BERRIAk luze eta zabal emango du igandeko giza katearen berri

Zuzeneko irudiak ikusi ahalko dira goizean. Hamaikak eta ETBk saio bereziak emango dituzte. Arrosa sareak irratsaio bat egingo du

2014ko ekainaren 8ko giza katearen irudi bat, Ataunen (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gure Esku Dago mugimenduak beste mugarri bat jarri nahi du igande honetan, Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko giza katearekin. 201,9 kilometroko bidean, milaka eta milaka herritar egongo dira eskutik helduta, erabakitzeko eskubidearen alde. Euskal Herriko komunikabide nagusiek mobilizazioaren berri emango dute; BERRIAk luze eta zabal emango du egun osoko ekintzen berri bere webgunean eta sare sozialetan.

Bi edizio prestatuko dituzte igandean, euskarazko egunkariaren webgunean: batetik, zuzeneko kontakizuna egingo dute 11:00etatik aurrera, eta giza kateko zuzeneko irudiak emango dituzte. Hiru hiriburuetan jarriko dute arreta berezia, baita Kataluniako kilometroan eta Altsasuko (Nafarroa) gazteen kilometroan ere. Bestetik, 19:00etatik aurrera, bigarren edizio berezia egingo dute, egun osoan gertatu dena sakon kontatzeko. Besteak beste, irakurleak amaierako mezua, kronikak, analisiak, gakoak eta erreakzioak aurkituko ditu. Gainera, Jon Olano eta Amagoia Mujika kazetariek telebista saio berezi bat aurkeztuko dute. Saio hori 20:00etatik aurrera izango da ikusgai.

Halaber, inkesta bat egingo dute giza katean egongo diren askotariko herritarren artean. Galdera honakoa izango da: Zertarako eta zergatik erabaki?

Hamaika telebistak igandean 11:30etik aurrera emango du zuzeneko saio berezia. Platoan Beñat Zarrabeitia kazetaria ariko da aurkezle lanetan. Horrekin batera, konexioak egingo dituzte Donostiako, Gasteizko eta Bilboko kaleetatik; hiriburuetan berriemaile lanetan ariko dira Nekane Zinkunegi, Irati Elizalde eta Edurne Senosiain. Gainera, herritarrek bidalitako irudiak txertatuko dituzte programan.

Bestalde, igandean giza katea izango denez, Hamaikak Gazta zati bat dokumentala emango du bihar, 21:00etan.

Arrosa irrati sareak Zebrabidea berezia egingo du igandean, 10:30etik aurrera, Gasteizko Katedral berritik. Aurkezle lanetan Maialen Kortabarria, Jon Aranburu eta Maite Bidarte ariko dira. Sareko berriemaileei esker, herriz herri gertatzen denaren berri emango dute. Giza kateari hasiera eta bukaera emango dioten bi lagunekin hitz egingo dute saio horretan: Paulo Muñoarekin Donostian, eta Aiora Arrizubietarekin Gasteizen. Gure Esku Dago-ren azken kanpainari doinua jarri dioten bi musikariak ere elkarrizketatuko dituzte: Ane Guria eta La Basu. Entzuleek mezuak bidali ahalko dituzte sare sozialen bitartez, baita Whatsapp bidez ere, zenbaki honetara: (0034) 640 63 68 92. Sareko irratietan entzuteaz gain, programa arrosasarea.eus webgunean entzuteko modua izango da.

EITBko saio bereziak

EITBko hedabideetan programazio berezia prestatu dute iganderako, giza katearen berri emateko: ETB1en, albistegi berezi labur bat egingo dute, 12:00etan. Irati Sarasuak 201,9 km. eskuz esku erreportajea aurkeztuko du euskarazko katean (21:00). Xabier Lapitzek, berriz, Especial 202 km zuzeneko saioa aurkeztuko du ETB2n, 11:30etik aurrera. Giza kateak tarte zabala beteko du ohiko albistegietan ere.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik saio berezi bana emango dute, 12:00etatik aurrera. Euskarazkoa Unai Urreagak aurkeztuko du, eta, gaztelaniazkoa, Ander Arzakek. Radio Vitoriak Gasteizen gertatzen denaren berri emango du.

EITBren webgunean, ETBko Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko saioak emateaz gain, emisioa ez dagoen tarteetan gertatzen dena ere ikusteko aukera egongo da, seinale berezi bati esker. EITBk webgunean jarriko ditu sare sozialetan partekatzen diren argazkiak eta bideoak ere.

Giza katearen inguruko kontu guztien inguruan mintzatuko da gaur Angel Oiarbide Gure Esku Dago mugimenduko bozeramailea ETB1eko Egun on Euskadi saioan, 09:00etan.

Mugimenduko kideek azaldu dutenez, nazioarteko komunikabide ugari ari dira baimena eskatzen giza katearen berri emateko. Ibilbideko irudiak grabatzen ariko da, adibidez, Alemaniako telebista publikoa. Albiste agentzien artean, ziurtatu dute Reuters eta France Press giza katean izango direla.

Gure Esku Dago-k hamalau kamera jarriko ditu igandean ibilbidean, eta nahi duten komunikabideek kamera horietako irudiak erabiltzeko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.