Bi klubek Bernabeun jokatu nahi dute finala

Julen Etxeberria.
2015eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako finalak aspaldi du eguna: maiatzaren 30ean jokatuko da. Non jokatuko den, ordea, zehazteko dago, eta, ohiturari jarraituz, saltsa dago horren inguruan. Athleticek eta Bartzelonak Madrilen jokatu nahi dute, Santiago Bernabeun. Espainiako Ligan ikusle gehien sartzen den estadioetan bigarrena da: 81.000 ikusle. Camp Non bakarrik sartzen dira gehiago, 90.000 pasatxo, baina Bartzelona finalean izanda, ez da aukera erreala.

Athleticek eta Bartzelonak Bernabeun jokatu nahi dute, baina Real Madrilek ez du nahi, eta jada aurreratu du Real Madril B-k Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa jokatuz gero, Bernabeun jokatuko lukeela finalaren asteburuan. Orain hiru urte ere Athleticek eta Bartzelonak Bernabeun jokatzea eskatu zuten, baina Real Madrilek ezetz esan zuen, komunak konpondu behar zituela argudiatuta. Azkenean, Madrilen jokatu zen finala, baina Vicente Calderonen. Aukera hori, ordea, baztertuta dago, maiatzaren 31n, finala jokatu ondorengo egunean AC/DC-k kontzertua eskainiko baitu bertan. Arrazoi beragatik ezin da jokatu Bartzelonako Olinpiar estadioan ere. AC/DC-k finalaren bezperan joko du bertan. Valentziako Mestalla (50.000) eta Sevillako La Cartuja (60.000) dira beste aukerak. Orain sei urte Mestallan jokatu zuten bi taldeek.

Bestalde, Javier Tebas LFP Espainiako Liga Profesionaleko lehendakariak atzo ohartarazi zuen Espainiako ereserkiari txistu egiten dietenei jazarriko zaizkiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.