Albistea entzun

Azken puntadak Balentziagari

Disney Plusek 'Balenciaga' telesaila aurkeztu du. Iragarri dute Alberto Iglesiasek jarriko diola musika. Bi aste falta dira grabazioa amaitzeko
Alberto San Juan aktorea, atzean Balentziaga begira duela, atzoko aurkezpenean.
Alberto San Juan aktorea, atzean Balentziaga begira duela, atzoko aurkezpenean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko irailak 23 - Donostia

«Saiatu gara gure Cristobal gure diskurtsoaren barruan kokatzen, ikuslea ere, nolabait, identifikatua senti dadin». Horrela laburbildu du Jose Mari Goenaga zuzendariak Cristobal Balentziagari buruz eman nahi izan duten irudia, eta espekulazioaren eta zorroztasunaren artean egin behar izan duten oreka lan guztia. Zinemaldiaren testuingurua aukeratu du Disney Plus plataformak Balenciaga telesailaren aurkezpena egiteko, eta azken puntadak baino ez zaizkiola falta iragartzeko. Berritasun bat jakinarazteko ere bai: Alberto Iglesias konpositore donostiarra arduratuko dela telesailari musika jartzeaz.

San Telmo museoko klaustroan izan da aurkezpena. Olograma bihurtutako pantaila bat ageri da aurrez aurre. Eta Balentziaga bera ari da gortina artean kikuka. Aldiko errepikatzen da efektua. Inpresioa eragitea bazen helburua, ederki lortu dute. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari eta gidoigileak, Lourdes Iglesias gidoilari eta sortzailea, Alberto San Juan aktorea, Sofia Fabregas Disney Plus plataformak Espainian duen presidenteordea, Bina Daigeler diseinatzaile eta jantzien arduraduna, eta Xabier Berzosa Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeetako ekoizlea.

'Biopic' soila baino gehiago

Hamasei aste daramatzate telesaila grabatzen, eta bi baino ez zaizkie falta. Donostiako Prim kaleko etxe batean aritu ziren atzo, eta aurkezpena amaitu baino lehen joan behar izan zuten grabatzera aktore nagusiak eta hiru zuzendarietako bik. «Erronka handia» izan dela onartu du Jose Mari Goenagak: aurreneko telesaila, denbora eta erritmoetara egokitu beharra, istorioak kontatzeko moduetara moldatu beharra... «Saiatu gara errespetatzen horren ezezaguna baina ezaguna ere baden Balentziagaren garai hori. Oreka bat lortzen hari buruzko espekulazioen eta zorroztasunaren artean», azaldu du. Eta urrunago joaten ere bai: «Biopic soil batetik harago joaten. Pertsonaiak hitz egin diezagula guri ere, geure burua islatuta ikusteko. Autoretzari buruz hitz egin nahi baikenuen, kontrolerako beharrari buruz, sormen prozesuetan eta bizitzan inguruko guztia kontrolatzeko sortzen den behar horri buruz. Eta hortik tira egiten saiatu gara».

Aitor Arregik Alberto San Juan aktorearen jarduna izan du mintzagai. Nola joan diren «elkar ezagutuz eta gerturatuz» grabazioak aurrera egin ahala. «Pixkanaka bereganatu du guk gorpuztea nahi genuen pertsonaia, gure Balentziaga, eta bere geruzak erantsi dizkio gero. Ez da batere erraza halako pertsonaia baten larruan jartzea, eta jenio baten sentsazioak eragitea», azaldu du.

Eta pertsonaia horrekin izan duen harremana deskribatzeko eskatu diote Alberto San Juani. Hitz bakarrean laburbildu du: «Intentsoa». Aitortu du ez duela «sekula» egin halako «dimentsioa» duen pertsonaia batena. Baina dimentsioa ez duela pertsonaiak bakarrik izan: «Ez dut sekula halako ekoizpen batean parte hartu: halako bitartekoak, halako tamaina, halako kalitatea. Dena izan da erraldoia».

Umorez jarraitu du San Juanek. «Oso ondo agindu didate zer egin. Horren gainezka eginda nengoenez, erritmoa halakoa izan denez, exijentzia halakoa, inoiz baino diziplinatuagoa izan naiz: zintzoa eta esanekoa. Funtsean: gozamena izan da, bizitzaren opari bat, eta zoriontsu nago». Eta hartu du tartea bere buruaz barre egiteko ere: «Frantsesez ez dakit, euskaraz ere ez, eta modaren mundua ere ez dut ezagutzen... eta, hala ere, aukeratu egin ninduzuen... Baina karakterizazio oro erronka bat da aktoreentzat. Euskararekin izan dudan harremana, adibidez, erabat atsegina izan da».

Disney Pluseko arduradun Fabregasek euren jardunaren adibide gisa jarri du Balenciaga telesaila: «Nola bihurtzen den pertsonaia lokal bat munduko». Data zehatzik ez dute eman, baina esan dute 2023an estreinatuko dutela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxo gero eta japoniarragoa

Amaia Igartua Aristondo

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.
Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. ©GUIILAUME FAUVEAU

Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Ane Insausti Barandiaran

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...