Kontrako bi indarren talka

Athleticek eta Alavesek zazpigarren postua izango dute jokoan gaur, San Mamesen. Bizkaitarrak sasoiko unerik onenean iritsiko dira, eta arabarrak, berriz, txarrenean

Raul Garcia, Alavesek eta Athleticek lehen itzulian Mendizorrotzan jokatutako norgehiagokan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Fisika eragiketa baten itxura izango du gaur Athleticek eta Alavesek jokatuko duten derbiak. Izan ere, kontrako bi bektore edo indar gurutzatuko dira San Mamesen. Gaizka Garitanok erabat aldatu du behera begira zegoen geziaren norabidea, eta orain, talde zuri-gorriak goranzko joera irudikatzen du. Alavesi, ordea, kontrakoa gertatu zaio; gozo-gozo ibili zen lehen itzulian, baina gain behera joan da geroztik. Bada, bizkaitarren eta arabarren arteko talka erabakigarria izan daiteke Europarako sailkatzeko borrokan.

Athletic zazpigarren dago, eta postu horrek, ziur aski, Europa ligan aritzeko aukera emango du. Hala ez izateko, Valentziak lehen zazpi postuetatik kanpo bukatu beharko luke. Hori bai, bide horretatik sailkatzeak traba bat dakar: hiru kanporaketa gainditu behar dira ligaxkara iristeko, eta sasoia uztail amaieran hasteak ordaina ekartzen du gerora. Hori bere larruan bizi izan zuten zuri-gorriek iragan denboraldian. Hala, ahal dela, sailkapenean koska bat igotzen saiatuko dira. Aukera badute oraindik, hiru puntura baitute Valentzia. Gaur aurrerapausoa ematen saiatuko dira, etxean Alavesi irabazita.

Garitanorenek inertziaren indarra baliatu nahi dute. Ikusgarria da izan duten gorakada: jaitsiera postuetan zeuden 17. jardunaldiaren ostean, eta, lau hilabete geroago, Europarekin egiten dute amets. Derioko teknikariak izaera irabazlea txertatu dio taldeari, eta orain, gaizki edo distirarik gabe jokatuta ere, irabazteko gai da; horren erakusgarri da, urruti joan gabe, azken jardunaldian Leganesen (Espainia) irabazi izana. Gainera, Athleticek gotorleku bihurtu du San Mames: bertan ez du galdu Garitano aulkian denetik, eta hiru garaipen daramatza erreskadan. Gaur laugarrena kateatzen ahaleginduko da.

Garitanok argi du «partida zaila» izango dela. «Asko kostatuko zaigu irabaztea, Alaves sasoi bikaina ari baita egiten. Irabazten saiatu behar dugu, eta lortzen badugu, beste urrats bat egingo dugu. Europarako sailka gaitezke, eta saiatuko gara hori lortzen».

Bueltan da Raul Garcia, zigorra bete ondotik. Aldiz, Yeray Alvarez min hartuta dago. Haren hutsunea, ziurrenik, Unai Nuñezek beteko du. Bestalde, litekeena da Oscar De Marcos hamaikakora itzultzea. Mikel Rico, aldiz, deialditik kanpo geratu da. Deialdiko berritasuna, hala ere, Daniel Vivian 19 urteko erdiko atzelari gasteiztarra da.

Alavesen azken aukera

Beheraldi gogorra ari da pairatzen Alaves. Sei partida daramatza irabazi gabe, eta zelaitik kanpo ere garai aztoratuak ari da bizitzen. Iraultza 1921 taldearen aferak bere horretan jarraitzen du, eta asteon jakin da Abelardo Fernandezek ez duela datorren denboraldian segituko. Bada, egoera horren erdian, berriz ere Europako postuen lehian sartzeko azken aukera urratzen saiatuko da gaur. Zortzigarren dago, Athleticengandik hiru puntura, eta beste porrot batek borrokatik kanpo utziko luke. Irabazita, aldiz, berpiztu egingo litzateke arabarren itxaropena.

«Europarako sailkatzea ez da betebeharra, baina amets bihurtu da jardunaldien joanean, eta amaierara arte borrokatuko gara», adierazi zuen atzo Abelardok. Haren esanetan, Garitanorekin «bere esentzia» berreskuratu du Athleticek, «baina ez da gaindiezina». Halaber, azpimarratu zuen gaur zazpigarren jar daitezkeela, eta jokalariak partidaren garrantziaz «jakitun» direla.

Entrenatzaile espainiarrak arazoak izango ditu defentsa osatzeko, min hartuta baitaude Rodrigo Ely eta Guillermo Maripan. Hori hala, Ximo Navarrok jokatuko du Laguardiaren alboan, eta eskuin hegalean Martin Agirregabiria ariko da. Rolan ere minez dago; Pacheco eta Inui, ordea, garaiz osatu dira.

ATHLETIC-ALAVES

Athletic. Herrerin; De Marcos, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; San Jose, Beñat; Williams, Raul Garcia, Cordoba; eta Aduriz.

Alaves. Pacheco; MartinAgirregabiria, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Jony, Pina, Manu Garcia, Brasanac; Borja Bastoneta Calleri.

Epailea. Gil Manzano.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.