Oposizioak dio ekoizpen etxeen adjudikazioak ez direla gardenak

ETBko zuzendariak esan du ekoizpen etxe guztiek dituztela aukera berberak. Aurkezleen arabera jo ohi dute enpresa batera edo bestera

ETBko zuzendari Edu Barinaga Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeetako ordezkariek kritika bera plazaratu zuten atzo EITBren kontrol batzordean. «Talde guztien kezka da ekoizpen etxeen adjudikazioan ez dagoela gardentasun nahikorik. Ekoizpen etxe batzuk joan izan dira proiektu batekin ETBra, ezezkoa jaso, eta proiektu bera beste enpresa batek jarri du martxan gero», esan zuen Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak. Elkarrekin Podemosek egin zuen ETBko zuzendariaren agerraldi eskaera. Talde horretako ordezkari Lander Martinezek salatu zuen ez dagoela gardentasunik saioen adjudikazioan, eta, horrekin lotuta, hainbat galdera egin zizkion ETBko zuzendari Edu Barinagari. Irizpideez eta erabakiak hartzen dituzten pertsonen inguruan galdetu zion. Barinagak jakinarazi zuen «gehienez bi hilabeteko epean» irizpide guztiak EITBren webgunean plazaratuko dituztela, kontratazio azalpenekin.

PPko legebiltzarkide Nerea Llanosek esan zuen 2017. urtean Baleuko ekoizpen etxeak 30 adjudikazio izan zituela, eta, Prime Time Mediak, hemeretzi. Gogorarazi zuen Barinagak akzioak zituela Baleukon, eta ETBko zuzendariak erantzun zuen akzio guztiak langileei saldu zizkiela. Nabarmendu zuen ekoizpen etxe batzuek espezializazioak dituztela, eta, adibidez, Baleuko erreportajeetan espezializatuta dagoela.

Barinagak esan zuen ekoizpen etxe guztiek dituztela aukera berberak: «Guztiek aurkez ditzakete proiektuak. Denak jasotzen dira, eta denei erantzuten zaie. Aukera berdintasuna dago». Minutu batzuk lehenago, edonola ere, azaldu zuen edozein ekoizpen etxek ez duela balio edozein formatu egiteko: «Batengana edo bestearengana jotzeko orduan, bakoitzaren ezaugarriak begiratzen dira. Parametroak ez dira bakarrik gardentasuna eta konkurrentzia».

Rafaela Romero PSE-EE kritiko mintzatu zen gaiarekin: «Ez zaigu gustatzen egungo kontratazio eredua. Ez da berdintasuna bermatzen. Bestalde, saio jakin batzuk ez lirateke esternalizatu behar, eta ETBko langileek egin beharko lituzkete».

Bi telesail berri ETBrako

Aukera berdintasuna zalantzan jar dezakeen irizpide bat azaldu zuen Barinagak: «Zenbaitetan, ekoizpen etxe bat kontratatzen dugu, aurkezle bat lotua dutelako. Aurkezleen arabera ekoizpen etxeetara jotzea normala da. Gu ez gara arraroak. Beste kateetan gauza bera egiten dute». Azalpenetan, behin baino gehiagotan Atresmedia eta Mediaset komunikazio taldeak aipatu zituen Barinagak. Eta Martinezek gogor egin zuen haren aurka: «Agerian utzi duzu zuen borondatea kate pribatu jeneralistak imitatzea dela. Eta ETB publikoa ez balitz, ez zenuke karguan jarraituko».

ETBko zuzendariak azaldu zuen urtero hiru pitching —ekoizpen etxeek saioak aurkezteko topaketa— irekiak egiten dituztela. «Proiektuak jasotzen dira, saioen batzordeak aztertzen ditu, eta hautatuak direnak lantzen dira». Estarronak salatu zuen ez dela pitching horien publizitatea egiten. «Eta ez dakigu ekoizpen etxe guztiei gonbita zuzena egiten zaien». Barinagak azaldu zuenez, ETBko arlo buruak egoten dira formatuen aurkezpen horietan. «Azken erabakia ETBko zuzendariaren, programen buruaren, programazio arduradunaren eta ekoizpen arduradunaren esku gelditzen da». Proposamenen irizpideak honako hauek izaten direla gaineratu zuen: «Originaltasuna, bideragarritasuna, interes komertziala, planteamendu multimedia eta lehiakorra izatea beste kateen eskaintza aintzat hartuta». ETBk ikus-entzunezko sektorearekin duen harremana «funtsezkotzat» jo zuen: «Sentsazioa dut harremana ona dela. Akatsak egingo ditugu, baina denek bezala».

Barinagak, agerraldiaren amaieran, iragarri zuen aurten gaztelaniazko telesail bat egingo dutela ETB2rako, Telemadrid katearekin eta Mediapro ekoizpen etxearekin elkarlanean. «Era berean, duela bi aste topaketa bat egin genuen, eta bi proiektu eskatu genituen: Olentzerori buruzko telefilm bat eta euskarazko telesail berri bat ETB1erako».

Bestalde, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak esan zuen irratietako lan erregulazioko txostenaren auzia itxita dagoela eta epai guztiak EITBren aldekoak izan direla —Elkarrekin Podemosek galdetu zion gaiaz—. PPri erantzunez, goizaldeko musika saioen auzian EITBko inork ez duela iruzurrik egin azaldu zuen, eta auziak luze joko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.