Kristina Berasain Tristan.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK

Bigarren sexua

2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Golkoko emirerrietan, beste herrialde arabiarretan ez bezala, emakumeek ez ezik gizonek ere janzkera tradizionalari eusten diote egunerokoan. Soinean thawb zuri-zuria eramaten dute, orkatiletarainoko jantzi bat, mahuka luzeduna, tunika baten antzekoa; eta buruan xamag zapia eta ikal-a, zapiari eusteko kordoi beltza.

Emakumeek abaja janzten dute, tunika beltza, eta buruan xaila, zapia, normalean beltza hori ere. Emakume zaharragoek nikab-a ere erabiltzen dute, begiak kenduta aurpegi osoa estaltzen duen buruzapia. Qatarren burka bat ikustea, sumisioaren sinbolo latzena, ez da ohikoa. Itxuraz, beraz, pareko daude, baina itxurakeria baino ez da.

Xaria lege islamikoak bigarren sexua izatera kondenatzen ditu emakumeak. Gizonen tutoretza sistemak zeharo mugatzen du haien bizitza. Gizonezko baten baimena behar dute ezkontzeko, ikasteko, lan egiteko eta atzerrira joateko. Ezin diote senarrarekin sexu harremanak izateari uko egin, ez bada arrazoi zilegiak dituztelako, eta dibortziatuz gero seme-alaben inguruko erabakiak aitak hartuko ditu. Dibortzioa emakumeak eskatzen badu, tramiteak infinitu luzatuko dira.

Ezkontzaz kanpoko sexu harremanak izatea zazpi urtera arteko kartzelarekin dago zigortuta, eta abortua hiru eta hamar urte arteko kartzelarekin. Ezin dute hotel batean logela erreserbatu. Hori bai, gizonek lau emakume izan ditzakete. Herentzietan semeek alaben bikoitza jasotzen dute, eta epaitegian emakumeen testigantzak gizonenaren erdia balio du. Zerrenda amaigabea da.

Xaria hitzak bidea edo patua esan nahi du, eta haren interpretazioak ondo zehazten du zein den emakumeen patua. Simone de Beauvoirrek esango lukeen bezala, euren destinoa ezarri egiten da, zibilizazioak daude horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.