inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Tokia hartzen bozetarako

2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hustu egin dute Iruñeko Maravillas gaztetxea. Horretara bidali dituzten poliziek ez dute leun jokatu, eta kolpatu ugari izan da operazioan. Aldaketa, moduetan ere izan behar zen hori, zertan gera daitekeen erakutsi dute kolore ezberdinetako poliziek, Nafarroako Gobernuaren aginduetara. Zenbateko beharra zuen Geroa Baik halakorik egiteko? Zergatik jo dute orain begiz luzaroan hutsik egondako eraikin bat, justu gaztetxe bihurtu eta espazio autogestionatu eta kolektibo bat osatu ostean?

Tamalez, hamaika adibide daude Euskal Herri luze zabalean. Agintariek ez dituzte askorik maite halako guneak. Maialen Lujanbiok irrati batean esan zuen moduan, «botere garbizaleari zapatak zikintzen zaizkio gaztetxeetan». Eta jakinekoa da zapata garbiak maite dituztena. Ordenako gobernua delako mezua igorri du Geroa Baik. Alegia, UPNk bezain gogor joka dezakeela antisistemekin. Jokabide horrek bere gobernu bazkideen kritikak eragin dizkio, eta PSNren lausengu beroa. Hori mezu bat al da urtebete barru izango diren bozetarako? Segur aski, bai. Geroa Bai, eta haren adar EAJ, batzuetan ez daude eroso ezkerreko kideekin.

Gusturago daude jeltzaleak PSE-EErekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta formula bera tentagarria gerta dakieke Nafarroan ere. Arazoa hauxe da: Nafarroa ez da Bizkaia, eta Maravillas ez da Kukutza. Hori ez bereizteak eraman izan du EAJ herrialde horretan bazterreko izatera. Ezin liteke esan berriro ere oker berean erortzeko arriskurik ez duenik. Eta horrek bai, horrek amildegiratuko luke aldaketarako aukera, UPNren eta PSNren zorionerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.