Patxi Zubizarreta.
Literatura. Hirudia

'entre chien et loup'

2014ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
esaten diote frantsesek ilunabarreko ordutsuari, une horretako argitasun lausoarekin ez baitago zakurra otsoarengandik bereizterik. Beharbada horrexegatik ikaratu nintzen, eta aztoratu, parkeko ilunpetatik irtendako norbaitek, atzealdetik begiak estali, eta iluna ilunagotu zidanean. Berehala lasaitu nintzen, hala ere: «Esku horiek, lurrin hori, nahastezinak zaizkit». Ilunkerako bitarte anbiguo hori azaltzeko, arabiarrek hari zuria beltzetik bereizterik ez dagoen momentua aipatzen dute, baina nik argi izan nuen adiskidea etorria zitzaidala. «Asko itxaronarazi al dizut?», galdegin zidan, eta orduan nik: «Zuk sekula ez didazu itxaronarazten».

Erromatik etorri berri, adiskideak kontatu zidan Sixtina kaperan zegoelarik, bihotza golkora igo zitzaiola alboko emakume bat eskutrapu baten antzera jausi zenean, ziplo, hilik balego bezala. Zerbaiten susmoa harturik, edertasunaren aurreko zorabioa aipatu nion, Stendhalen sindromea, alegia: bihozkadak, nortasun eta orientazio senaren galera, bertigoak, gorriak eta beltzak ikustea… Adituek artearen ataketzat dute, eta hyperkulturemia ere esaten diote. Eta gaur egun artea erlijioaren ordezko psikologiko bilakatu ote den eztabaidatzen hasi ginelarik, Stendhalen esaldi bat etorri zitzaidan akordura: «Jainkoa noiz agertuko gaudelarik, Patuak, haren lehen ministroak, hark bezain ongi gobernatzen du mundu triste hau». Baina laster itzuli ginen Henry Beylerengana, izan ere, ustezko zirrara estetikoak erasan zionean, idazleak artean ez baitzuen Stendhal nom de plume edo ezizena hartua.

Eta gaiak 1811ko Florentziara eraman baikintuen, Stendhalen kontraesanak ekarri nituen hizpidera, aski desberdina baita egunerokoan kontatzen duena eta, gerora, Roma, Napoli eta Florentzia testuan deskribatzen diguna: «Santa Croceren portikotik irtetean, taupada bortitzak jasan nituen… Neure baitako bizi iturria bat-batean lehortu, eta une batetik bestera lurrera jaustekotan ibili nintzen». Adiskideak gertakarien segida logika nabarmendu zuen: «Zerbait fisikoa ere izan zitekeen, ze, burua atzeraka eramanda, horma bati luzaroan begira egonda, burua istantean jaso, eta elizako barrunbe hotz, ilun eta isiletik kanpoalde jendetsuko zalaparta eta argitasunera irtetean normala da zorabiatzea… Edonola ere, Firenze Spettacolo aldizkariak garbi ohartarazten du zein toki saihestu behar den halako estutasunik ez izateko».

Une hartan nik neuk eraman nuen burua atzera, eta aldameneko pago luzangari begira geratu nintzaion, Florida parkeko berdamenean hosto gorriztaz jantzia. «Ez al da ederra, udaberri betean, udazkenean sentitu ahal izatea?». «Fagus sylvatica purpurea», zehaztu zidan adiskideak, «ematen du hostoen urre koloreak abegi ona eskaintzen digula». Eta ilunkerako ordu gero eta ilunago horretan, gora begira geratu ginen: «Ehun bat irakurlerentzat idazten zuen Stendhalek —Je n'écris que pour cents lecteurs— zoriontasun promes gisa definitzen zuen edertasuna…», atera zitzaidan; baina ez nuen amaitzerik izan, zeren adiskideak lurrera bultza egin, eta luze-luze etzanarazi baininduen pagoaren hostaiaren azpiko belarretan. «Turkiarren artean, zera esaten da: lurrean lo egiten duenak, ohetik jausteko arriskurik ez», azaldu zidan.

Ni aipatzekotan egon nintzen, Sixtina kaperaren antzeko zirrara, Atharratzetik hurbil dagoen Arhan herrixkako baseliza miniaturazkoan sentitu izan dudala, eta hurrena hara joan gintezkeela. Baina adiskidea ordurako parkeko ilunean desagertua zen, ordutsu horretan agian orein bilakatua, Erdi Aroko balada misteriotsuetan bezala. Eta ni ere barneratu egin nintzen, nork jakin, gizon edo gizotso. Baina biak ala biak ere zoriontasun bila, edertasunaren xerka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.