balentria. Eta hori gertatzen denean, beste eragile batzuen bultzada izan ohi du garaileak. Baita atzo ere. Batetik, haizeak indarra hartu zuen bigarren txandatik aurrera, eta, bestetik, marea aldaketa dago: aurrenekoa urak goia hartu baino pixka bat lehenago jokatu zen, eta beste biak ura behera hasia zegoenean. Bada hirugarren osagai bat ere, oso garrantzitsua atzo: itsaslasterren indarra. Ilargi handiak dantza handia eragin du egun hauetan ere putzurik handienean.

Kontuak kontu, Ondarroak gauza bat egin zuen lehendabizi, geroko pozarekin festetan den herria txoratu aurretik. Txanda irabazi zien Cabori, Santurtziri eta Aresi. Bazen nahiko altxor, bestela ere. Estropadari azken-hirugarren lekuan ekin zion, mamuak gertu zituela, eta, orain, sei atzetik utzi du azken-aurrekoa, Santurtzi. Jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko bidea zabalagoa du orain.

Ondo ospatu zuten Antiguako Ama traineruan txandako garaipena, aurreko larunbatean Hondarribian bezala. Flako dabilenak gutxi behar du goseari min pixka bat kentzeko, txikia izanda ere. Nekez pentsatuko zuten zer zetorkien gero. Edo agian, bai, emana baitzegoen haize eta eguraldi aldaketa. Han geratu ziren uretan, zer gerta ere.

Gertatu zena izan zen iragarpenek asmatu egin zutela. Bigarren txanda bigarren aldiz jokoan jarri eta berehala —aurrenekoan, bizkorregi atera ziren Kaiku eta Zierbena, eta hiruna segundoko zigorra jaso zuten—, Ondarroa nabarmentzen hasi zen Getaria, Kaiku, Isuntza eta Zierbenarekiko. Txanda jokatu gabe, bigarren txanda hori irabazten ari zen etxeko trainerua. Urak irakin puntua hartuta zeuden, eguraldia ilunduta, eta eremuaren kanpoaldean, olatuxka hasita zegoen kulunkan. Mendebaldetik estropada osoan jotzen aritu zen haizeak indar handiagoa hartu zuen, eta hori ere aldeko Ondarroak. Kalterako, besteentzat.

Ordurako arreta oraindik jokoan jarri ez zen hirugarren txandan zegoen. Ikusirik bigarrengokoek ez ziotela Ondarroari irabaziko, gai izango ote ziren ligako izarrak etxekoen begietako distira iluntzeko? Erantzuna jakin baino lehen, bigarrengokoek bukatu zituzten lanak. Estu bukatu ere Zierbenak, Getariak eta Kaikuk. Hurrenkera horretan sartu ziren, baina, zigorrak tarteko, Getaria txandako irabazle. Isuntzak egin zuen laugarren, eta, alboan izandako traineruek ez ezik, aurreneko txandakoek ere denbora hobea egin zuten.

Heldu zen, hortaz, Urdaibai, Donostiarra, Orio eta Hondarribiaren arteko lehia. Kaleetan, hurrenkera horretan zirela, estropada hasieratik ere Bermeokoak beste hiruren aurretik. Atzetik, handiagoa zen dantza. Sendo ari zen ligako liderra, eta, atzekoen artean, Hondarribiak hartu zuen burua. Ez zion utziko joaten postu horri. Donostiarra izan zuen atzetik, eta Orio, atzeen.

Lehiak txanda horretatik ere kanpo egiten zuen eskapu. Lau traineru horien artekoa ez ezik, Ondarroaren denborak ere bazuen zeresana. Baita beste taldeen postu dantzak ere, edozein sar baitzitekeen edozeinen artean. Halakoetan, kalteak ordainak baino handiagoak izaten dira nabarmen, eta kezkaren ura gainezka eginda zegoen hainbat taldetan.

Urdaibairen eta Ondarroaren arteko aldea txanda hasieran bakarrik egon zen Bermeokoen alde, haizeak su etentxoa eman zuenean. Berriz itzuli zen, baina, indarrez, eta hiruzpalau segundora igo zen tartea azkeneko luzean. Etxekoen kolorea hartzen ari zen estropada, eta urdinez eta gorriz margotu zen azkenean.

Atzean, iraultza berriz ere

Uda itsusi zihoan Ondarroarentzat. Gauza bat nahi, baina ezin, eta ez jaisteko lehian sartuta. Tentsio horiek guztiak atera egin ziren banderaren jabe zirela jakitean, eta negar egin zuen Iñaki Errasti arraunlari eta entrenatzaileak, adibidez. Iaz Zierbenan lorturiko trapuari beste bat gehitu zion taldeak atzo. Baina lehiak ez du etenik.

Postu dantza izan zen atzo ere sailkapen nagusian, eta, batez ere, atzean. Aresek kondena beltzean segitzen du, eta Santurtzik ere bai, azken-aurreko, atzo bosgarren eginda ere. Ondarroaren jauziak Isuntzaren hondamendia ekarri du. Azkena izan zen atzo, eta Santurtziren gainera erori da, puntu aleren baten aldearekin bakarrik.

Atzokoaren beste ondorio bat gaurko txandetan ikusiko da. Castro Urdialesen (Espainia), 12:13ean, aurrenekoan Getaria, Zierbena, Kaiku eta Isuntza joango dira. Bigarrengoan, Santurtzi, Ares, Donostiarra eta Orio. Eta hirugarrengoan, Ondarroa, Cabo, Urdaibai eta Hondarribia.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jonas Vingegaard iaz, Euskal Herriko Itzuliko azken etapan, Arraten. ©JUAN HERRERO / EFE

Vingegaard izar nagusia Itzulian

Beñat Mujika Telleria

Frantziako Tourreko garailea Euskal Herriko errepideetan izango da. Daniel Felipe Martinez iazko txapelduna ere lehian izango da. Lasterketa apirilaren 3tik 8ra jokatuko da

Meriem Ezbida Zuazoko atezaina, atzo, entrenamendua hasi aurretik. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Buruari partida irabazi nahian

Iñigo Lasa

Zuazo eskubaloi taldea bolada txarrean da, eta Meriem Ezbida atezainak onartu du «psikologikoki nekatuta» dagoela taldea. Gaur Valladoliden jokatuko dute (19:15).

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Pizgarri ederra da aspaldiko lagun batekin txapeldun izaten saiatzea»

Julen Etxeberria

«Gustuko tokian» daudela dio Altunak: hark eta Tolosak finala jokatuko dute igandean Bilbon, Elordiri eta Zabaletari irabazten badiete. «Txapelketa biribila» egin dutela dio, eta argi utzi du inola ere ez litzatekeela porrota izango finaletik kanpo geratzea.
Sebastian Coe World Athleticseko presidentea, iaz. ©Erik S. Lesser / EFE

Munduko Atletismo Federazioak debekatu egin die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea

Julen Otaegi Leonet

Emakumezkoen lehiaketak «babesteko» erabakia dela dio Sebastian Coe federazioko presidenteak; emakume transek zein sexu garapen desberdina duten kirolariak ezingo dute lehiatu nazioartean baldintza batzuk bete ezean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...