Ondarroan, 25 urtez Radixu

Radixu irratiak 25. urteurreneko ospakizunak hasiko ditu bihar, kontzertu batekin. Ondarroako irrati libreak bidean etenak izan dituen arren, talde egonkorra du gaur egun.

Ondarroako Radixu irrati libreko kideak aurtengo irudi batean. 25. urteurrena ospatuko dute, bihar hasita. RADIXU IRRATIA.
urtzi urkizu
2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Lehen emanaldiaren data zehatza ez dugu argi», aitortzen du Jon Iñaki Artetxek, Radixu irratiko esatari beterano eta sortzaileetako batek. «Urteotan etenak ere izan ditugu». Baina jardunean mende laurdena behintzat daramatela badakite irratiko kideek. 25. urteurreneko ospakizunak egingo dituzte datozen hilabeteetan Ondarroako (Bizkaia) irrati libreko kideek. Eta lehen ekitaldiabihar dute: Anestesia eta Kraussk taldeek kontzertua emango dute Beikozinin, 23:00etan hasita.

Irratia sortu aurreko lehen mugimenduak 1986an egin zituzten. Ez ziren emititzen hasi, lokal faltagatik. Handik bolada batera,gaztetxe zaharreko gela batean egin zituzten probak, Artetxek oroitzen duenez. «Gaztetxea izateak beste aukera bat zabaltzen zuen ekintzak bideratzeko. Orduan erabaki genuen ez genuela hainbeste eztabaidatuko zer egin, baizik eta irratia egin egingo genuela». Deabrutxoaren logotipoa bazuten ordurako. Izena ere bai.

«Argi genuen, behintzat, irrati libre bat izan behar zuela». Batzuek irrati herrikoiagoa nahi zuten, eta beste batzuek punkagoa. Ondarroako Udalak kanpandorrea utzi zien irratia jartzeko, eta han ekin zieten emisioei —eraikinean konponketak egin zituzten 2014-2015ko denboraldian—.

Lehen urteetan Radixu irratia gaztetxeari «nahiko lotua» zegoela nabarmendu du Artetxek. «Hasierakoa booma zen. Irratsaio ugari egiten ziren lehen urte haietan. Soinua, berriz, ez zen batere ona, kalitate txarrekoa».

Aurreneko urteetan herriko taldeek jotako kontzertuei esker lortzen zuten diru apur bat. Bazkide kuota bat ere izan zuten garai batean. Azkeneko hamarkadan, berriz, Zapato Azule jaiari esker lortzen du irrati libreak aurrera egiteko finantzaketa.

Mende laurdena jaio zenetik pasatu da, eta irratiarekin aurrera jarraitzen dute. Nekane Akarregi irratiko kideak nabarmendu du sorrerako izpirituari «leial» jarraitzen dutela: «Ahotsik gabekoen ahotsa, eta inork isilduko ez duen irratia gara». Talde egonkorra dagoenez, irratia «sendo» ikusten du Artetxek.

Artetxeren kintako zenbaitek irratian jarraitzen dute, baina belaunaldi berriak ere ate-joka datoz. Radixuko kide bat Zubi Zahar ikastolako ikasleei ikastaro bat ematen ari zaie, astean behin. «Lehen neska-mutikoak bisitan etortzen ziren urtean behin, baina aurten ikasturte osoan etorriko dira astean behin», dio Akarregik. Bi irratsaio berri sortu dituzte denboraldi honetan hainbat gaztetxok: Bota bosteku eta. Ikastolako irrati tailerreko partaideek egiten dute Lorituk FM.

Etorkizunari begira, Akarregik dio irratiak inori ateak itxi gabe jarraituko duela. «Dauzkagun saioez aparte, lortzen badugu jende berriak saioak egitea, askoz hobe».

Urteurreneko ospakizunak bihar hasiko dira, eta ostean, beste hiruzpalau kontzertu antolatu nahi dituztela iragarri du Akarregik. Urtero, era berean, irrati maratoi bat egiten dute asteburu batez, saioak etenik gabe kanpandorretik eskainiz. Neguan iritsiko da hori, baina ez dute data finkatu. Irratian urteotan ibilitako jendearekin bazkari bat egiteko asmoa dute, elkarrekin ospatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.