Albistea entzun

Lehman Brothers erori zela hamar urte

Tsunamia bazetorrela ohartu ezinik

Euskal Herriak lasaitasunez begiratu zion AEBetako finantza krisiari, baina geroz eta seinale kezkagarriagoak agertzen hasiak ziren ekonomia errealaren benetako egoerari buruz.
Juan Jose Ibarretxe, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zela, eta Idoia Zenarruzabeitia, orduko Ogasuneko sailburua, 2008an.
Juan Jose Ibarretxe, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zela, eta Idoia Zenarruzabeitia, orduko Ogasuneko sailburua, 2008an. DAVID AGUILAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 16

Tsunamien arazoa da. Lurrikara gertatu den epizentrotik urrun dagoena ere ez dago hondamenditik salbu. Ohartu ez delako, edo, besterik gabe, arriskua ez zaiolako hainbesterako iruditu, aterpea bilatu ez duena aurretik eramango du olatu erraldoiak. Lehman Brothersen ekaitz finantzario bat tsunami bihurtu zenean, nola erreakzionatu zen Euskal Herrian?

Atlantikoaren beste aldean gertatzen hasi zenari arreta handia eman zitzaion prentsan, baina, ezer baino gehiago, AEBetan bakarrik gertatutako kontu bat balitz bezala begiratu zitzaion. Kezka gertukoak ziren nagusi. 2008. urteko iraileko lehen egun horietan beste albiste ekonomiko batzuk nagusitu ziren: Luxenburgoko Auzitegiak Kontzertu Ekonomikoaren legezkotasunari buruzko epai garrantzitsu bat eman behar zuen, BBK-k eta Kutxak bi erakundeak bateratzeko saioa iragarri zuten, eta ondare zerga kendu edo ez eztabaidatzen ari ziren foru aldundiak, Gipuzkoaren erresistentziarekin.

Ez da etorkizuna erabat oskarbi ikusten zela ere ez. Uztailean, krisi hitza lehen aldiz esana zuen publikoan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak, baina erakunde publikoetako agintariek oraindik ere nahiago zuten «moteltzea» edo «uzkurtzea» terminoak erabili egoera ekonomikoa definitzeko.

Euskal Herrian, Espainiako ajeetatik urrun ikusten zuten askok euren burua, eta ez ziren soilik agintari politikoak. «Ez daukagu daturik esateko euskal enpresak krisian daudela», esan zuen Damaso Casado UGTko idazkari nagusiak, Lehman erori zen aste berean.

Eusko Jaurlaritzak gutxi aldatu zuen gidoia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia urtean %2,6 haziko zela iragarri zuen Idoia Zenarruzabeitia Ogasun sailburuak. Ordurako Espainiako Gobernuak hazkunde aurreikuspena %1era murriztua zuen, eta Europako Batzordeak, %1,6ra. Konfiantza agertu zuen Zenarruzabeitiak, ordea. «Krisian askoz hobeto eusten ari gara, eta gehiago hazten ari gara horri esker», argudiatu zuen. Confebask patronaleko buruak, Miguel Lazpiurrek, zalantza gehiago zituen, ordea: «Ez dut esan nahi lortuko ez denik, baina uneotan guk ez dugu garbi ikusten».

Jaurlaritzaren eta patronalaren arteko liskarra geroago berotu zen. Araban piztu zen sutea. Enpresei egindako inkesta baten emaitzei jarraituz, herrialdeko patronalak, SEAk, etorkizun apokaliptiko bat marraztu zuen, enpresen itxierekin eta erregulazio dosier «masiboekin». Erakundeen lidergo faltarekin ere kexatu zen. Gobernuari ez zitzaion gustatu. «Tremendismoa» leporatu zion SEAri Miren Azkarate gobernuko bozeramaileak. Ogasun Sailaren txosten batek egoera «benetan den baino okerrago» aurkeztea egotzi zien, «herrialdearen martxa ona ez bestelako interes batzuk gidatuta».

Datuetan sostengua

Ordura arte ekonomiak izandako emaitzetan bilatu zuen Jaurlaritzak bere iritzirako sostengua. Egia da 2008. urteko bigarren hiruhilekora bitarteko datuek ez zutela margotzen horren argazki iluna. Abuztura bitarte erregulazio dosier kopurua aurreko urtekoa baino txikiagoa izan zen, eta udan enplegu sorrera indartsua izan zen, bereziki Araban.

Haatik, tantaka, lehen seinale kezkagarriak azaleratzen hasi ziren. Fagor, Egoki, ITP eta Sidenor enpresa ezagunek lehenbiziko dosierrak eta murrizketak iragartzeari ekin zioten. Urrian, gainera, ezuste desatsegina jaso zuten gobernuak eta aldundiek. Zerga bidez urtean bildu beharreko diruaren aurreikuspenak pot egingo zuela onartu zen: 730 milioiko zuloa aurkitu zuten, enpresek pagatzen duten sozietate zerga amildu izanaren ondorioz.

Eusko Jaurlaritzak bere koadro makroekonomikoa berrikusi, eta hazkunde aurreikuspena jaitsi zuen aurrekontuak egiteko. Haatik, atzeraldirik ez zela egongo eta enplegu beteari eutsiko zitzaiola kalkulatu zuen. Beste erakunde publikoei gertatu zitzaien bezala, sakontasuna ikusi ezinik geratu ziren Hegoaldeko gobernuak. Kutxen Federazioaren konfiantza adierazleak besteko egoera iradokitzen zuen. 1994. urtetik daturik txarrena zekarren 2008ko bigarren azterketak. Herritarrek olatua zetorrela eta uraren maila gora egiten ari zela sentitzen zuten.

Gerta daiteke berriro?

Wall Street hil zenekoa

«Ez zen arazo bat merkatu batean; kataklismoa orokorra zen»

Mundua astindu zuen krisiaren kronologia

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...