Eneko Gorri.
UDAKO SERIEA. Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (V). Ipar Euskal Herria. IRITZIA

Etorkizuneko erronkak

2017ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Argazkiak mahai gainean ditugu. Uda hasieran aurkeztuak izan dira inkesta soziolinguistikoaren datuak eta hizkuntzen erabileraren kale neurketak. Gurean ere, gibelera begirako solasaldi luzeak elikatzeko modukoak dira: zer egin da ongi? Zer eskas? Nori dagokio fruituak biltzea?

Zer diote, beraz, Ipar Euskal Herriko datuek? Funtsean, aurkeztuak zaizkigun gisan berrikuntza gutxi edo tendentzia alderantzikatzerik ez da ageri momentuz. Baina filtroak kenduta, zenbait elementu ohargarri azaleratzen dira.

Adierazpen eta tituluetan «lehen aldiko hiztun-kopuru absolutua egonkortzen» dela errepikatua izan da behin eta berriz. Egia da, eta ez da gutxi: 51.100 hiztun zeuden 2011n, 51.200 zenbatu dira 2016an. Hemorragia gelditua da, baina galtzea handia izan da: Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoak 5.000 euskal hiztun galdu dituzte 20 urtez eta kanpoko 9.000 erdaldun irabazi 5 urtez. Euskararentzat, lurralde antolamenduan hartutako erabakiek hizkuntza politika publikoak baino eragin handiagoa dute!

Erabilera aldetik, karrikan entzuten diren elkarrizketen %5,3 bakarrik dira euskaraz (sekula neurtu den indizerik apalena). Baina haurren erabilerak nabarmen egin du gora (3,4 puntu 10 urtez), eta erabilera handiagoa da heldu-haur artean interakzioak direlarik. «Gazteak lehentasun» gisa finkatutako hizkuntza politikarekin, adin piramidearen zolatik dator aldaketa. Aldiz, Hego Euskal Herrian ez bezala, ezagutza goragoko eremuetan erabilerak gora egiten du (4,6 puntu 5 urtez Baxenabarre eta Xiberoan); hiri/herri arteko desberdintasunak eragina du.

Nabarmentzeko beste elementu bat euskararekiko jarrera da; ezin da ukatu hizkuntzarekiko kontsentsu sozial azkarra eraiki dela Ipar Euskal Herrian. Baina definizioz, hizkuntza politika bat eraldatzailea denez, ingurunea bestelakotzea du xede. Erresistentziak agertuko direla aurreikus daiteke beraz. Promozioaren aldeko jarrerak 7 puntu galdu ditu azken 20 urteetan. Datu horri buruz arrabots sobera egitea ez bada bortxaz egokia, haizea itzultzea itxoin gabe gure estrategietan kontuan hartzea ezinbertzekoa da.

Datu salda aberats horretan azpimarra daitekeen azken elementua Baiona-Angelu-Biarritz lurralde urbanoaren premia litzateke. Biztanleriaren herena hiri horietan metatzen da, eta haiek dira euskaratik deskonektatuenak: hiztun proportzio ahula (%8,4), kale erabilera apala (%1,6), hutsetik hurbil den familia transmisioa, euskararekiko motibazio eskasa (%75 indiferente edo kontra)... Ez da eroso lurralde sakrifikatu batean lan egitea, militatzea eta euskaltzalea izatea. Baina, nahi ala ez, euskararen geroa hein handi batean BABn jokatzen da.

Normalizaziorako bidea oraindik luzea da; bihurgunez eta atakaz betea gainera. Baina gurean progresio marjina ikaragarria da oraindik. Urtarrilaren lehenean sortu berri den Herri Elkargoarekin, gure lurraldeko hizkuntza politika egiturazko berregituratze batean sartuko da. Lidergo batailak trenkatu ondoren, funtsezko gaiak izanen dira lantzeko: euskararen lurralde estatusa, biziberritzerako esperimentazio perimetro izendapena, Euskal Herri mailako lankidetzak, irakaskuntzaren orokortzea, eragileen sostengua... Ekuazio horretan segurra den elementu bakarra da eraikiko den indar harremanaren araberakoa izanen dela biharko hizkuntza politika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.