EITBn ez dago «publikotasun senik», adituek adierazi dutenez

Europako irrati-telebista publikoen ereduak EITBrekin alderatu dituzte UEUn. Alemaniako eta Eskoziako kasuak azaldu dituzte

Urtzi Urkizu aurkezlea eta Maria Gonzalez Gorosarri ikertzailea, atzo, Eibarren. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Eibar
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Komunikabideak eta herria: Telebista publikoa irudikatzen izenburupean, EITBko eredua Europako beste irrati-telebista ereduekin konparatu zituzten atzo Udako Euskal Unibertsitateko ikastaro batean, Eibarko (Gipuzkoa) Markeskoa jauregian. Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean antolatu zuen ikastaroa UEUk. Izan ere, euskal irrati-telebista publikoaren etorkizunari buruz hausnartzeko prozesua abiatu du Eusko Ikaskuntzak, eta iritziak jasotzen ari da, datorren urtean ondorioak aurkezteko.

Maria Gonzalez Gorosarri ikertzaileak Alemaniako telebista publikoak ikertu ditu, tartean ARD hedabide publiko nazionala eta Berlin inguruko RBB. «ETB1 eta ETB2 ez datoz bat Europako telebista publikoen ereduarekin», esan zuen, atzo, Eibarren.

Europan publikoa eta kalitatezkoa sinonimoak direla adierazi zuen. Izan ere, Europako hedabide publikoak merkatutik libre daude, eta ez dute audientziekiko horrenbesteko menpekotasuna. «Finantziaketa publikoak aske egiten gaitu», esan zuen Gonzalezek.

Fikzioari tarte handia eskaintzen diete. «ETBn, berriz, ez dago fikziorik. Bakarrik lehiaketak eta realityak. Ezin da entretenimenduaren kalitatearekin parekatu».

Alemaniako irrati publikoek ez dute zerikusirik ere ETBko irratiekin, ikertzailearen arabera. «Hiruzpalau erreportaje daude han albistegi bakoitzean, ez hemen bezala, hogei albiste labur».

Ikertzaileak adierazi zuenez, EITBren kasuan ez dago «publikotasun senik», Europan ez bezala, «baizik eta inguruko irrati komertzialekin lehiatzea». Adituaren arabera, Eusko Legebiltzarrak «pisu handiegia» dauka albistegietan eta administrazio kontseiluan. Europan, independenteagoak dira hedabide publikoak. Aurkezleak «nortasun eta esperientzia handiko kazetariak» izaten dira. «Hemen, gazteak jartzen dituzte. Horrek eragina du markan».

«Hemen, albisteen protagonistak politikariak dira, baita kultur albisteetan ere. Ez dago kultur eragilerik Teleberri-an», adierazi du. «Gurean, politika kazetaritzaren gainetik dago».

Eskozia eta BBC

Glasgowtik aritu zen Miren Marias ikertzailea. Telebista Publikoa irudikatzen, Eskoziar kasua ikerketa egin du Edinburgoko Unibertsitatean. Eskoziaren egoeraren balantzea egin zuen atzo. 1999an, Eskoziako Legebiltzarra ezarri zuten, eta SNPk, Eskoziako Alderdi Nazionalak, bi urtean, oposizioan egoteari utzi, etagehiengo absolutua lortu zuen 2011n.

Baina uste du ez datorrela bat komunikabide publikoen egoera eboluzio politiko horrekin. «Eskoziak baditu eskumenak bere telebista egiteko, baina Londresen kontrolpean dago telebista».

Hiru telebista kate publiko daude eskozian: BBC One, BBC Two eta gaelikozko BBC Alba. Irratiak, berriz, bi dira: BBC Radio Scotland eta gaelikozko BBC Radio nan Gaidheal.

«Eskoziako telebista publikoa ez dago herritarren zerbitzura», esan zuen Maniasek. «Erabaki propioak hartzeko aukera eduki behar du, baina Londres ez dago prest, eta brexit-a ahalik eta ondoen kudeatzera begira dago».

Adituaren arabera, Eskoziak ez du betarik izan telebista publikoa modu autonomoan egiteko. Eta BBCren estatutu berriek «aukera gutxi» ematen dituzte horretarako. «Nahiko beltz ikusten dut BBC Scotlanden etorkizuna, eta baita BBC osoarena ere, eredugarritasuna galtzen ari delako».

Etxebizitza bakoitzak 150 euro ordaintzen ditu telebista lizentzia gisa Errsuma Batuan. Eskozian eta Ipar irlandan du jendeak lizentzia ordaintzeko erresistentzia handiena, adituaren arabera. «BBCk erantzun beharko lieke Erresuma Batuko beste nazioetako beharrei. Orain, ez dabil arreta jartzen. Horregatik, gero eta gutxiago dira lizentzia ordaintzeko prest daudenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.