Euskarazko edukien lehen Chromecast aplikazioa, prest

JarriON aplikazioak telefonoa eta telebista lotzeko aukera ematen du. Berria telebistako eta beste hamar ataritako bideoak ikus daitezke

Maite Iturbe, Markel Olano eta Luistxo Fernandez, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Euskarazko edukiak nahieran ikusteko tresna berri bat sortu du Codesyntax enpresak: JarriON aplikazioa. Android telefonoetan deskarga daiteke dagoeneko, eta bideoak telefonoan bertan ikus daitezke. Baina, era berean, edukiak telebista aparatura igaro daitezke Chromecast aparatua —39 euro kostatzen da— izanez gero. Telebista bat Internetera lotzeko modu erraza eskaintzen du aparatu horrek, baina bada baldintza bat: telebistak HDMI sarbide bat izan behar du. www.jarrion.eus webgunearen bidez ere ikus daitezke edukiak.

Gipuzkoako Diputazioaren eskutik, 2deo euskarazko ikus-entzunezkoen sormen laborategia ari dira prestatzen. Eta laborategi horretako lehen fruituetako bat da JarriON.

Luistxo Fernandez aplikazioaren sortzaileak atzo nabarmendu zuen telefonoa eta telebista pantaila gero eta lotuago daudela, telebista Internetera lotzen ari delako. «Telebista Internetera lotzeko modu bat Smart TV izenekoena da, baina etxe komertzial batzuen eskuetan dago. Euskarazko garatzaile batek negoziatu egin beharko luke marka handi horiekin. Telebista Internetera lotzeko beste modua Chromecast aparatuena da». Aparatu horrek ez du telekomandorik. Sakelako telefonoa da telekomandoa. «Aplikazio ezberdinak dira telebista Internetekin konektatuko dutenak. Aplikazio horietako bat da JarriON». Hain zuzen ere, euskarazko edukien lehenbiziko Chromecast aplikazioa da JarriON.

Aplikazio berri horri esker, Berria telebistako edukiak telebistan ikusteko modua egongo da. Hamaika telebistaren, Goienaren, ETBren, Gaztezulo TBren, Infosareren —28 Kanala, Goierri Telebista, Erlo Telebista—, Oizmendi Telebistaren eta Xaloa Telebistaren saioak ere bilduko ditu aplikazioak. Baita Dantzan.eus, Bertsoa.eus eta TBX.eus atarietakoak ere. Fernandezek iragarri du, gainera, bi euskal youtuberren kanalak sartu dituztela JarriON-en eskaintzan: Aiora Mujikarena —@probatxoa— eta Nerea Alias Gure kasa saioko kazetariarena.

Sakelako telefonoan, gainera, erabiltzaileak aukeratzen duen bideo bakoitza «ilarara» bidal dezake, gero bata bestearen jarraian ikusteko.

Bestalde, BERRIAk bi Chromecast zozkatuko ditu irakurleen artean. Zozketan internet bidez parte har daiteke, edo mezu elektroniko bat idatzi izen-abizenak eta telefonoa adieraziz, [email protected] helbidera —bertan JarriON idazti behar da gaian—, edo deitu telefonoz (0034) 943-30 43 45 zenbakira, eta eskaintza horretan parte hartu nahi dela esan. Epea martxoaren 23an amaituko da, 12:00etan.

Chromecast gaitasuna duten hainbat aplikazio daude gaur egun: Youtube, Spotify, Netflix eta abar.

Go!azen Transmedia

Ikus-entzunezko laborategiaren beste fruitu bat Go!azen Transmedia egitasmoa da. ETB1eko telesaila transmedia produktu bilakatzea da horren helburua; hau da, istorioa euskarri desberdinen bidez elikatu eta euskarri bakoitzean garatzen diren pasarteak osagarri bihurtzea. EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek atzo jakinarazi zuenez, Go!azen-en sakelakoetarako aplikazioa 25.000 herritarrek hartu dute saretik, eta astero 200.000 aldiz erabili da. «Arrakastatsua izan da». Telesailak telebistan izan dituen ikusle datu onak aipatu zituen, eta horrek Go!azen 5.0 diseinatzeko indarra emango diela. «Datorren ikasturteari begira, aplikazioa oso indartsua izango da». Funtzionaltasun berriak sartuko dituzte, eta «bisualagoa» eta «dinamikoagoa» egiten saiatuko dira. Gainera, telesaila ematen ari ez diren epean aplikazioa «bizirik» mantenduko dutela azaldu zuen.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak 2.500 gazterekin egindako inkesta baten datuak gogoratu zituen: «Haien kontsumoa %70 gaztelaniaz da, %20 euskaraz eta %10 ingelesez». Olanoren arabera, beharrezkoa da euskararen presentzia handitzea ikus-entzunezkoetan. «Euskal kultura eta identitatearen transmisioa geldiagotzeko arriskua dago». Behar eta arrisku horiengatik sortu dute 2deo. Datozen hilabeteetan jarriko dute martxan laborategia, Donostiako Tabakaleran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.