Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Antzinako Musika Zikloa

Ederra beti tentuz

2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Cappella Mariana

Egitaraua: P. W. Grudencz, H. Isaac, J. Tourout, N. Gombert, G. P. Palestrina eta J. Desprezen obrak. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 16.

Antzinako Musikaren Zikloaren azken saioan Txekiako Cappella Mariana ahots taldeak Erdi Aro bukaerako eta Errenazimentu goiztiarreko polifoniak ekarri ditu San Telmo museoaren klaustrora. Bere azken bi diskoetan —Song of Songs (2018) eta Praga Rosa Bohemiae (2019)— oinarritutako programa aurkeztu zuen (izenburua azken horretatik hartu zuten arren), bi mende zeharkatu zituen musika biltzen dituena, aulki guztiak beteta.

Tomas Lajtkep tenorraren kantu garbiak segituan itzali zituen publikoaren marmarrak Petrus Wilhelmi Grudenczen Presulem ephebeatum kanonarekin, rotulum forma duena; pixkanaka, gainerako taldekideak batu zitzaizkion melodia luzean. Haren material tematikoak inspiratu zuen Heinrich Isaacen meza —estilo frantses-flandiriarraen maisuetako bat—, Cappella Marianak ezagutzak dakarren fintasunaz interpretatu zuena, Johannes Tourout eta Nicholas Gomberten moteteak tartekatuz. Credo-an agerian geratu zen Jaromir Nosek baxuaren ahots garbiaren norabidea, Miserere-aren sarreran eta ibilbidean ere nabarmendu zena. Vojtech Semerad tenor eta zuzendari artistikoak, bere aldetik, tinbre goxoaz hornitu eta gidatu zituen melismak eta zuzen pausarazi zituen bukaerako akordeak.

Kontzertuaren bigarren zatia Bibliako Kantarik Ederrenaren testuak hizpide dituzten moteteei eskaini zioten, Giovanni Pierluigi da Palestrinarenak ardatz, eta Isaacen Tota pulchra es garden bat ere sartuz. Kontrapuntuaren garapenean murgiltzeko aukera ederra izan ziren Osculetur me eta Trahe me post te: bisa ere izan zen lehena, eta bost kideak bildu zituen bakanetakoa bigarrena. Emanaldia bukatzeko, eta bere heriotzaren 500. urteurrenean, polifoniaren oinarriak ezarri zituen Josquin Desprez konpositore frantsesaren Stabat mater, Barbora Kabatkova sopranoaren gardentasuna biziki azaleratu zuena. Pizkundea bezalako garai emankorrek bilaketak, ahaleginak eta aurkikuntzak izan ohi dituzte korrelatu gisa, hala musikaren bideetan. Horiek igarotzean, tentuz ibiltzea da erabateko arrakasta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.