Beste koska bat igo nahian

Osasuna ezustea ematen saiatuko da gaur, Real Madrilen zelaian. Nafarrek bi aldiz soilik irabazi dute Bernabeun, baina indar betean dira. Min hartuta daude Oier eta David Garcia

Aridane Hernandez, Rober Ibañez, Chimy Avila, Fran Merida eta Roberto Torres, atzo, Sadarren, entrenatzen. IÑAKI PORTO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Osasuna hazten ari da partidaz partida. Lehenik, zimendu sendoak eraiki zituen defentsan, eta, azken hiru lehietan, aurrerapauso nabarmena eman du erasoan. Estilo ausart eta bizia erakutsi du, eta, hala, Espainiako Lehen Mailara modu ikusgarrian igo zen taldearen antza hartzen hasi da. Hori bai, puntuak hirunaka batu ezinik dabil. Aurreneko partidan Leganesi irabazi ostean, berdindu egin ditu hurrengo lau neurketak. Meriturik egin du uzta hobea biltzeko, baina ate aurrean asmatzea falta izan zaio. Gauzak hala, sendotasunari eta distirari eraginkortasuna gehitzen ahaleginduko da gaur, Real Madrilen zelaian.

Irabazi nahi badute, gorritxoek nahitaez uztartu beharko dituzte ezaugarri horiek guztiak. Beste modurik ez dago Santiago Bernabeun sari handia lortzeko. Gorritxoek 37 bider jokatu dute han, eta bitan baino ez dute irabazi. Aspaldiko kontuak dira: 1990-91ko sasoian irabazi zuten aurrenekoz (0-4), eta 2003-04koan bigarrenez (0-3). Gainera, esku hutsik gelditu dira azken bederatzi bisitetan. Alimaleko erronka izango dute gaur, baina, halere, konplexurik gabe helduko diote. Geroz eta sentipen hobeak ari dira igortzen, eta, hirugarren jardunaldian Bartzelonaren aurka erakutsi zutenez, badakite nola idortu talderik ahaltsuenen emaria.

«Azken asteetako taldea» ikustea: horra hor Jagoba Arrasateren desira. Osasunaren teknikariak badaki norgehiagoka «zaila» jokatuko dutela gaur, baina, era berean, taldea «ondo» dagoela dio. Hartara, «ildo horri eustea» gustatuko litzaioke. Gorritxoek bipiltasunez jokatu dute azken lehietan, baina jarrera bera izango al dute gaur? «Txandakatu» egin beharko dutela ihardetsi du berriatuarrak. «Goian estutzeko uneak egongo dira, beste batzuk atzean sartzekoak, eta ahal duguna egitekoak ere bai. Zentzuak dio hala izango dela».

Osasunak bi hutsune garrantzitsu izango ditu defentsako sisteman. Izan ere, min hartuak dira Oier eta David Garcia. Erdilariak kolpea jaso zuen bizkarrean Betisen aurka, eta ez da garaiz osatu. Erdiko atzelariak, berriz, ez zuen astearteko entrenamendua osatzerik izan, oinkada baten ondorioz. Adrian Lopez ere zerrendatik at gelditu da, baina, haren kasuan, «denbora daramalako jokatu gabe». «Aurreko partidan aritu zen, baina ez gaude ohituta hiruzpalau egunean behin jokatzera, eta gure jokamoldeak freskotasuna eskatzen du». Edonola, Arrasate ez dago kezkaturik. «Hutsuneak ez ditut arazo gisa ikusten. Badaude jokalariak hamaikakoan sartzeko prest eta gogotsu daudenak. Berme guztiekin ariko gara».

Real Madril, berriz, Sevillaren aurkako garaipenak hauspotuta iritsiko da. Astindua jaso zuenPSGren eskutik Txapeldunen Ligan (3-0), baina oso bestelako itxura eman zuen Sanchez Pizjuanen. Zinedine Zidanerenak fin aritu ziren talde lanean, eta atzean ez zuten arrakala bat bera izan. Lidergoan dira Athleticekin batera, eta bertan irauten saiatuko dira gaur. Karim Benzema da, oraintxe bertan, espainiarren mehatxu nagusia. Aurrelariak egurrean hasi du sasoia, bost partidatan bost gol sartuta. Ikusteko dago hasieratik ariko den, aldaketak egingo baititu Zidanek.

REAL MADRIL-OSASUNA

Real Madril. Courtois; Carvajal, Militao, Sergio Ramos, Nacho;

Valverde, Kroos, Lucas Vazquez, Bale; Jovic eta Benzema.

Osasuna. Ruben Martinez; Nacho Vidal, Aridane, Roncaglia, Estupiñan; Moncayola, Fran Merida; Ruben Garcia, Brandon, Roberto Torres; eta Chimy Avila.

Epailea. Mateu Lahoz.

Lekua. Santiago Bernabeu (81.044 ikusle).

Ordua. 21:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.