XERIFF 0 - 2 REALA

Xeriff ere, girgilurik jarri ezinda

Realak irabazi egin ditu Europa ligan jokatutako partida guztiak; azkena, Moldavian. Eskura du sailkatzea. Silvak eta Aritzek sartu dituzte golak

Jon Pacheco, Aritz Elustondo zoriontzen, hark Realaren bigarren gola sartu ondoren. DUMITRU DORU / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
0-1. David Silvak (53 min.) 0-2. Aritz Elustondok (62. min).

Europa ligan ez dago Reala lotuko duen aurkaririk. Orain artean, bederen. Txuri-urdinek irabazi egin dituzte txapelketan jokatutako partida guztiak. Hiru jardunaldietan gailenduta, Imanol Alguacilen taldeak tinko segitzen du E multzoko lidergoan. Ez alferrik, mendean hartu baititu Manchester United, Omonia Nikosia eta Xeriff Tiraspol. Ligaxkaren erdia osatuta, donostiarrek eskura dute lehiaketan aurrera egitea.

Realak Xeriff menderatu zuen atzo. Transnistriako taldeak ere ez zuen jakin gipuzkoarrak geldiarazten. Izena ofizio balu, jai luke: ezin Realari girgilurik jarri. Alguazilen multzoa ez, futbol taldea da Xeriff, eta Reala baino eskasagoa, bistakoa denez. Agerian geratu zen hori Chisinaun jokatutako norgehiagokan. Imanolen jokalariek, aparteko erakustaldirik eman gabe, aise irabazi zuten.

Bisitariek hasieratik erakutsi zuten horretarako prestutasuna, eta entrenatzaileak zerikusi handia izan zuen horretan. Ohi duen eran, Imanolek partidaren bezperan adierazi zuen Xeriff kontuan hartzeko aurkaria izango zela, eta hamaikako neurritsua prestatu zuen. Hasieratik zelairatu zituen ohiko jokalari gehienak, Martin Zubimendi kenduta —minez egon zen aurreko egunetan—.

Dena den, futbola ez da matematika bezain zehatza, eta Realari kosta egin zitzaion nagusitzea. Kalitatea ez zen islatu lehen zatian. Xeriffek presarik gabe ekin zion neurketari, eta Realak izan zuen jokoaren aginte makila. Baloia eduki bai, pase gehiago eman ere bai —laurehun baino gehiago partida osoan—, baina arrisku gutxi sortu zuen.

David Silvak egindako falta jaurtiketa bat izan zen lehen zatiko aukerarik argiena. Jaurtiketa ona egin zuen, baina baloia kanpora joan zen. Gerora egin zuenaren aurrekaria izan zen hori.

Xeriff ere kamuts antzean aritu zen hasierako minutuetan, atzealdea gotorleku bilakatu nahian. Halere, bere jokalarien abiadura baliatu, eta saialdi batzuk egin zituen Alex Remiroren ate aurrean, tantaka-tantaka. Aurrea hartzeko aukera ere izan zuen erasoan egindako jokaldi bakanetan. Felipe Vizeu eta Cedric Babolo nabarmendu ziren lantegi horretan batez ere.

Ez zuten asmatu, ordea, eta itzalak gain hartu zuen hurrengo minutuetan. Ez distira, ez abagune. Halaxe amaitu zen lehen zatia. Gaitasunak eta joerak alderatuta, etxekoak zeuden emaitzarekin konforme, inor egotekotan.

Bigarren zatiak ere aurrekoaren traza izan zuen estreinako minutuetan. Alabaina, berriz ere agerian geratu zen esanaren eta izanaren arteko aldea. Xeriffekoen elastiko beltzek izar bat zuten bularrean, baina Realak zuen izarrik distiratsuena: Silva. Espainiarrak bere abilezia baliatu zuen txuri-urdinak aurretik jartzeko. Jaurtiketa indartsu bat egin, eta 0-1ekoa egin zuen 53. minutuan. Gol ederra izan zen.

Behin abantaila hartuta, Realak erraz lotu zuen garaipena. Zer esanik ez 61. minutuan epaileak Xeriffeko Moussa Kyaobu kaleratu eta gero. Hurrengo minutuan aldea handitu zuten txuri-urdinek; geldikako jokaldi batean, Brais Mendezen erdiraketa errematatu zuen Aritz Elustondok, bigarren gola sartzeko.

Hortik aurrera, mami gutxi izan zuen lehiak. Realak hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen, Espainiako ligari berriro ekin aurretik. Vila-real jasoko du etzi.

Pozik zegoen Imanol: «Lehen helburua irabaztea zen, eta helburua bete dugu. Orain, hurrengo partida irabaztea da helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.