Arrauna

Kaikuren itzulera, eta Getariaren eta Tolosaldearen lehen aldia

Getaria eta Kaiku Eusko Label ligan ariko dira, Tiran eta Zarautzen ordez. Euskotren ligan, Tolosaldeak Hondarribiaren tokia hartuko du

Tolosaldeako arraunlariak, igoera ospatzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
TKEk antolatutako bi ligetan, Eusko Labelen eta Euskotrenen, euskal traineru bat gehiago ariko da datorren denboraldian. Gizonezkoetan, Zarautzeko Enbata zuzenean mailaz jaitsi zen ligako azken postuan sailkatuta, eta Tiranek ere ezin izan dio mailari eutsi, azken-aurreko postuan sailkatu ostean kanporaketa jokatu behar izan eta gero. Hala, KAE1 ligako txapelduna eta txapeldunordea ariko dira datorren sasoian gorengo mailan bi horien ordez:Getaria eta Kaiku. Getariako Esperantza lehen aldiz ariko da maila nagusian, jokatu duen laugarren kanporaketan igoera lortuta. Kaiku talde historikoa, berriz, Jose Luis Kortaren gidaritzapean, mailaz jaitsi eta urtebetera itzuli da Eusko Label ligara.

Getaria izan da kanporaketetako onena bederatzi punturekin eta zortzi punturekin Kaiku sailkatu da bigarren, bi segundora. Euskal traineruek atzetik izan dituzte hiru traineru galiziarrak, Meira, Tiran eta Bueu, hurrenez hurren. Galiziako ligan ariko dira datorren denboraldian.

Emakumezkoetan, berriz,Kontxako banderan gertatu bezala, Tolosaldeak Hondarribia eta Deustu menderatu ditu. Bi egunetako puntuak eta denborak batuta, Patxi Francesek prestatutako traineruak aise menderatu ditu aurkariak. Deustuk eta Hondarribiak baino hiru puntu gehiago lortu dituzte tolosarrek, eta 20 segundoren aldea atera die bi traineru hauei. Laugarren sailkatu da Cabo, bi punturekin.

Beraz, Hondarribia mailaz jaitsiko da, azken hiru urteetan kanporaketen bitartez mailari eutsi eta gero. Datorren urtean ETE ligan arituko dira, beraz, Gipuzkoarrak.Era berean, azken bi ETE ligak nagusitasunez irabazi eta iaz igoerako kanporaketan hirugarren amaitu eta gero,Tolosaldeko Arraun Klubak helburua bete du, eta datorren denboraldian lehenengo aldiz ariko da Euskotren Ligan, Arraun Lagunak, Orio eta Donostiarrarekin batera. Esan beharrik ez dago igotzea lortu duten hiru traineru horien hurrengo urteko helburua mailari eustea izango dela, baina herenegun ederki ospatu zuen lorpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.