Reala 1-2 Levante

Lo egonda, asetzea zaila

Realak galdu egin du Anoetan, Levanteren aurka. Bisitariek bi golen aldea lortu dute lehen zatian, eta txuri-urdinek ezin izan dute emaitza irauli. Donostiarrek 19 punturekin segituko dute sailkapenean

Alexander Isak Realeko aurrelaria aurpegia eskuekin estaltzen, atzoko partidan aukera bat huts egin ondoren. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Bardhik (24. min.). 0-2: Mayoralek (40. min.). 1-2: Willian Josek (47. min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Realeko Willian Joseri; eta Levanteko Melerori, Clerci, Postigori, eta Aitor Fernandezi. Bestelakoak. 28.142 ikusle Anoetan.

Reala esnatu zenerako, banatua zegoen elikagaia. Donostiarrek lo ekin zioten atzo Levanteren aurkako partidari, eta bisitariek hiru puntuak eraman zituzten Anoetatik, lehen zatian bi gol eginda. Bigarren zatiaren hasieran itzartu ziren txuri-urdinak, baina esku hutsik amaitu zuten partida. Hasi bezalaxe bukatu zuten: hemeretzi punturekin.

Neurketa hasieran, hutsal aritu zen Reala. Baloia jokoan jarri zenerako erasora egin zuen, baina berebiziko arriskurik sortu gabe, eta bisitariek aprobetxatu egin zuten donostiarren eraginkortasunik eza. Minutuek aurrera egin eta etxekoen suharra leundu ahala, erosoago aritu zen Levante, eta ez zuen zalantzarik izan txuri-urdinen atea bilatzeko aukera izan zuenetan.

Paco Lopezen taldeak hiru aukera izanak zituen lehen hogei minutuak bete zirenerako. Ez zuen lortu golik egiterik, baina ondo kontuan hartu zuten Realaren atzeko lerroa ez zela oso fin ari.

Lau minutu geroago etorri zen etxekoek barkatutako guztiaren ordaina. Bisitariek kontraerasora jo zuten, eta hiru jokalariren artean sortutako jokaldiari Enis Bardhik eman zion akabera, baloia Remiroren buru gainetik sareetara botaz. Lehen ordu erdia bete aurretik mikaztu zitzaion partida Realari.

Harmailak hauspotuta, erreakzioaren bila joan ziren Imanol Alguacilen jokalariak, baina alferrik. Aitor Fernandezek ondo urrundu zuen Alexander Isaken erremate bat, baina Realaren piztualdi hura laburra izan zen; Levante zen ernai zegoen taldea, eta markagailuko arrakala handitu egin zuen 40. minutuan. Ezker hegaletik antolatutako eraso batean, Bardhiri iritsi zitzaion baloia, eta haren jaurtiketa langara joan zen. Borja Mayorali iritsi zitzaion alderatzea, eta espainiarrak ez zuen barkatu: bisitarien bigarrena egin, eta Reala jo zuen berriz ere.

Donostiarrak bi golen desabantailarekin iritsi ziren atsedenaldira, eta nahi baino lehen heldu zitzaien kale edo bale egiteko garaia. Aldageletatik bueltan, Imanolek Willian Jose eta Portu zelairatu zituen ordura artekoak zuzentzeko, eta hautuak berehalakoan eman zion emaitza. Brasildarrak sareetan sartu zuen ukitu zuen lehendabiziko baloia, eta, gisa horretara, aldeak murriztu zituen. Bazirudien egoera bideratzeko moduan izan zitekeela Reala, baina asmoak ez zitzaizkien ondo atera. «Pena» zuen Imanolek partida amaitu berritan: «Lehen gola egin eta gero, 40 minutu geratzen zitzaizkigun, eta saiatu gara. Aukerak izan ditugu».

Hurrengo minutuetan ireki egin zen partida. Levantek ez zuen etsitzeko asmorik, eta Realak partida irauli nahi zuen kosta ahala kosta. Bultza zuten etxekoek, izan zuten gola sartzeko aukera, baina ezin asmaturik aritu ziren Aitor Fernandezen aurrean: «Hobetu beharra dugu. Talde bat ona bada baina ez baduzu asmatzen, min egin ahal dizute».

Partidaren hondarrean, Portuk izan zuen puntu bat erreskatatzeko aukera, baina hartan ere ezin izan zuten bigarren zatian hasitako lana amaitu. Esnatu, esnatu zen Reala, baina berandu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.