Arrauna. Kontxako Bandera

Ilusio ziurgabe bat

Kontxako Bandera lortzeko lehia zabalik utzi du tarte murritzak. Andrea Astudillok uste du aurkari zuzenak alboan izan balituzte hobeto arituko zirela

Arraun Lagunak-ekoak, igandeko estropadaren ostean lehorreratzen. Pozik baina zuhur agertu ziren donostiarrak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Desiratua denak ailegatzeko patxada izaten du. Kontxako Bandera eskuratzeko lehen urratsa egin du Arraun Lagunak-ek, baina ontzi zuriko arraunlariei luze egingo zaie datorren igandera arteko aldia. Segundo bat eta 64 ehunenen aldea dute Orio bigarren sailkatuarekiko. Tartea murritzegia da segurtasunez hitz egiteko.

Ziurgabetasunak bernizatutako ilusioa dute Lugañene-koek. Denborarik onena egin duenaren konfiantzaz, baina hobetzeko esperantzarekin igaroko dituzte egunak, nahiz eta zalantzaren mamua uxatzea zaila izan. Hargatik, bistakoari heltzea nahiago dute: gaur-gaurkoz, ondoen kokatuta daude bandera eskuratzeko lehian. Orain artean asmatu egin dutelako daude kokapen horretan.

«Oraingoz, balorazioa oso positiboa da», esan du Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroiak (Zierbena, Bizkaia, 1999), sailkatze estropadari eta herenegungo lehen jardunaldiari erreferentzia eginez: «Bietan lehen postuan sailkatu ginen, eta pozik gaude, maila ona eman dugulako».

Igandean tarte txikia egon zen Arraun Lagunak-en eta Orio bigarren sailkatuaren artean, eta bigarren jardunaldia «emozio handikoa» izango dela aurreikusi du Astudillok. Haren esanetan, alde handiagoa eduki nahi zuten estropada erabakigarrirako: «Baina ez da posible izan. Gustura gaude, halere, tarte txiki hori gure aldekoa delako, eta aprobetxatzen saiatu behar dugu. Konfiantza handia dugu».

Kontrarioak gertu izan nahi ditu. Herenegun aurkaririk irmoenak txanda berean aritzearen falta sumatu zuen: «Lehia horrekin gure maila handiagoa izango litzatekeela uste dut. Haien erreferentziak bagenituen [bigarren txandan aritu zen Arraun Lagunak], baina beste traineruak alboan izatea ondo egongo litzateke».

Nolanahi ere, Kontxako igandez emakumezkoen estropadetan sekula egin den denborarik onena egin zuen Lugañene ontziak: 10.31,62. Gertu izan zuen estropada eremuko marka ontzeaere, 2011ko sailkatze estropadan Getaria-Tolosak ezarritakoa(10.29,64). Horren inguruan, Astudillok bitxikeria bat azaldu du: «Urte osoan, gure artean esaten aritu gara estropadaren batean 10.30eko denbora egin behar genuela. Bai ligan eta bai atzo, 10.31n geratu gara. Kontuak kontu, igandeetako errekorra da, eta hori poltsikoratu dugu».

Izan ere, denboraldiari ginga jartzeko bidean daude Arraun Lagunak-ekoak, baina badaki Kontxako emaitzak oso bestelako kolorea emango diola balantzeari. Hargatik, Astudillo hobetzeko asmoz dago sasoiko azken egunetan, eta arraunketari egin dio erreferentzia. Lemazainak esan du azken urtean urrats sendoak egin dituela ontziak, baina epe laburrera begira badu hobetzeko nahirik: «Oraindik ez dugu gure onena ematea lortu, eta gustatuko litzaidake denboraldia amaitu aurretik egitea». Sasoia bukatzeko estropada bat falta du Arraun Lagunak-ek.

Banderan jarria dute soa

Sasoi zoragarri bat «borobiltzeko bidean» dago Arraun Lagunak.Euskotren ligako garaikurra lortuta, Kontxako Bandera eskuratzea dute xede. Aste honetako prestakuntza gako izango da, Astudilloren esanetan: «Ea nola antolatzen dugun, bai arlo fisikoan, baita psikologikoan ere. Ea historia egitea posible den». Izan ere, handia egin dezake Juan Mari Etxaberen taldeak. Donostiako traineru batek 1950ean irabazi zuen Kontxa azkeneko aldiz, eta balentria berriz lortzeko kokapen ezin hobean dira Arraunekoak.

Kontrarioari zor zaion errespetua galdu gabe, baina banderaz hitz egiten ari direla aitortu du donostiarren patroiak: «Presente daukagu. Berriz historian sartzea polita izango litzateke, bai Donostiako traineru batek berriz irabaziko lukeelako, baita emakumezkoetan Donostiako lehenak izango ginatekeelako ere».

Patroiaren arabera, lan handia egin beharko dute horretarako, baina lantzean behin izaten dute agintarien ontzira igotzearekin lotutako burutazioren bat: «Irudikatu dugu, hitz egin dugu horretaz, baina gutxi. Esaterako, esan dugu arduratzen gaituena dela banderak duen pisuarekin hura uretara erortzea». Baina, horretarako, irabazi egin behar lehendabizi; datorren igandean ikusiko da lortu duten ala ez, estu baitaude kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.