Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

Mutil bat irakurtzen!

2014ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
atera zitzaidan eserleku batean gazte bat liburu batekin ikustean. Eta adiskideak behin baino gehiagotan apokaliptikotzat jo izan nauenez, ahoan atxiki nuen 'Miraria!' hitza. Gainera, Bartzelonan ikasitakoa izaki, seguruenik sant Jordi gogoan, liburu bat ekarria zidan opari, eta Abendaño okindegian Itsasok eta Arratek egiten dituzten arrosa-gozoki lurrintsu horietako bat, eta ezin adiskidearen bizipoza zapuztu.

Floridako parke udaberritsuan besotik helduta genbiltzala, berriro ere ezustean, kukua entzun genuen, eta harrigarria iritzi genion. Zikoinen hegaldi zuri-beltza ikustera ohituak egonagatik, ez batak ez besteak egundo ez dugu kukuaren kantua hiri-hirian entzun. Aldean diru apur bat ere bageneraman, eta pozarren jarraitu genuen bidean aurrera. Liburuak egun guztiak behar dituela aldarrikatu genuen —aurreko eszenaren normaltasuna, alegia— eta adiskideak Xuan Bello idazlearen esana berritu zidan: «Benetako analfabetoak irakurtzen ikasi bai, eta irakurtzen ez dutenak dira». Segidan Idazle Elkarteak aspaldidanik —O tempora, o mores…— antolatu ohi duen Idazleak Ikastetxeetan kanpainaz galdegin zidan. Neure buruaz eta lanaz jardun beharraren asperduria gorabehera, aitortu nion benetan emaitza bikainak ematen jarraitzen duela. Ikustekoa dela hainbat eta hainbat ikastetxetan irakasleek eta liburuzainek egindako lana, jarritako ilusioa; ni neu, behinik behin, nekaturik bezain bihozberriturik irten izan naizela azaldu nion. Adiskideak berriro ere nabarmendu zidan, izatekotan, gaur egungo neska-mutilak izango direla geroko irakurleak, eta benetan zaindu behar ditugula: «Zetazko papera bezalakoak dira, edozerk uzten die arrastoa. Sinergiak bilatu behar ditugu, konplizitateak: Galtzagorri, Itzultzaile Elkartea, Editoreak, liburu saltzaileak, bibliotekariak… Bide batez, zorionak Radio Vitorian egiten ari zareten Bebarruan irratsaio bikainagatik!».

Adiskidea koloretsu bezain adoretsu etorri zenez, ezin nion adierazi bizi gaituen telerrealitatean telefonoaren presentzia gero eta handiagoa iruditzen zaidala, gero eta eraginkorragoa: lehen, tranbian edo itxaronaldietan banaka batzuk liburu bat eskuetan ikusten ziren bezala, orain jende gehientsuena telefonoari begirik kendu gabe egoten dela; konpultsiozko irakurketa dela gaurkoa —eta, bidenabar, idazketa—, dispertsoa guztiz; eta berehalakotasunak, azkartasunak ez digula uzten testu luze edo konplexuetan barneratzea. Baina ezin halakorik adierazi berriro ere, beste eserleku batean, beste gazte bat —neska, oraingoan— irakurtzen agertu zitzaigulako. Eta, era berean, ezin isilik egon: «Ez diete ordainduko hor egoteagatik, ala? Irakurle itxurak egiteagatik…». Adiskideak barre zantzoa egin zuen arren, gogora etorri zitzaidan, bestorduz, literaturak espektakuluaren gizartean protagonismo eta glamour handiagoa zuenean, Arabako Aldundiak diru laguntzak eskaini ohi zituela Gasteiz edo gure lurraldea beren liburuetan agertzen zutenentzat. Eta, diruarekin batera, hoteleko egonaldia: Lucia Etxebarria dut gogoan eta, ororen buru, Ken Folletek protagonizatutako foiletoia… «Boutaderik ez, otoi: nork ordainduko zien horretarako?».

Eta Floridako parke udaberritsuan besotik helduta genbiltzala, halako batean igelen kukulotsa entzutean, isilean geratu ginen. Nonbait irakurria dut landa etxeren bateko bisitarien harriduraren berri: atarira irtetearekin batera, beti entzuten zen printzegaien kantua; behin batez bila hasirik, igelen ordez aparailu bat topatu zuten, mugimendua sumatzean haien kli-klua imitatzen hasten zena. Naturaren fartsa. Kulturarena. Politikarena (orain urtebetetsu, ongitxo oroitzen dut, G8ko liderrak Irlandan elkartzekoak zirenez, eta ez baitzen komeni haiek bertako hondamendi ekonomikoa ikusterik, etxaurreak eta eskaparateak pintatu, eta argazkiz apaindu zituzten, auto arranditsuetatik Fermanagh-eko ustezko etxe ederrak eta negozio dirdaitsuak ikus zitzaten: 300.000 liberatan atera zitzaien simulakroa). Eta amodioarena. Zeren, bat-batean, adiskidea desagertu, eta ku-ku urrun bat entzun bainuen, basoko berdamenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.