Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

Idazteari ekin nahi ziola

2013ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
aitortu zidan, ostadarra bezalako irri bihotz altxagarri batekin, eta begiak begietan geratu zitzaidan, esaten ahal nionaren esperoan. Tolstoiren esana berritu nion orduan: «Idaztea ez da zaila, ez idaztea baizik»; aitzitik, jendetasunagatik besterik ez bazen ere, adiskideari ez nion oroitarazi Jaime Gil de Biedmak halako batean idazteari uztea erabaki zuela: «Azken batean, normalena irakurtzea da».

Gara egunkariko 'Mugalari' gehigarrian —O tempora, o mores…— behin Agustin Fernandez Mallori (2009-IX-25) elkarrizketa egin zioten, eta gogoan dut galdegin ziotela ea literaturak galdua duen liluratzeko dohaina, eta idazleak orduan: «Bai, ezta? Gaur egun, liluramendua zinemaren eskutik dator, mugimenduan den alderdi bisualetik, pantailetatik. Literatura azken plazer burgesa da, izan, eta hutsaren hurrengoa, gizartean duen eragina guztiz hutsala baita. Pertsona aldatzen lagun dezake —ez da gutxi—, baina Paris Hiltonen azken deklarazioek eta merkatuko azken berritasunek eragin handiagoa dute urte osoan idatzitako nobela guztiek baino». Alabaina, mihia txuloan nik: ez nuen adiskidea hastapenetik gogogabetu nahi izan. Orduan, haren begirakune kuriosaren aurrean, adierazi nion erabaki bikaina zela eta, maila pertsonalean behinik behin, onura baino ez ziola ekarriko.

'Nola maila pertsonalean…?', jaurti zidan, kasik purrustadaka, 'agian konpetentziaren beldur zara…?'. Arrazoi zuen, ez nuen asmatu, antza, nire iruzkinarekin, baina ez jakin nola galdegin ea zertarako, ea norentzat idatzi nahi zuen, ea publikatu nahi zuen, ea famatua izan nahi zuen… (beharbada Dolores Redondok bere El guardián invisible/Zaindari ikusezina nobelarekin lortu berri duen arrakasta nuen gogoan; eta nik ezin esan Atxagak Erlea aldizkarian Euskal Herrian egon daitezkeen 1.700 literatur irakurleak aipatzen zituela, eta berriki Jose Maria Guelbenzuk Espainiarako 10.000ko kopurua jasotzen zuela). Irri firfira nik egin nion orduan. Baina zerbait esan behar, eta adierazi nion Internet-ek, Gutenberg-ek inprentarekin baino aldaketa sakonagoak ekarri dituela eta, paradoxikoki, imajinaren aroan —edo diktaduran— sartzekotan ginela zirudien honetan, sareen sareak Gutenberg galaxiara itzuli gaituela, erabat itzulipurdikatu dela idazle eta irakurleen arteko aldea: direnek eta ez direnek idazten dute egun, eta denek ala denek ere dute zer esana. Zeharka, adiskideari galdegiten ari nintzaion ea blog bat zabaltzeko asmotan zen, ea zer idatzi nahi zuen, eta non.

Gogoan dut aurreko batean, agente batek nire nobela baten balizko itzulpena hizpide, zailtasunak aipatu zituela, hain zuzen ere nobela literarioa zelako (sic!). Gogoko ditudan hainbat idazle etsipenak jota daude erabat: literaturak galdu egin du lehen zuen zentralitatea eta oihartzuna, eta haiek galdu egin dute, halaber, lehengo tentsio kreatzailea. Gogoko nituen idazle batek baino gehiagok, orain, beren nobelen hiru amaiera eskaintzen dizkiote editoreari, hark salgarriena hauta dezan. Egiaz, Paris Hiltonen azken deklarazioak edozein literatur lanek baino oihartzun handiagoa du. Eta gogoeta horiek erabat itzalia zidaten irriñoaren aztarnarekin, adiskide mamiari begirakune sarkorra josi, eta galdegin nion: 'Edonola ere, ez diozu irakurtzeari utziko, ala?'. Ohi duen bezala, maleziaz begiratu zidan hark orduan, eta erantzun zuen: 'Ezta pentsatu ere! Eta benetan diotsut: zure hurrengo lana irakurtzeko irrikaz nago'. Ez bat eta ez bi, eskutik gogotsu heldu, eta paper denda batera eraman nuen. Edonon eta edonorako idatzirik ere, Moleskine kaier bat egin nion opari, berak idatzitako oro plazerez irakurriko nuela egin nion promes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.