Jokalariek ez dute greba baztertzen, lan hitzarmena adosten ez bada

Lanaldiaren iraupenaren inguruan ez dago adostasunik. %75ekoa izatea eskatzen dute jokalariek; kluben elkarteak, aldiz, %50ekoa

Marta Cardona eta Eunate Arraiza lehian, igandeko derbian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Ez genuke grebara ailegatu nahi. Baina gure baldintzek hobetu egin behar dute. Merezi dugu». Leire Baños Realeko jokalaria hala mintzatu zen atzo, emakume futbolarien Espainiako lehen lan hitzarmenerako elkarrizketen hausturaren inguruan galdetuta. Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalariak egoera azaldu du: «Esaten digute gutxienekora iristeko ez dagoela dirurik, nahiz eta guk aurrekontuak erakustekoeskatu. Izan ere, telebistak eta babesleak tarteko, dirua sartu da klubetan». Tirapuk onartu du erabakia denen artean hartu behar dutela, baina hark ere ez du grebara jotzea baztertu. «Gure eguneroko guztia futbolari lotuta dago, eta jardunaldi osoko kontratu bat merezi dugu jokalari guztiek. Garrantzitsuena ez da dirua, etorkizuna baizik».

Herenegun egin zuten bileran hautsi ziren elkarrizketak. Lan hitzarmena adoste aldera kluben elkarteak eta sindikatuek egindako hemezortzigarrena izan zen. Hain zuzen ere, lanaldiaren iraupenean dago traba nagusia. Kluben elkartea —bertan daude klub guztiak Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik— eta sindikatuak (AFEk du gehiengoa) ados daude gutxieneko soldata gordinareninguruan: 16.000 euro. Sindikatuek, hasiera batean, lanaldi osoko kontratuak eskatu zituzten. Baina jasotako ezetzaren aurrean, eta jarrerak gerturatze aldera, %75ekoak izatea onartu zuten. Kluben elkarteak, ordea, lanaldi erdian jarri du muga:«Hazkunde jasangarri bat bermatze aldera, ezin gara hortik igo».

Urtebete da lan hitzarmena adosten hasi zirenetik, eta soldataren eta lanaldiaren iraupenaren inguruko baldintzak ez ezik, gaixoaldiari, oporraldiari, osasun probei eta irudi eskubideei buruzkoak ere jaso nahi dituzte; baita sexu jazarpen eta haurdunaldi kasuetarako protokolo bat ere.

Lucia, 2022 urte arte

Bestalde, Athleticek atzo iragarri zuenez, Lucia Garcia aurrelariak beste bi urtez luzatu du talde zuri-gorriarekin zuen kontratua. Datorren urteko ekainean amaituko zitzaion, eta 2022. urtera arteko akordioa lortu dute bi aldeek. «Asko eskertzen diot klubari konfiantza. 18 urterekin iritsi nintzen, eta helduagoa naiz bai pertsona eta bai futbolari moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.