Dirudunak, zergak eta uste ustelak

Aberatsenei zergak igotzeak ekonomiaren hazkundeari kalte egin diezaiokeela, inbertsioak galduko direla, enpresak eta jendeak alde egingo duela herrialdetik... Halako argudioen atzean, maiz, oso zuzenak ez diren uste eta intuizioak daude.

Paradisu fiskalak. Zerga ihesari aurre egiteko mundu mailako lankidetza da, baina pauso gutxi eman dira orain arte. Irudian, Bahametan salmentan zegoen irla pribatu bat. PRIVATE ISLANDS / EFE.
Irune Lasa.
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Zerga gehiago pagatzea baino nahiago zuela bere dirua bere gustuko ekintza filantropikoetara bideratzea azaldu zuen toki berean, Davosko azken Foroan, Michael Dellek (Dell Technologies) gaineratu zuen aberatsentzako errenta zerga handiagoak AEBetako hazkunde ekonomikoa kaltetu zezakeela. «Aipa dezakezu horrek [aberatsenentzako tasa marjinal handiak] funtzionatu duen herrialderen bat?», esan zion mahai inguruaren gidariari. «AEBak», erantzun zion Delli ondoan eserita zuenak.

Erik Brynjolfsson MIT Massachusetts Institute of Technologyko ekonomistak xehetasun gehiago ere eman zizkion mahaikide multimilioidunari. «AEBetan 1930eko urteetatik 1960ko urteetara errentaren gaineko zergaren tasarik handiena, batez beste, %78 izan zen, eta, zenbaitetan, %90era iritsi zen. Eta urte horiek oso onak izan ziren hazkunde ekonomikoarentzat». Sare sozialetan esango litzatekeen bezala, zaplaztekoak dardarka utzi zituen Suitzako elurrak, eta oihartzuna Bahametan ere entzun zen.

«Zergak, zergak, zergak»

Davosko azken foroko beste eztabaida batengatik ezaguna egin da Rutger Bregman historialaria. Filantropiaz eta halakoez aritu beharrean, zergei eta paradisu fiskalei buruz hitz egin beharko litzatekeela esan zuen. «Zergak, zergak, zergak», haren leloa.

Aberastasunaren kontzentrazioa eta banaketa desberdin eta desorekatua geldiarazteko modua zergetan ikusten du Thomas Pikettyk ere: errenta zergan eta aberastasunaren mundu mailako zergapetze utopiko batean.

Piketty ez dago bakarrik. Haren eskolakoak dira Elizabeth Warren hautagai demokrataren ekonomia aholkulariak ere. Berez, AEBetan AlexandriaOcasio-Cortezen proposamena izan zen lehenetakoa, eta, kongresista demokrataren mediatikotasuna bitarteko, oihartzun handia izan zuen. Ocasio-Cortezek %70eko tasa nahi luke zergapetu daitezkeen hamar milioi dolarretik gorako irabazien gainean. Gaur egun, tasa %37 da milioi erditik gorako banakoen irabazientzat.

Warrenek proposatu du 50 milioi eta 1.000 milioi dolarren arteko aktibo garbien balioaren %2 zergapetzea urtero; eta %3, hortik gorakoei. Zucman eta Saezen ustez, zergak AEBetako familien %0,1ek ordainduko lukete. 75.000 etxe inguruk, eta hamar urtean 2,7 bilioi dolar bilduko lituzke.

Errenta zerga, sozietate zerga, ondarearen edo aberastasunaren gaineko zerga, oinordekotza zergak, finantza transakzioen zerga... Aberastasuna banatzeko zeerga guztiei topatu dizkiete erreparoak. Baina, kasu askotan, erreparo horiek uste usteletan daukate oinarria, Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko katedradunak argitu duenez. «Gai horri buruz, argudio borroka bat dago, eta hor aberatsenak eraginkorragoak dira. Batetik, jendeak dituen intuizio oso sinple eta okerrez baliatzen direlako; eta, bestetik, baliabide gehiago dituztelako argudio horiek giltzarri diren tokietara helarazteko.

Argudio horietan falazia ugari daudela ohartarazi du Zubirik. «Adibidez, ez omen da etikoa gauza bera birritan zergapetzea, eta errentaren gaineko zergarekin zergapetutakoari aberastasun zerga ezarriz, gero hori gertatzen dela. Ergelkeria bat da hori. Bestela, esan daiteke BEZak ere errenta birritan zergapetzen duela, zuk erosketak egiteko erabiltzen duzun diruak jada PFEZa ordaindu duelako».

