Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Eskerrik asko

2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Zeren arabera makurtzen edo lerratzen gara talde baten edo bestearen alde? Izan daiteke gertutasunak eragina izatea. Baliteke ezagutzen dugun jokalariren batenganako miresmenak erabakitzea gure hautua. Zer esanik ez kulturalki eta politikoki antzekotasunak baditugu. Enpatia sortzeko bide ezberdinak daude, askotan arrazoi oso zehatzik ez dutenak barne.

Horrelako zerbait gertatu zitzaidan Belgika eta Japoniaren arteko partidan. Aurreiritziek eransten duten karga ezin arinduta etzan nintzen ohe gainean. Ikuskizun, maila altuko partida baten esperantzatik nahiko urrun.

Hala ere gustura ari nintzen ikusten. Japoniarrak biziak eta langileak iruditu zitzaizkidan, arinak, bere zentzurik gardenenean. Haien aldeko gogoa piztu zitzaidala ohartu nintzen.

Japoniak eguzkiaren sorrera esan nahi omen du; baina gurean maiz gertatzen den moduan, aski da laino bat eguna zapuzteko, eta itzalak argi egiteko. Mingarria iruditu zitzaidan norgehiagokak izan zuen amaiera. Emaitza da garrantzitsuena; hala ere, moduak ere badu bere eragina. Milaka uhartez osatutako artxipelagoa nola hondoratu zen ikusteak zimiko bat eragin zidan ahaleginaren lubakian. Eta Japoniako banderarekin oroitu nintzen. Eguzki horia zer nola aldatu zen kolorez belgikarren gorriak eraginda. Puntu gorri nabarmena japoniarren banderan eta futbol historian.

Eta hara non, biharamunean, zaleen eta jokalarien garbitasunari eta errespetuari buruzko aipamenak irakurtzen hasten naizen. Banengoen ba ni bazela zerbait erakarri ninduena. Ikustekoa da aldagela zein garbi utzi zuten!Eta «eskerrik asko» zioen kartel bat ere bai, errusieraz idatzia. Gure alaba txikiak zioen japoniar denak aurpegiz berdinak direla. Nik ezetz esaten nion, besterik gabe. Orain badakit zer erantzun. Euren artean ez dakit, baina gugandik zerk bereizten dituen irakatsi didate. Arigatou. Gozamasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.