Mixel Mendiburu. Euskaltzalea

«Hitzeman ziguten erreparazio historiko hura ez da biharko»

Apeztu beharra zena euskarak gidatu zuen: Anai-Arteko kide da, eta ELB eta EHNE sindikatuen sortzaileetako bat, hala-hala Senpereko ikastolarena eta Lapurdi 1609 elkartearena. GALen atzaparretatik ez zen urrun ibili.
BITTORE GARAIAR

Ainize Madariaga -

2019ko ekainak 16
Bizia euskararen sehaskatik abiatu bazuen ere, tratu txarrak sufritu zituen etxeko hizkuntza zela eta. Sekula amore eman gabe, inertziak erakutsi bidetik ez baizik barneak manatzen dizkion xendetatik dabil Mixel Mendiburu (Senpere, Lapurdi, 1944); euskara eta bere lur, jende eta historiaren begirazale.

Mendiburu ez da Mendiboure.

Poliki-poliki, kostata, Mendiburu. Euskarari atxikimendua etxetik ukana dut, ez baikenekien bertzerik, Iparraldeko etxe gehienetan bezala. Eskola «librean» [katolikoa], alta, ongi zafratu gintuzten euskaraz aritzeagatik. Egun guziez 4,5 kilometro oinez kurritzen genituen, eta, punituak ginelarik, ilunpean sartu behar ginen. Hazparnerat [Lapurdi] igorri ninduten 9 urterekin, apezgai. Zernahi sufritu genuen han: ala jotzen baikintuzten erraz, ala hotzarekin: azkordinak ukaiteraino! Jatekoa ere murritza zen. Bi urte egin nituen Ardohain irakasle gaiztoarekin: korridorerat igortzen gintuen zigorturik, oren pare batez etxeko lanak eginaraziz, haize-laster karroindatua zebilen hor... Handik lekora, Uztaritzeko [Lapurdi] seminariorat mugitu nintzen, eta hor bazen jateko eta berotzeko manera.

Apezak bezainbeste aburuak.

Irakasle zenbait eskuin muturrekoa zen, Algerie Française alderdikoa-eta. Gela arteko kirol jokoak egiten genituelarik, dominak ematerakoan, urratsean kantari, militar gisako martxa bat ematen ziguten, eta Greciet zuzendariaren aitzinean iragatean, eskua altxatuz agurtzen genuen!

Nola begiratu duzu euskara?

Lafitte euskaltzaina hor zen, eskerrak. Hark aparte hartzen gintuen, eta erraten zigun 36ko gerrako iheslariak lehen epe batean ongi errezibituak izan zirela, eskuin muturreko Ibarnegarai diputatuak gaina hartu zuen arte; nola Aitzol [Jose Ariztimuño] hil aitzineko orenak harekin iragan zituen; kantuak ere analizatu eta erakusten zizkigun, eta antzerkiak euskaraz ematen genituen. Hari beretik, Dokhelar irakasle senpertarrak Gerra Hotz betean harritzen gintuen: «Agian Jainkoak emanen dio Marxi zeruan toki ttipi bat!». Edo: «Apeza izan ez banintz, Enbatakoa izanen nintzatekeen!».

Zeruko bidetik lurrari lotu zinen.

Baionako seminariorat joan nintzelarik, 68koa baino lehen, 67ko iraultza egin genuen! Deriokoan [Bizkaia] abiatu zen mugimendu handitik lekora, Donostiakoa eta Iruñekoa gertatu ziren. Zeruko Argia-n Xabier Amurizak argitaratu zuen Pazientzia noiz arte? gutuna frantseserat itzuli, eta hemen zabaldu genuelarik, erotu ziren! Gexan Alfarok zuzendariari abisatu zion gure aldarrikapenei kasu egin ziezaien, hemen ere gauza bera pasatzerik nahi ez bazuen. Baina kasurik ez zigun egin, eta Manex Pagola seminariotik kanporatu zuen, baizik eta San Andresko elizarat abiatzen zela meza euskaraz behatzeko. Hala, 11 apezgaiak asaldatu ginen, eta gutuna idatzi genion apezpikuari, liturgia euskaraz eskatuz eta Pagolarekin elkartasuna erakutsiz. Apezgoa utzi, eta Etxarrin [Zuberoa] laborantza ikasketei lotu ondoren, hogei urtez aritu naiz laborari aholkulari eta eskola emaile.

Alabak sortu gabe, Senpereko ikastolaz erdi zinen.

Argitxu Noblia Seaskako lehendakariarekin bildu nintzen, eta guk eman zerrendari gutuna igorri zien. Bildu ginenen artean lokala atzeman genuen 1972an, zazpi edo zortzi haurrekin. Izugarri ausarta izan behar zen orduan.

Herria astekarian izkiriatua duzu: «Frantziak kolonialismo linguistiko suntsitzailea eraman du mendez mende [...], gure izatea ukatzeraino».