Brynjolfssonek Delli esandakoaren ildotik, aberatsei zergak igotzeak hazkunde ekonomikoa moteltzen duela ere ez da frogatu enpirikoki. «Beti diote 'zergak jaitsi egin behar dira, dirua esku pribatuetan utzi, ekonomia mugi dadin'. Ehun duenari zergekin ehun kentzen badiozu, jendeak utziko dio kontsumitzeari, jakina. Baina gogoan izan behar da jasotako dirua kontsumituko duen jendeari eman diozula. Are gehiago, errenta handiko norbaiti 80 kenduta, ziurrenez ez dio kontsumitzeari utziko, eta, aurrezkiak dituenez, azkenean 100 gastatuko dituela. Bildutako diru hori, adibidez, 100 kontsumitu dituen funtzionario bati emango diozu».

EHUko katedradunaren ustez,«ez da egia zergek ekonomiaren eskaera agregatua murrizten dutela; aitzitik, gehienetan, handitu egiten dute. Gobernuek ez dute bildutako dirua zirkuitutik ateratzen, baizik eta gastatu egingo duen jendeari ematen diete».

Beste bi falazia arriskutsu Lafferren kurba ezagunarekin lotuta daudela dio Zubirik. Arthur Lafferren teoriaren arabera, zerga tasa handiek jendea lan gutxiago egitera bultzatuko dute, «ez du merezi horrenbeste lan egitea, erdia zergatan joango bazait» tesia nagusituko baita. «Jakina, norbaiti lan errenten gaineko ehuneko ehun kentzen badiozu, ez dio mereziko lan egiteak», dio Zubirik. «Baina muturreko adibideetatik tasa errealekin gertatzen denera oso alde handia egon daiteke. Gainera, hain zuzen, abera- tsek ez dute soilik diruagatik egiten lana; maiz jarduten dute boterearengatik, prestigioarengatik».

Zergak jaistearen falazia

Lafferren kurba ezagunak dio tasak jaitsita handitu daitekeela zerga bilketa. «Ez da egia. Zergak jaitsi zituzten Ronald Reaganek eta George W. Bushek, eta AEBetan inoiz ez bezalako defizit publikoak bildu zituzten. Espainian, PPk esango du Jose Maria Aznarren garaietan 90eko urteetan zergak jaitsi eta bilketa handitu zela. Baina hori gertatu zen hazkunde ekonomikoaren eta zergen progresibitatearen ondorioz. Zergak jaitsi izan ez balituzte, gehiago bilduko zuketen».

EHUko katedradunak bi arazo ikusten ditu aberastasunaren gaineko zergekin. Arazo normatiboa da bat: «Egia da bai aberastasunaren bai ondarearen gaineko zergetan likidezia arazoak izan daitezkeela. Horregatik, oso inportantea da zerga horiek behar bezala diseinatzea, halako kasuetan moduak egotea jabetza hori edo ondorengotza hori saltzera behartuta ez egoteko».

Deslokalizazioarena da bestearrisku nagusia. Batetik, herrialdeek euren artean daukaten lehia fiskalak bultzatzen du hori, eta, bestetik, jakina, paradisu fiskalek. Zerga ihesaren kontra mundu osoko lankidetza litzateke soluzioa, baina bide hori oso mantso ari dira urratzen herrialde eta erakundeak.

Estatuen aldebakarreko bideak ere badaude. «Erresuma Batuak badu deslokalizatutako enpresen mozkinen gaineko zerga bat. Jende bat joan egingo da, paradisu fiskalak erabiliko ditu, baina horrek ezin du eragotzi zergak ezartzea», uste du Zubirik. Haren ustez, badago tarte bat deslokalizazio nabarmenik izan gabe aberastasunaren gaineko zerga guztiak handitzeko. «Ezer egiten ez badugu, gauzek okerrera egingo dute, demokrazia bera arriskuan jartzeraino».

Bukatzeko, galdera sinplea: zertarako izan behar dute zergek? Ahalik eta diru gehiena biltzeko? Aberatsak zigortzeko? Zubirik argi dauka erantzuna: «Gizartearen helburuak lortzeko. Europan, helburua izan da biztanleria guztiak izatea bizi baldintza onargarriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.