Ikuspuntu jaialdian 21 lan izango dira lehian

Hamalau herrialdetako dokumentalak erakutsiko dituzte Sail Ofizialean

Young and Beautiful lana aurkeztuko du Marina Lameirok. IKUSPUNTU JAIALDIA.
Ainhoa Sarasola.
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Arteari buruzko gogoetak, desoreka sozialak, poesia, intimitatea, migrazio mugimenduak, natura, denboraren iragaitea... Askotariko gaiak dituzte hizpide Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialerako hautatu dituzten 21 filmek. Heldu den martxoaren 5ean hasiko da Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiaren XII. aldia, eta, bost egunez, hamalau herrialdetako lanak erakutsiko dituzte Sail Ofizialean. Horien artean, lehen aldiz, bi zinemagile nafarren lanak daude: Young and Beautiful aurkeztuko du Marina Lameirok, eta Yours Truly Maddi Barberrek, Charlotte Hoskins eta Christopher Murrayrekin batera zuzendu duen film laburra.

Orotara, 867 film aurkeztu ziren Sail Ofizialean lehiatzeko, eta horien artetik aukeratu dituzte 21 lanak Garbiñe Ortega festibaleko zuzendari artistikoak, Nuria Cubasek, Matias Piñeirok, Maria Palacios Cruzek eta Aitor Gametxok osatutako batzordeak. Zortzi film luze eta hamahiru labur erakutsiko dituzte, eta horietako bakoitza «bere kalitate estetikoagatik» eta dokumental esperimentalen arloan egiten duen ekarpenagatik hautatu dutela adierazi du jaialdiak, ohar bidez. «Askotariko lanak dira bai gai eta bai forma aldetik, eta ez dira kontatzearekin konformatzen; nola kontatu ere badute kezka, eta ikuspuntu berri bat bilatu dute».

Film luzeen artean daude, besteak beste, Juliana Antunesen Baronesa (Brasil) eta Lizzie Oleskerren The Washing Society (AEB). Film laburren artean, berriz, Margaux Guillemarden 26 Rue Saint-Fargeau (Frantzia), Helga Fanderlen Configuration in Black and White (Alemania) eta Jonathas de Andraderen O peixe (Brasil) daude hautatuen artean, besteak beste. India, Erresuma Batua, Kanada, Txile, Italia, Libano, Qatar, Letonia eta Portugalgo lanak ere badira Sail Ofizialean. Epaimahaia osatuko duten lau kideren izenak ere aurreratu dituzte: Rebecca Baron, Paolo Moretti eta Nicolas Pereda zinemagileak, eta Fran Gayo programatzailea.

Baina Sail Ofizialetik kanpo ere izango da zer ikusia. Jaialdiko saio berezietan, esaterako, Euskal Herrian ondutako bost lanez osatutako zikloa egingo dute: Arantza Santesteban eta Irati Gorostidiren Euritan; Koldo Almandozen Plàgan (Izurria); Jaione Cambordaren Rapa das bestias; Jesus Maria Palaciosen eta Iñigo Jimenezen Ur artean; eta Ines Garciaren Winterreise, variación bildu dituzte ziklo horren barruan.

Bestalde, arte sorkuntza kolektiboaren inguruko laborategi bat egingo dute martxoan, Iruñean eta Gasteizen. Gaurtik dago aukera izena emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.