Ideia Pako Aristiri kendu diot: piramidearen teoria. Jakina da hizkuntza bat galtzen hasten dela agintariek kolonialisten hizkuntza hartzen dutelarik. Gutxietsi digute hizkuntza; ahalkegarria zen euskaldun agertzea eta euskaraz mintzatzea. Hitzeman zuten erreparazio historiko hura ez da biharko. Gauza txipiena egiteko ere beti trabak ezartzen dituzte, herritik hasita.

Traba horien gainetik anai-arreben arteko elkartasuna.

1975-1976an sartu nintzen Anai-Artean, Ramon Sagarzazu Xenpe-k proposamena eginik. Banekien 1936-1939an zer gertatu zen, eta ez nion indarrik Elizari eman nahi, Euskal Herriari baizik. Orduan ez baitzen Eliza baizik konta, eta beti gaina hartzen dio Euskal Herriari. Anai-Artearen historiari buruzko liburu bat egiten ari gara, eta gisa berean, jarraipena eta norabidea antolatzen.

1983ko abenduaren 1ean GAL zure bahitzen entseatu zen.

Anai-Arteko bilkura bururatu berri genuen Donibane Lohizunen [Lapurdi], aski ongi oroit naiz: Aita Larzabal hain gaizki zen, non beso azpitik hartua baitzuten, eskailerak jausteko. Orduan, Karlos Ibarguren eta biok merkatuko plazarat buruz abiatu ginen, autorat. Alta, tren geltokitik beheiti hurbildu zitzaizkigun hiru gizon, presaka. Hasi zitzaizkigun galdezka frantsesez: zer ari ote ginen hor, nongoak ginen... eta Karlosi galdetu zioten espainola ote zenez. Beharrik, ez baitzuen erantzun, zeren eta berehala atzemanen baitzioten azentua! Kasaila bila ari ziren. Erran ere erran ziguten, frantsesez: «Kontent ez bazarete, goi mailatik babestuak gara». Partitzeko momentuan, espraiez ihinztatu gintuzten. Lasterka ihes egin, eta etxerat sartu ginen. Hiruetarik, Mohand Talbi eta Jean-Pierre Echalier mertzenarioak ezagutu nituen. Aita Larzabal eta Telesforo Monzon zendu zirelarik, Anai-Artea ordezkaririk gabe gelditu zen. Ez ginen haien neurrira heltzen, aparantziarik ere ez!

Lau aldiz arrastatu zaituzte.

Lau hilabetez egona naiz preso elkartasun delituagatik. Gure etxean, bertze etxe askotan bezala, ez zen giltzarik.

ELB sindikatua erein zenuen.

Sindikatu ofiziala jaun eta jabe zen Iparraldean, nahiz eta ordezkariak beti kexu agertzen ziren Paueren kontra. Baina ez zitzaien burutik pasatzen bertze sindikatu berri bat sor zitekeenik. Lanari esker Euskal Herri guzian ibiltzen nintzen, eraikin aholkulari. Jende gazte franko ezagutu nuen: bada, gutun bat igorri nien sindikatu baten sortzeko prest izan zitezkeenei. Horrela, 40 lagunetarik 35 bildu ginen Hazparneko trinketean: 1976an 27 kiderekin abiatu eta sortu zen ELB, 1981ean ofizial egin bazen ere. EHNE sindikatua elkarrekin sortu genuen, Andoainen [Gipuzkoa]: bi urtez aritu nintzen han lanean.

Lapurdi 1609 elkartearen sortzaileetarik ere bazara, duela 400 urteko auziak oroituz.

Duela hamar urte sortu genuen, sorgin auziaz folklorea egin nahi baitzuten turismoari lotuak diren horiek. Baina sorginak deitzen dituztenak gure arbasoak ziren. Horregatik, lan handia egin dugu: Iduzki Lore antzerkia hamazazpi aldiz eman zen, zortzi hitzaldi egin genituen, eta Baionako antzokian bertso saioa antolatu genuen bertsolari finalistekin. Hala, Nestor Basterretxearen Oroit Mina obra Senpereko jauregi aitzinean ikusgarri ezarri dugu, arbaso haien omenez.

Liburu andana bat ere idatzia dugu; historiaz bereziki, gure leloa dominaren ifrentzua landu delarik. Azkenik argitaratu dugun liburua 1813/1814 Euskal Herria suntsitua da. Napoleonen tropen sarraskia oroitzeko, Saran [Lapurdi] eskultura ederra estreinatu dugu, herriko etxearen partaidetzari esker: Ahantzi ezina.

Eriak aski ez egin duzun guzia kontatzeko.

Horiek oro, bistan dena, ongi eramaten den talde baten lana dela. Denak bihotzetik eskertzekoak dira: etxetik hasita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna