Pastor
DARWIN ETA GU

Beti Izpegi

2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Athletic Bartzelonari Espainiako Superkopan nagusitu eta gero, nostalgiaz beteriko iruzkin bat idatzi zuen irakurle ingeles batek The Guardian egunkariaren kronikaren azpian: «Bilbok toki berezia du nire bihotzean. Lehen lekua / aldia izan zen, atzerrira bakarrik joan nintzena. 80ko urteen erdian bertara joan zen anaia nagusia urtebete pasatzera, unibertsitatetik irten ondoren. Nik bi asteko bisita egin nion hamasei urte nituenean. Asko gustatu zitzaidan. Zikina zen, grafitiz betea, eta intentsitate baxuko independentzia gatazka zegoen. Hiri industriala zen, eta ibaiak berde distiratzen zuen gauez. Baina giroa sinestezina zen. Ruiz Zafon-en eleberri batean bezala, baina Bilbon kokatua. Ez naiz itzuli Guggenheim eraiki zutenetik, eta badut susmo izugarri bat, garbitu eta izorratu duten susmoa».

80ko urteetako Bilbo. Alde zaharra. Mikeldi eta, aurrean, gure bihotzeko lagunen komisaria—«zer duzu poltsa horren barruan? Hustu mahaiaren gainean. Ondo da. Orain lagunengana itzul zaitezke harro eta esan Poliziak atxilotu zaituela»—, Lagunak, K2, Lasai, La Villa, Gaueko, Txokolanda eta hango agur-kanta: «Wie einst, Lili Marleen».

Ia berrogei urte igaro dira gazte ingelesaren bisitatik. Geroztik, gauza asko aldatu dira Euskal Herrian eta Erresuma Batuan. Beste batzuk, ez. Gazte hura Bilbora barik Edinburgora joan balitz, ez zukeen independentziaren aldeko gatazkarik biziko. Eskoziarrek ez zuten 80ko urteetako Londres kezkatzen.

Oso bestelakoa da egungo egoera. Eskoziarren independentzia irrikak Erresuma Batua astindu du. Adierazpen sinbolikoetatik haratago doa, Euskal Herrian ez bezala. Gu nekez goaz aurrera. Alde baten biolentziarik ez dugu, baina beste aldearena hor da, Espainiarena zein Frantziarena. Nafarroan protesta egin zuten asteburuan armada frantsesak Izpegiko pasabidea hartu izana salatzeko. Izpegi hartu eta mugaz bi aldeetako senide eta lagunen arteko harreman naturala hautsi.

Brexit-aren ondoren independentziari buruzko bigarren erreferenduma egin nahi dute Eskozian. Boris Johnsonek bertara joateko asmoa azaldu du. COVID-19aren aroan bidaia beharrezkoa ez dela esan dio Nicola Sturgeonek, gobernuburu eskoziarrak. Johnson Glasgown izan da azkenean, baina galdera ez da alferrikakoa: gure agintariek halako bozketarik onetsiko ez duen presidente espainiarrari aurre egingo liokete horrela, buruz buru?

Koronabirusa unionista dugu hemen. Eskozian beste mutazio bat du, antza. Izan ere, Brexit-a ez ezik, pandemiaren kudeaketa ere ari da burujabetza hauspotzen. COVID-19ari aurre egitea inportanteena dela esan dio oposizioak Sturgeoni —ezaguna da argudioa; birusik ez balego, beste edozer aipatuko luke—. The Times egunkariak kaleratu berri duen inkestaren arabera, Eskoziako eta Irlanda iparraldeko herritar gehienek bozketa bat gura dute Erresuma Batutik bereizteko. Hedabide kontserbadorean agertu denez, gero eta gutxiago dira beren burua britainiartzat jotzen duten britainiarrak. Eta datu esanguratsu bat: ingelesen ia erdiei ez die ardura Eskoziak alde egiten badu: % 28 ez lirateke tristatuko eta % 17 poztu egingo lirateke.

Euskaldunok ez ditugu inkestak alde. Ez hemen, ez kanpoan. Eta gure gobernuen asmoak ez dabiltza norabide horretan. Gurean inork ez du COVID-19aren gaia erabili behar. Bitartean, Izpegiz jabetzen segitzen dute orain, nahiz batzuek, nahiz besteek. Duela 40 urte bezalaxe. Hamasei urteko ingelesa Bilbora etorri zen sasoian, hortxe-hortxe, Erratzutik Baigorrira abiatu nintzen udako egun batean, auto-stopez. Bikote madrildar batek hartu ninduen. «Frantziara» zihoan egun-pasa. Jatorrak ematen zuten, haiek ere gazteak. Izpegira iristen eta, Hegoaldeko aldean, alimaleko kontrolak eten zigun bidea. Guardia Zibila. UAR, Landa Ekintzako Unitatea. Ikusi ahala isildu ginen. Autoa gelditzear zegoela, argia piztu mutilari, eta burua itzuli zuen nigana: «Aizu, poltsa horren barruan ez duzu ezer arrarorik eramango, ezta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.