LEHENGAIAK

Altzairu bobinak, Alemaniako galdategi batean. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aluminioa. Lurrazaleko elementu ugarienetan hirugarrena da. Industrian erabilera ugari ditu: autogintza, makina erreminta, elektronika... Bauxita minerala da aluminioaren osagai nagusia. Bauxita ekoizle nagusiak Australia (%29), Ginea (%24) eta Txina (%19) dira. Bere industria produkzioa elikatzeko, Txinak munduko aluminioaren %60 kontsumitzen du, baina ia-ia findutako aluminioaren ekoizpena gai da eskari handi horri aurre egiteko.Aurten, uztailera arte 1,07 milioi tona metrikoren defizita egon da munduan. Prezioak aurten %9 igotzea espero zen, baina irailera arte %45 garestitu dira. Gineako estatu kolpeak joera areagotu du azken asteetan.

Kobrea. Garai digitalean eroale nagusia da kobrea, eta haren kontsumoa %26 handitu da azken hamarkadan. Azken hiru urteetan eskasia egon da, eta joera areagotu da pandemian: 1,04 milioi tona metrikoren defizita egon da uztailera arte. Datozen bi urteetan ere defizitak izatea espero da. Txilen eta Perun daude mea nagusiak. Urtebetean, %41 garestitu da. Ondorengo urteetan, meatze proiektu berriak egingo dira Txilen, Kongon, Mongolian, Indonesian, Panaman eta Perun.

Nikela. Egun batik bat altzairugintzan erabiltzen bada ere, auto elektrikoen baterien osagai garrantzitsua izango da. Fitch rating agentziak kalkulatu du datorren hamarkadan urteroko kontsumoa %29 handituko dela, litioaren eta kobaltoaren eskaria gainditurik. Nikel mea nagusiak Indonesian, Filipinetan, Errusian eta Kaledonia Berrian daude, eta nikel finduaren ekoizle nagusiak Txina, Indonesia eta Japonia dira. Urtarriletik uztailera 44.700 tona metrikoren defizita egon da, eta %27 garestitu da urtebetean.

Burdina. Altzairuaren lehengaietako bat. Urteko lehen bost hilabeteetan %45 garestitu da, eta uztailaren 16tik nabarmen behera egin du, batik bat Txinako altzairu enpresen eskariak behera egin duelako, argindar arazoen eta gobernuak ekoizpena mugatzeko aginduen eraginez.

Eztainua. Gehien garestitutako lehengaia. Aplikazio ugari ditu, eta gakoa izan liteke litiozko baterien eraginkortasuna hobetzeko. Iragan astean, inoiz baino garestiago jarri zen:36.881 dolar tonako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.